Hazparneko Tanerien Ixtorioa

Jakina den bezala, Hazparnek, duela aspalditik,  baditu 770 hektara lur berenak, eta hauetan, haitztegiak,  gaur baino aise gehiago. Oihan horiek,  ametzteiak ziren gehienak. Herritarrek, behingo denboretan,  beren etxeen eraikitzeko baliatzen zituzten zurak. Bainan saltzen zituzten ere zuhaitzak, beren axaletik buluzi ondoan. Erosten zuenak, berak kentzen zuen arbolaren axala eta hau tokian uzten. Herriak bereganatzen zuen ; gero, tanerietako eiheretarat eremana zen. Axal hori ehotzen zuten, eta huntarik ateratzen, Tanoa,  larruapaintzeko  baliatzen zutena.
Taneriak, bereziki, Zelaian eta  karrikan ziren. Taneria eiherak ur erreka bazterretan ziren. Larruapaintzalen ixtorioa biziki zaharra bada ere, hau aipatzen duten idatziak, 18 garren mendetik hunat baizik ez dira. Orduan baitzen  Erregea ohartu, Hazparnen eta inguruetan, larruapaintzale  ainitz bazirela, eta ez zuela huntarik zergarik altxatzen. Beraz, hauek   galdatu  zituen  Hazparneko herriko etxeari. Bainan, Hazpandarrek,  mila estakuru pentsatu zituzten,  erregeari sinestaratzeko, larruapaintzalegotik ez zutela   diru guti baizik  egiten ; larru  ainitz Españarat saltzen baitzuten, eta komertsio huntan,  kontrabanda ere baizitakeen, hau ez zitaiken gauza aisea zenbakitzeko.
 Zenbeit urte iragan ziren horela, galde erantzunka.  Erregearen izenean,   probinziako arduradun haundi batek  galdatzen zuen  zerga pagatzeko orde, larruapaintzalek  proposatu zuten hautsi mautsi bat :  urte oroz, 2 000 liberako  abonamendu baten ordaintzea. Hau onartuz,   erran ere zuten Erregeari,  saltzen zuten larru bakotxeko galdegin  zerga baino gehiagokoa zela eskaintza hau. (erran gabe doa, deklaratzen zituzten  saltzetaz mintzo zirela).
15 urtez ari izan ziren eztabada huntan trinkatu gabe. 1766-eko irailaren 23-ko, inguru hauetako  biltzar nagusi batean,  erabaki zuten abonamendu hori pagatzea, bainan, azpimarratuz,  larru finituentzat zela bakarrik, erran nahi baitu, larruak galdatzen duen lan guziak egin ondoan, pagatzeko izanen zen abonamendua. Hori onartuz,  larruapaintzalen  lanak,  arbol axalen erostetik, tanoaren ehotzetik, lantze guzien ondotik eta saltzea arte, herritik kanporat saltzea barne, abonamendu hortan sartzen zela gehiagoko zergarik gabe. 1768-ko urtean,  Erregearen ordezkariek deitzen dituzte larruapaintzale nagusiak,  Baionara,  biltzarre batetarat. Bernard Fagalde, Hazparneko Auzapezak,  bera  taneria haundienetarik baten jabea zenak, erantzun zion idatziz : «   Tanerietako nagusi bat ere ez dautziete etorriko Baionarako biltzarre hortarat,  ezen, denak, Iruñako ferietan izanen baitira ».
Taneriako  nagusi  saltzaileak guti ziren Hazparnen ; hauek, lana emaiten zuten etxalde ttipietarat eta han egiten ziren larru lan gehientsuak. Urkoiko auzoan,  baziren larruapaintzale  bereziak, « Chamoiseur », deitzen zirenak, frantses erdaran.  Larru   fineagoa lantzen zuten hauek : ahuntx basen larruak. Lan berezi hunentzat,  ur erreberritze haundia behar zen, eta hau,  garbi garbia ; badakigu, toki hortan, Utsutik beheiti heldu den ur erreka, ezin garbiagoa dela, eta beraz, lan hortako egokia ere. Gainerat,  Angleterratik heldu zen arrain olioarekin tratatuak ziren  larru berezi horiek.  
