« 1760-Eko Iraultza »

1760-garren urtean, lege berri bat agertzen da, zoinek bortxatzen zuena, larru  lanetan ari diren guziek, inpos berri bat pagatu beharko zutela. Hazparnen, ordu heietan, larru  ainitz lantzen zen, ez bakarrik lekuko beharrentzat, bainan ere, saltzeko, herritik kanpo eta bereziki, merkatu egunetan.
Hazpandarrak, nahigabe berri hori ikusi eta, arrunt asaldatu ziren. Alabainan, larru lanetan azkarki ari ziren, ezen,  hortan artzeko, bi gauza beharrezkoenak batzuztelakotz : ura, eta bere haitz ametzetarik ateratzen zuten, tanatzeko  baliatzen zuten arbol  azala.
Lege berri hori agertu orduko, izpirituak berotu  ziren. Larru egite horrek, ainitz lan emaiten baitzuen Hazparnen, ordu heietan  lur lanetan ari ziren familia andana bati. Denbora berean, Hazpandarrak ez ziren  sobera akomaatzen orduko « Syndic général du pays » zen, Delissalde, jaunarekin. Gizon horrek, Hazparne mugitzen hasten zela ikusirik, Baionan bildu zituen  Hazparneko gizon zonbeit, eta preso altxatu. Bizpahiru egun barne, « grenadiers»  deitzen ziren soldadoak, lau  konpainia,  Hazparnerat igorri zituen. Soldado horiek, Hazparnen, lau hilabetez egonen ziren,  eta heiek joan eta, beste bi konpainia “ Royal Cantabres” deitu erreximendutik etorri  ziren.
Hazpandarrak, orduan, oraino gehiago  kexatu ziren. Bainan, denbora poxi bat utzi zuten pasatzerat,  eta orduan, eztiki, bainan fermuki, oldartu ziren. Baionan egoiten den Erregearen gizonari, gutun luze bat idatzi zioten. Gutun hori hasten zen  erranez : Hazpandarrak, betidanik, erregearen « sujet » leial eta kartsuak, izan direla. Segitzen dute erranez : herria gaitzeko gabezian dela eta, jadanik, lanik aski baduela, usaiako inposen pagatzeko. Alabainan, jadanik, zonbeit urtez, beharko dute 1600 libera eman, « syndic du pays » den gizonari, eta, Hazparnen egon diren soldadoak, 3500 libera gosta izan direla. Galdatzen dute ere, beren gostuko, xahutze horiek guziek behar luketela Lapurtar guzien artean partekatuak izan.
 
Galde horiek nola onartuak izan ziren ?
Lehen galde horrek ez zuen deusik onik ekarri. Denbora pasatu zen, nehor mugitu gabe. Orduan, Hazpandar hautetsiek deliberatu zuten gutun bat igorri behar zutela, « Intendant de justice » zen,  d’Etigny jaun Apezpikuari, hunek Akitaniako parte haundi bat bere azpiko zuena.
18 hostoko gutun luze bat izkiriatu zankoten, nun erraiten zuten, Hazpandarrak arras lotsatuak zirela, ikusiz, soldadoen jan eta edanak pagatu behar zituztela, bai eta, beste xahutze frango. Erraiten zankoten ere, ez zela gauza hori batere xuxena, eta Lapurtar guziek behar zutela bere partea pagatu.
Arte hortan, denbora pasatu zen oraino, bainan, Hazpandarrek igorri gutun harrek, bere lana egin zuen, eta, noizbait, gutun horren errantzuna ukan zuten. Hunek zion : Hazparneko jendeek arrazoin zutela eta ez zuela Hazparnek, berak, pagatu behar, bainan, Lapurtar guziek. Ondorioz, 7000 libera  pagatzeko orde, Hazpandarrek, 700 libera pagatu behar izan zuten, ez baitzen arras berdin !
Egia erran, nahiz  Hazparnen egiten zen  larru lan gehiena,  erraiten ahal da, herri ttipienak ere bazuela bere larru egilea. Aldi hortan, haatik, behar zen  idurikatu ondoan, Hazpandarrek bere galdearen errantzuna ukan zuten.
 