Ordu haietarik eta zenbeit urteren buruan, Frantziako iraultza etorri zen, eta berriz, eztabadak sortu ziren, bai larruapaintzalen  eta bai zapataintzaren gaietan. Paper batzuetan  irakurtzen ahal da, Baionako arrondizamenduan , Hazparnen, Kanbon, Luhoson eta Ezpeletan, eta oraino  bertze toki batzuetan, taneria ainitz badirela  eremuetan berduratuak, eta bertzalde, hauek, laborantxan ere  ari direnak. Errana da, laborantxak ez diotela mozkin ainitz ekartzen, eremuak  menditsuak  baitira ; lur hauetarik ez dutela beren herrietako biztanlen hazi beharraren  laurden bat, edo hiruetarik bat, baizik fornitzen. 
Idatzi beretan irakur ditaike, Lapurdik, lantuak ez diren  larru ainitz igortzen dituela Espainiarat. Hauk, berriz salduak dira lantu ondoan, soineko bezala, palto ala galtz moldean. « Espainiarekin komertsioa geldiarazten  balitz,  herri hau  errekarat juan litaike, eta ondorioz, hemengo jendea bertze erresumetarat juaiterat bortxatua litaike»,  zion Baionako komertsal ganberako arduradunak idatzi batean. 1793-ko urtean, Konbenzioneko lege batek zion : « Denen lan iturria lagundua izan behar  da, eta  behar da ere,  Hazparnen,  zapataintzan ari direnen zerrenda bat egin. Hazparneko lau auzoetan,  bakotxetik bi gizon  hautatu behar  dira lan  hunen egiteko ». Hau egin ondoan, zapatain guziek behar zituzten,  legez manatua zen araberan,  zapata zenbaki  berezi bat egin egun bakotx. Gero, zapatak ere egiten dituzten taneriek,  behar zituzten  zapatak egin, Pireneetako armadarentzat.
Taneria eta zapataintzan ari diren hauek, 13 ziren  Hazparnen .  Orduko zapatainek,  8 edo 10 sos irabazten zituzten egunean. 19 garren mendean, taneriak desegiten hasi ziren. Larruen saltzeak, Herriko Etxearen sartzeko gelan egiten ziren,  merkatu egunetan .
1857-ko  urtean,  lau taneria baizik ez ziren gelditzen Hazparnen: Branna, bi  Broussain, eta Narcisse Choribit. Hauek, nekez heldu ziren 20 garren menderaino, eta gero, gelditu ziren. Mende hunen hastapenean, Elektrika eman zuten Hazparnen, eta huni esker, zapataintza goiti abiatu zen azkarki. 1902-ko urtean, sei lantegi kausitzen ditugu  Hazparnen : Amespil eta semeak “Patrundean”, Amespil Xalbat “Fourkadenian”, Josep Daguerre “Ortesenian”, Landarretche “Bil Xokon” eta Hiriart-Urruty “Etchegorrian (Pattotean)” abere portuan. 14eko gerla bukatu zenetik, zapateria hauek azkartu ziren, eta denek lantegi berriak egin zituzten. 1967 urtetik aintzina, zapateriak ere desegiten hasi ziren. Gaur, ez da zapatainik zapataintzan ari denik Hazparnen.
 


Elektrikaren Emaitea,  Hazparneko Herrian

Morroxko, Saint Martin Harriague Auzapez zen denboran, 1890-ean hasi zen Hazparneko Herriaren elektrifikatzea. Bainan, Hazparneko karriketan,   argi batzu baziren jadanik 240 urte lehenago, 1650 ean. 
 Idatzi  zaharretan,  lehen aipua urte hortako paperetan irakurtzen da. Beraz, 17garren mendean, Hazparneko konduetan ikusten da: "Lanterna pizle" bat bazela, herriak pagatzen zuena; reberberak pizten zituen karrikan,  iguzkia itzaltzen  zenetik.  Urte  hortan berean,   Elizako  lanpendako,   olioa, inkantean erosten zen ere; gutienik pagarazten zuenari hartzen zuten urteko olioa.  Erramu egunetik, bertze urteko Erramuetaraino bali zen tratua. Adibidez, 1720 an, Pierre Hiriart delakoak,  zuen argitzeko olioa saldu,  ondoko urteko Erramua arte.  1867 an, Herriko konduetan ikus ditaike, argitzeko lanterna batzuen erosketa bat izan zela. Pariseko, Léon Luchaire lantegiaren izenean ordainduak izan ziren hauek : 5 lanterna  konsola kobre gorrizkoak ziren,  hiru alderditarat argitzen zutenak, eta hauekin, 500 mitxa luze kondatuak ziren; orotarat, 464 franko gosta izan zen  erosketa hau.   
1870 ean, eta ondoko 10 urtetan, hasi ziren egiten  lehen dinamoak,  eta lehen transformatorrak.  1890 ean,  « Morroxko »-k erabaki zuen,  elektrika egiteko tresna berri horietaz jabetzea, eta Hazparneko Herriari elektrikazko argia emanaraztea. Handik eta 4 urte barne,  François Clavier zozietateari eman zuten elektrika hedatzeko konzezioa.
Elektrika egiteko lehen gunea izan zen, Elhiarreko Eihera. Huntan, turbina bat bazen hiru dinamorekin, eta 120 anpera fornitzen zuen. Zozietatearen  zantrala, Hazparneko karrikako Fourkadenian zuten. Bi  adarretan partikatua zen elektrika bidea: bat,  Herriarentzat, eta bertzea, partikularrentzat. Elektrika hori ukaiteko,   Herri zentrotik 800 metra inguruan behar zen izan, eta ez urrunago. Errana zen ere, karrikako argientzat, behar ziren lanpen indarrak zoin behar ziren :  5-10-16 eta 32 boujiakoak; orotarat, 1 600 boujia. Herriko etxean ezarri  zuten tresna bat, -Voltmètre- deitua; hunek neurritzen zuen behar arau  argiaren indarra.
Karriken argitzea, iluntxian hasten zen, eta gauerditan hiltzen zituzten argiak, bainan, 12 lanpade gelditzen ziren bizirik gau guzian.  Bertzalde, Herriko eta   Eguberri  pestetako gauetan,  argiak pizturik ziren gau guzian  eta elektrika kitorik .
   1897 an,  François Clavier zozietateak saldu zuen konzezionea, Jean Claroux zozietateari, 27 100 frankorentzat. Bainan, zozietate hunek, gero eta neke haundiagoak kausitu zituen, segidako elektrika beharraren furnitzen.   Ondorioz, erabaki zuen, Altxuko errekan ur gelditze baten eraikitzea (Barraja bat). Hunen egitea, ainitz  gosta baizakon,  herriari galdegin zuen parte baten pagatzea. Herriak, diruz lagundu zuen zozietatea,  barraja horren egiten.    
1902 an, Josep De Heriz, Elhiarreko nagusiak, Hazparneko elektrika konpania  sortu zuen, eta Claroux zozietatea erosi zuen,    hunen konzezioa eskuratu zuen. Hazparneko elektrika konzezio berri huntan  barne ziren :  Josep De Heriz,   Jamattit  Elissagaray,  Pierre Broussain eta Albert Detchart. Hauen zozietatearen zentroa   "Jaureguizaharra" zen, Pierre Broussain-en etxea, gaurko Posta lekua.  267 500 frankotan erosi zuten.  Kasik, 20 urtez gauzak ongi juan ziren horela, bainan, 1920 an,  Hazparneko elektrika zozietateko buruzagi berriak,  Darricau jaunak, galdatu zuen elektrika saria  altxatzea, ezen hau ez baitzen mugitua 25 urte hartan.  80% ez goititzea nahi zuen, ez baizen guti ! 
Kontseiluak errefusatu zuen, eta auzitan sartu ziren ; hunek, lau urte iraun zuen. Anartean, mekanika asko sartu zen zapataintzako lantegietan, eta elektrika are  behartsuago bilakatu baitzen, hautsi mautsi batekin   trinkatu zuten auzia, eta Darricau jaunak, ardietsi zuen emendatze haundi bat.