Aleman Tropak Hazparnen

Azken gerlaren lehen partea bururatu zen 1940-eko ekainaren 5an.  Handik eta bi egun barne, lehen soldado alemanak etorri ziren, Espainiako  muga arte, eta beraz, Hazparneraino. Soldado ainitz  bazen orduan gure eskualdean, zeren, orduko ustez, Espainiatik pasatzeko gogoa baitzuten, Afrikaraino segitzeko beren okupazionea. Ez zen hala gertatu. Orduan, gure eskualdean, hiru « divisione » baziren. Bakotxak, Hazparnerat igorri zuen, “kompainia” bat. Biga baziren Infanteriakoak eta hirugarrena, DCA edo “Défense contre avions” colegioko barne eta bazterretan kokatu zena.
Gerla denbora hortan, Infanteriako “divisione” guziek zaldi frango zituzten; ordutik, eta gerla finitu arte, Hazparnen izan dira beti “Compagnie vétérinaire” deitzen ziren “kompainiak”. Heien lana zen, eritzen ziren zaldi guzien artatzea eta sendatzea. Horelako bost “kompainia”, bat bestearen segidan, Hazparnen egon dira. Beste “kompainia” frango egon dira ere Hazparnen. Zonbeit, 3 edo 4 aste bakarrik, beste zonbait, 5 edo 6 hilabete.
Heien artean ikusi izan dira karraio batzu, hegazkin ezantza karreatzen zituztenak, Alzietako sartzean diren arbol haundien azpian gordeak. Baziren ere, tankak zituzten soldado konpañiak,   beltzez bezti ziren hauek. Tankak, Elhiarreko ondoan den haitzpean gordeak ziren, eginak zituzten zilo haundi batzuetan. Soldado horiek, Rusian izanak ziren eta han borrokatu eta, bere tankek bazuten hunki baten beharra, gudukan berriz hasteko. Soldado horiek, Trinquet Berrian lo egiten zuten.
1944garren urtearen hastetik, “Le débarquement” aipu zen. Orduan, lau « kompainia » berri Hazparnerat etorri ziren. Gehienak, Infanteriako gizonak ziren. Bi « kompainia » egon ziren, ekainaren 11a arte, Normandiarat joan aintzin, Argentan deitu hiriari hurbil. Han, hil frango izan zituzten. Beste bi “kompainiak”, Hazparnen gelditu ziren,  agorrilaren 11a arte eta handik goiti, Normandiako bidea hartu zuten hauek ere. Aspaldian hemen zen “Compagnie vétérinaire” delakoa, azkenik joan zen, Agorrilaren 22an. Ez zuten, heiek, Normandiako bidea hartu. Poitiers herritik pasaturik, Beaune-eko hirirat joan ziren eta Alemanian sartu, gerla akabatu arte.
Zer  erran besterik denbora hortaz? Hazparnen, Komandantura bazen. Lehen hilabetetan, Herriko Etxean egon zen eta gero, toki gehiagoren ukaiteko, Hôtel Moderne deitu ostatuan kokatu zen. Hazparne zaintzen zuten gizonak, delako “Compagnie vétérinaire”-koak ziren. Gehienak, adin bat bazuten eta laborariak ziren. Ofizier eta soldadoek, Hazpandarrak zaindu baino, nahiago zuten zaldien artatzen arizan. Arrats guziez, 11orenetan, “patrouilla” karriketan pasatzen zen, bainan, soldadoek, bere bota haundiekin, harrabotsa egiten baitzuten, Hazpandarrek ikasi zuten laster gordetzen eta min haundirik gabe, beren etxetan sartzen.  Maleruski, 1944eko ekainaren 6an, gertakari hits bat izan zen gure herrian. Hazparnen pasatzen ziren tropa baten zaintzaleak, bi Hazpandar gazte tiroz hil zituen, abere portuan, Jastea ostatutik ateraturik, eta karrikari goiti lasterka abiatu zirenak. Hura izan zen Okupazioneko gertakari larriena. Aleman soldado bat ere hil izan zen Hazparnen, autoko ixtripu batean. Hau, Hazparneko hilarrietan ehortzia izan zen eta, harren hobia barreatua izana da berriki, hilarri berria egin delarik, harateko bidea idekitzea gatik.