1925 -eko urtean, «  Hydro-Electrique des Basses Pyrénées » zozietateak, Urkoin, transformatore bat eraiki zuen, eta,   Urkoin, Paxkoenian, Zelaian  et Sohanon, elektrika ukan zuten.  1927 an, Hazparneko elektrika zozietatea gelditu zen, eta hau « Hydro-Electrique des Basses Pyrénées » zozietateak hartu zuen.  1930 ean,  Jean Lissar Auzapezaren denboran,  " Syndicat intercommunal d'électrification du secteur est de Hasparren"  sortu zuen ; elektrika ez zuten kartieren fornitzeko eta ere zenbeit  auzo herri batzuentzat. Haindik eta sei urte barne, Hazparnek orotan   elektrika bazuen.     
 Ohar bat : 1898 an, elektrikako langile batek, Jean Sarthou izenekoak,  izenpetu zuen, langile kontratuan idatzia zen : « Herriari argiaren fornitzerat engeiatzen naiz,    hunek argirik ukanen  ez duen  lehen aldian, 10 franko kenduko dautate  jornaletik ; bigarren aldian, 15 franko, eta hirugarren aldian, 20 franko, eta kanpoa ukanen dut,  gehiagoko  eskubiderik gabe». Bixtan dena, hau langilearen falta zenean bakarrik, ezen, ortzi eta  panak bazitaizken orduan ere segurki.
 


2013 Abenduaren 22an : « Herriko Ostatuak »

Egun aipatuko ditugu, Hazparneko ostatuak. Lehengo denboretan, ausagailu guti zen denboran, ostatua zen jende biltzeko toki bakarra. Astearen artean, jende guti biltzen bazen ostatuetan, igandetan eta merkatu egunetan, mukurru betetzen ziren. Hor, jokoan ala birleta ari ziren gizonak ;  ezen, ordu haietan, emazteek ez zuten eskubiderik ostatuetan sartzeko, nun ez zen, jatetxetan. Ostatuetan kurritzen ziren berriak, gezurrak eta egiak. Orokorki, omore onean eta adixkidantza hoberenean iragaiten ziren ostatuetako denboraldi horiek ; bainan ez beti, eta urrunago ikusiko dugu, zenbeit kataskaren ondotik, 1755 urtetik goiti, ostatu horietako eskubideak aldatu zirela,  igande eta merkatuentzat bereziki.
Louis XIV garren-ak erabakiz,  merkatuak bi astetarik egiten ziren Hazparnen,  eta egun horietan, zernahi jende etortzen zen Hazparneko merkaturat. Erran dugun bezala, ostatuak mukurru betetzen ziren. Zer edateko? : gehienik, ardoa, frantsesa  eta Nafarroakoa, bainan ere, xipixter deitzen ziren aguardinta mota batzu, bai eta  ere, Byrrh, Quinquina eta holako edari batzu. Geroxago hasi zen,  edari anizatuen  edateko ohidura. Laborariek, etxeko ardoa egiten zuten,  bainan hau, ardura, arno mehe minarretsua zen, eta merkatu egunetan arno onetik artzea ez zaioten  hastiro. Merkatu egunetan, gaua arte egoiten zen jendea ostatuan, eta maiz,  kantuz errepikan bukatzen ziren egun alaitsu horiek.
 Zapateriak eraiki zutenetik, ostatuen arrakasta haunditu zen oraino, eta ostatu horiek,  46 ziren, berrogoieko gerla aintzin: Karrikan 28 ostatu ziren, 4 Hazketan, 1 Minhotzen, 4 Zelaian, 3 Urkoin, 2 Labirin, 2 Elizaberrin, 2 Pegnan. Beraz, orotarat, 46 ostatu ;  5 000 jende zen herriarentzat, ez baita guti.
Goraxago aipatu bezala, gertakarien arauka, ostatu horien araudiak, edo eskubideak, mugatzen hasi ziren. Hala nola, 1755-eko irailaren 8 an, Jean Bidart Pitxartei, Auzapez zelarik,  abisu hau kurri arazi zuen: " Ostalerak, herriko etxeak manatu eginbidetarik aldatzen badira, Erregearen prokuradoreari salatuak izanen dira, edo, Amou-ko Markisaren ganik soldadoak galdatuko ditugu, hutsean den ostalera preso altxaarazteko ".
1763-ko urrian aldiz, Jean Hiriart Ihitz, Auzapeza eta, Jean Baptiste Amou-ko Markisa, abisatuak izan dira, Hazparneko ostalerek, edaterat emaiten zutela, Meza  eta elizkizun denboretan, bai eta ere, gauaz aise berantegi. Gainerat, ostatu horietan, debekatuak diren joko ainitzetan jostatzen direla. Ondorioz, ostalerak manatuak izan ziren, elizkizun orduetan, ostatua hestea, eta aratsetan tenorez hestea ere : 9 tan udan, eta 8 tan neguan, aratsetako ezkilaren ondotik berehala. Elizkizun denboretan, Herriko arduradunak ostatuetan pasatuko dira, ikusteko, erabakiak errespetatuak direnez ; hala ez balitz, jokolariak, edaleak eta ostalerak, preso altxatuak izanen dira, gaztigu saria ordaindu arte.
Urte bereko abendoan aldiz, ageri hau irakur ditaike Hazparneko paper zaharretan: " Gaztigu zergetarik bildu dirua, herriko beharduneri partikatua izanen da". Ondoko urtean, Richelieu Dukearen manuz, lo gela edo egoitzak aloiatzen dituztenak, beharko dute liburu batean idatzi, aterbetzen dituzten kanpotiarren izenak, ofizioak, pasaporta eta bertze xehetasun larrienak. Zerbeit arrangura balute jende horieri buruz, hauek,  salatu beharko dituzte herriko arduraduneri.
Ostaleren araudiak berriz moldatu  zituzten, 1765 garren urtean. Idatzia zen : « Jokolarier sesitu diruaren  hiruetarik bat, Erregearentzat izanen da ; hiruetarik bat sesitzailearentzat, eta hiruetarik bat, pobreentzat. »
Horela, 1792-arte,  urte oroz, zerbeit gaztigu gehiago emendatzen zuten jokolarien kontra, eta ostaleren kontra ; hauek, elizkizun denboretan edaterat emaiten zutelakotz, edo berantegi hesten et abar. Ots! Legearen errespetaraztea neke zen, eta gaztiguen gatik, bai ostalerek, bai jokolariek, berdin segitzen zuten  beren ohiduretan.
Urte berean, loteriak ere debekatuak izan ziren. Frantziako iraultza hasia zen, eta jende elgarretaratze guziak debekatu zituzten, pestetan eta ostatuetan biltzea. Egun guziak laneko egunak bilakatu ziren. Bainan, hemen ere, gauzak berdin segitzen zuten, ezen, ageri baten arabera, Elizaberrin, Trinitateko igandearekin, pilota partida bat egin zuten, eta, ostatua mukurru betea zen. Jandarmak etorri ziren, eta ostalera preso altxatu. Hatzeman zituzten guziek, gaztigu zergak ordaindu behar ukan zituzten.
1800 garren urtetik aintzina, gauzak gaixtandu ziren ostatuetan. Ohointzak eta jende hiltzeak ere izan ziren. Errana izan zen, aita familiako askok, gaua ostatuetan pasatzen zutela. Ondorioz, debeku guziak, berriz errespetarazi zituzten. Haatik, joko batzu haizu ziren, kartak, billard, domino, dames, jokoak. Ordutik, ostatu zenbeit, joko guneak bilakatu ziren, nola, Gaskoïna ostatuan, muntatu zuten, " Cercle du progrès". Joko debekatuak gelditu ziren : baccarat, lansquenet, trente et un, trente, eta, quarante, chemin de fer, quinze, pharaon, la roulette, eta hauen iduriko bertze zenbeit.
1907 garren urtean, Pierre Broussain Auzapeza hasi zen, alkolismoari mendekatzen. Herriko etxe publikoen hurbil, 40 metra inguruan, ostatu berri baten idekitzea debekatu zuen.
 


“Hazparneko Plaza Karkana” 

Hazparneko plaza nagusia, duela aspaldi, “Plaza Karkana” deitzen zen. 1935- eko agorrilaren 4 an, "Place Verdun " bataiatu zuten,  oraino  usuenik  deitzen  dugun "eliza aintzineko Plaza » hori, edo  erdaraz « Place de l'église ».
1950- a arte, nunbeit han, Plaza horri erraiten  zen  “ Plaza Karkana”! :  Plaza karkanan gertatua da hori !  edo,  Plaza karkanan ikusi ditugu kaxkarotak dantzan ihauterietan … Bainan, zertako "Plaza Karkana" izen bitxi hori?
Frantziako Iraultza aintzin, Herriko hautetsi eta juratoeri zoan, legez kanpo ibiltzen zirenen gaixtiginen gaztigatzea,  ez gaixtagin haundieri zoazin auzien egitea, bainan,  ohointza eta bertze egitate txar batzuen egileen punitzeko eskubidea zaukaten.  Adibidez, hau deitzen zuten "La basse justice" edo, “lehen maileko Justizia”, tokian berean trinkatzen zena.
    Hobendunen gaztigatzeko, herriko gizonek bi ibilmolde baliatzen zituzten gehienik. Lehena, presondegia: Hazparnen izan dira presondegiak, bat Herriko etxean, 1955- an  desegina izan dena; bertze bat, Kaserna deitu jandarmerian, eta geroztik, Hazparnen, jandarmeriak  izan diren 11  toki desberdinetan.
Herriko paperetan irakurtzen ahal da, preso altxatua izaitea,  biziki usu gertatzen zen gaztigua  zela.  Ardurenik merkatu egunetan moxkorrak joka ari ziren, eta presondegirat altxatzen zituzten, gehiagoko auzirik gabe; nola ere, ohoinak eta  buhamiak deitzen zituztenak. Funtsean, deus guti aski zen presondegirat altxatua izaiteko,  ezen, 1675-ean, Baionako Du Crocq jaunak, Hazparneko parropiari, (ordu heietan ez zen Herria erraiten bainan Parropia), 2000 libera prestatu zituen ; diru hori  gibelerat ezin ukanez, presondegirat altxaarazi zituen zazpi Hazpandar, Baionako karriketan goxoan ibilki zoalarik, nehori minik egin gabe, eta auzi huntan, deus ikustekorik ez zutenak. Hauek, preso egon ziren, Hazparneko hautetsiek zorra bere intresarekin ordaindu arte. Gainerat, preso egon ziren denboran, janari eta gastuentzat gosta izan zena ere ordaindu behar ukan zuen, Hazparneko Herriak.
Bertze adibide bat, 1678- an, Harana auzoko Jurate bat juan zen Bastidarat, Hazparne eta herri horren artean zen eztabada baten trinkatzeko gogoarekin. Hunen arrazoiak ez ziren argi eta garbi agertu Bastidakoentzat, ezen, egun hartan berean, Bastidako presondegian sartu zuten gure gizona. Handik eta bi ilabete barne, Hazpandarrek ordaina  itzultzeko aukera ukan  zuten:  Bastidako ordezkari bat, eztabada beraren trinkatzerat Hazparnerat etorri zelarik, ber moldean, bortz egunentzat preso eman zuten gizon  dohakabea.  
    Gaztigatzeko bigarren molde bat  zen beraz, “Karkanan” ezarria izaitea, jenden bixtan estekan izaitea, goiz albatik iduzki apala arte. “Karkana”,   zurezko haga labur bat zen, gate batzuekilan;   hauen buruan, lepoa inguratzen zuen burdin borrobil bat bazen,  zerrapo batekin. Horela, estekan ezartzen zituzten lepotik, gaixtagin ttipiak eta egun osoan, jendearen behakoaren menean izaiteko afruntua zaukaten.  Karkana hori, gaur, gerlarien harriaren toki hortan zen, plazaren erdian, eta hortako deitzen zen “Plaza karkana”.
 Huntaz, ainitz idatzi badira herriko paper zaharretan, ezen, ardura zura usteltzen baitzen,   eta burdina  herdoiltzen; ondorioz, noiz nahi hauen ordaintzeko gastuak aipatuak ziren herriko etxean.  Paper zaharretan idatziak dira bertze xehetasun asko, Karkan hauen gaiean. Hala nola, 1700 garrren urtean,   ekainean, Ducamp izeneko jauna, Karkanari loturik ezarri  zuten, elizan, kurutze haundiaren pean den diru kutxan ebasten kausiturik. Bertzalde, Karkana aipatua zen ere usu, ezen, merkatu egunetan, saltzaileen sal tokiak, Karkanatik hunanbertze metrotan esker, eskuin, gibel edo aintzin izartuak ziren.  Karkana toki hortan zen,  Herriko bi karriketarik ikusia izaiteko moldean, horela, nehor ez zen Hazparnetik pasatzen ahal,  Karkanan norbeit estekan zena ikusi gabe.  Frantziako iraultza denboran, kendu zuten Karkana, bainan  hunek, izpirituak ainitz kausitu zituen, ezen handik eta 180 urte berantago oraino,  “Plaza karkana” deitzen baitzen eliza aintzina, Hazparnen. Gaur, aipatzen dugu gai hau, gure ondoko gizarteek oraino jakin dezaten, “Plaza Karkana” izan dela Hazparnen.   
Geroztik, bertze plaza batzuek ukan dituzte  beren izenak,  bainan hauek, gure beharrieri egokiagoak direnak, nola: Plaza berria, hau pilotarentzat eraikia izan zen eta Herriko pesten egiteko leku bat bilakatu, arbola lerro batzuen itzalean kurritzeko gune bat ere egin zuten, eta ordutik, herriko Plaza berria han izan zen;  ikusgarri eta gertakari guziak han antolatuak   ziren,  Elizako plazan izaiteko partez. Bertze karrika berri bat ere sortu zen, 1845 eta 1870 urte horietan ; hau deitu zuten, Rue neuve, Karrika berria. Ordu arte, Hazparnek ez zituen bi karrika baizik "Rue montante » eta « Rue de la Mairie » deitzen zirenak.
 

Hazparneko Suhiltzaileak

17 et 18 garren mendean, Hazparneko paper zaharretan irakurtzen ahal ditaikenaren arabera,  etxetako suteak  ainitz   ziren ordu heietan.  Etxegintzan, zureria nasaiki  baliatzen zen eta suak,   gaurko etxetan baino  aise gehiago  hartze bazuen, gainerat, egoitzak   barreatuak ziren ;  hauetaz hurbiltzea luze  zen  sua lotzen  zenean. Maiz, etxeak osoki erretzen ziren.
Denbora heietan, horelako sute batek etxe bat suntsitzen zuenean, herriak bazuen,  jende dohakabearen  laguntzeko boterea eta huni, etxearen berriz eraikitzeko, zurak eta teilak fornitzen zitzaizkoin. 1794-an, Herriko etxeko erabakietan irakur ditaike, nola,  Piello Etchetoren etxea erre zenean, herriak eman zizaizkon, 5 orgatera teila, eta, behar zituen zureria guzia. Horelako erabakien berri, nasaiki bada arxiboetan.
Zenbeit aldiz, laguntza hori  emendatzen zuten kasuaren arabera ;  hala nola, irakurtu izan dugun, Capitandey etxearen erretzearen ondorioz, herriak eman zaizkon zura  eta teila,  bainan gainerat, orduko kartieretako  ordezkariek (herriko zuzendarietan zirenak) , bakotxak bere auzoetan eskea egin zuen, Capitandey-entzat, hunek, beren mubleak eta soineko guziak galdu zituelakotz. 
Etxeak usu erretzen ziren beraz, bainan ere oihanak. Molde berean, hauek, urrun ziren, eta sutearen   tokirat heltzea luze eta neke zen. Sute haueri buru egiteko,  formakuntza batzu antolatuak ziren, eta zenbeit dotzena gizonek kargua ukan  zuten,  suteak zirenean, hauen  hiltzerat juaiteko.
 Frantziako iraultza  biharamunetan, herriko lehen egitekoetarik izan zen, biztanleak  suteitik beiratzea.  1792-an,  Herriko erabaki batean idatzia da: “Gu,   Pierre Fagalde Auzapeza, Pierre Cassain eta Jean Pierre Daguerre, herriaren  ordezkariak, izan gira Esperantchaenian, suak egin desmasien zenbakitzeko”. Herriak, ohizko laguntza ekarri zuen etxe hunen jabeari, eta hori eginez,  Frantziako deputatu ganbaratik laguntza berezi baten galdatzeko ahala  ukan zuen. 1858-ko  urte hartan, bi sutei haundi izan ziren Hazparnen, eta orduan, herriko etxeak erabaki zuen suaren hiltzeko  punpa berezi baten erostea,  eta denbora berean, Suhiltzaile kopuru baten sortzea.  Handik eta bi urteren  buruan, erabakia izan zen,  suhiltzaileek ez zutela gehiago  bide artatzeko lanik eginen. Ordu heietan,   etxetako gizonek artatzen zituzten bideak eta hauen sahetsak.
Lehen suhiltzaile kopuru horrek, 1888-a arte iraun zuen.  Urte hortan, lege berriak etorri ziren, eta haueri  ihardesteko,  gosta beharko zen  diru zama, ezin jasanezkoa zela iduritu zaioten herriko arduraduneri;  beraz, desegin zuten Hazparneko suhiltzailen kopurua.
 1922-an, Herriko hautetsiek aipatzen dute kontseiluan, nola, suhiltzeko punpa zahartua den, eta ordain bat behar lukela , lehengoa baino indartsuagoa. Ondoko urtean,  berriz ere bi sutei haundi izan zituzten herrian:  lehena, urtarrilaren 17 an,  “Haulon” anaien zapetegia erre zen. Baionako suhiltzaileak etorri zirenean,  dena errea zen eta ez zituzten lurreko brasak baizik ito.  Suhiltzaileak,   bi egun egon  ziren Hazparnen, “Hôtel des voyageurs” delakoan, gastuak herriaren gain. Bigarren sutea, hain xuxen eta hala beharra, “Hôtel des voyageurs” delakoan gertatu zen,  agorrilaren 5 an. Baionako suhiltzaileak   berriz jin ziren, eta aldi huntan ere, bi egun egon Hazparnen . Azken sute hunen ondotik, hôtel  horren gainekoaldean bizi ziren 5 familia lagundu zituen  Herriko etxeak; hortarako, 1000 franko bozkatu zituen; bertzalde, diru galde bat ideki zuen eta 5 603 franko bildu.  Gertakari latz hauen ondorioz, Herriko kontseiluak erabaki zuen,  auto moto  punpa berriaren erostea bere 500 metra tuiorekilan. 
 Ondoko urte hastean, suhiltzaile kopurua berriz moldatu zuten 12 gizonekin,  lege berrietan berme eta  behar zuen tresna guziekin.  1924-eko uztailean, Jaun Prefetak onartu zuen sorkuntza berri hau, eta herriak erosi zituen beztimen bereziak, kleron bat eta atabal bat. Suhiltzaile talde hunen buruzagi,  Sarjant bat izendatu zuten. 1933-an, herrian, ura ezarri zuten,  eta han hemenka,   suhiltzailentzat, ur bideari lotzeko guneak sortu. Handik laster, Suhiltzaile aintzindari haundi batek erran zuen,  ur bideari lotzeko gune horier esker, ez zela gehiago automoto punparen beharrik; beraz, herriak saltzeko eman zuen tresna. Moto punpa saldu aintzin, 1939-ko  gerla etorri zen  eta hunekin,  Alemanak. Hauek, automoto punpa bereganatu zuten, puskatu, eta burdin ekei gisa,  beren lantegietarat  igorri.  
Gerla ondoan, Suhiltzaile kopurua departamenduari lotu zuten, eta geroztik, beti haundituz eta tresnatuago dabila kopurua. Gaur, bere  denbora gehiena,   jende sokorritzan baliatzen dute.