Hazparneko Eiherak

Hazparneko paperetan, eiherak, usu aipatuak dira. Leheneko mendetan, eiherak nunbre haudian baziren eta hau,  bi arrazoinen gatik. Lehena, duela 400 urte jadanik, Hazparnek bazituen 4 500 biztanle. Heiek behar zuten jan eta, beren jatekoan, ogiak parte haundia hartzen zuen. Bigarren arrazoina, eiheren itzularazteko, ur-errekak behar dira eta, Hazparneko lurretan, denbora heietan, 150 bat baziren.
Eiherazainek toki haundi bat atxikitzen zuten beste jenden artean. Haiek, berriak hedatzen zituzten, beren  kartierretan, etxez etxe ibiltzen zirelarik. Hazparneko lurren hego aldean ziren, partikulazki, eiharak. Urkoin berean, 6 baziren. 1 834-ean, Hazparnen, oro konda,  29 eihera baziren.
Eiheren historioa aipatzen delarik, bada gauza bat aipatu behar dena. Hazparne  Herri-etxeko idatzi  guziak, frantsesez eginak dira, salbu gauza bat, eiharazainak  ibiltzen zituen tresna guziak euskaraz deituak dira, hala nola ikusten diren hunelako hitz batzu : tturruttak, xizela, laka, ardatza, zurruta edo altxa-pizoa.
Eihara bakotxak, bi eihera harri bazituen, bat ogiaren ehotzeko eta bestea artoaren ehotzeko. Denbora heietan, eiherek garrantzi premiatsu bat bazuten eta ez da harritzeko,  heien ibil moldea legez arauditua  bazen.
1 660-ean, herriak, 5 eihera bazituen bere kondu, nahi zutener alokatzen zituenak. Eihera horiek, bazuten bakotxak bere izena : Araneko eihera, Ganburriko eihera, Olabideko eihera, Eiheraxaharretakoa eta Arangureneko eihera. Bazuten ere legezko artzeko molde berezi  bat : behar zuten, ukaiten zuten ogi eta arto guzia ongi ehotu, familiako aita on batek egiten ahal zuen gisan. Ukan irinaren  16 garrena   berentzat atxikitzen ahal  zuten,  lanaren saritzat.
Eiherazainak behar zuen, egun guziez eta egun guzian, bere eiheraren borta idekirik utzi. Behar zituen ere, garbiki  atxiki, ur- erreka, bere etxea, eta bere etxerat eramaiten zuen bidea. Bide horrek bazuen izen berezia: Eiherabularra. Eiharazain berri batek, herriko eihera bat hartzen zuelarik, zenbeit gauza egin behar zituen. Notarioa heldu zen, lekuko gisa hautatuak ziren  bizpahiru gizonekin. Lege gizonak, eiherazain berria eskutik hartzen zuen, atea idekitzen, eta sarrarazten. Orduan, eiherazaina ibil zitaiken bere eihera  eta apartamendu berrian,  joan jinka,  toki guzietan  murruak eskuz hunkituz. Urte batentzat, eihera berrian, bera zela nagusi, behar zuen  untsa erakutsi, hor ziren jende guzieri.
Duela zonbeit urte,  Gnagnikako eiherarat izan ginelarik, hango etxekanderiaren ikusterat,  erran zaukun : “Lehen, eiherako seme alabak, usu, elgarren artean esposatzen ziren. Ni, Agerre eiherako alaba nintzan eta Gnagnikako eiherazainarekin esposatu nintzan. Ene senarra joaiten zen etxetarat, bihiaren bila eta gero, irinaren ekartzerat. Ez ginen soberarik aise bizi. Egiten ginuen irinaren hamar partetarik bat, atxikitzen ginuen, gure lanaren pagatzeko. Gure eiheraren errota itzulikatzen ahal zen urte guzian, zeren,  naza baiginuen uraren atxikitzeko. Euria zelarik, bihien edo irinaren zakuen gainean, lehen Hazparnen egiten zen oihal pizu eta lodi bat, ezartzen ginuen.”
Geroztik, Baionako bidea largatu beharrez, Gnagnikako eihera lurrerat botatua izan da. Hazparneko azken eiheretarik zen. Damu du, oraiko mendeari tokia eman beharrez, leheneko gauzak suntsituak izan diten. Hazparnen izan diren eihera zonbeitetan, errotari esker, dynamo bat kurriarazten zuten eta ondorioz, elektrika egiten zuten. Gnagnikan berean, 1950-eko urtetan,  elektrika egiten zuen, Larregain Apezak, eiherako murruen jabeak,  gazte batzuen eskolatzeko elektrika lanetan.
 

Hazparneko Karriken Izenez Zenbeit Gogoeta.

1942-an , Aufa Mutilak aldizkarian izan zen galdaketa bat: Hazparneko karrikeri zer izen eman? Zorigaitzez, aurtengo emanaldiak bukatzen baitira, hemen ez ditugu eztabada guziak aipatuko. Zenbeit utziko ditugu helduden  larrazkeneko.
Ordu hartan, Piarres Larzabal zen  Hazparnen bikario eta hunek egin zuen galde hori, bai eta, jenden erantzunak bildu. Huna nola ereman zuen bere ikerketa.
“Rue Neuve” deitu karrikarentzat   behar litaike izen bat plantakoa, Baionatik heldu diren kaskoineri  erakusteko,  bagirela gero gu ere! Nago, nork emana zuen karrika horri “Rue Neuve” izena, ikusiz, karrika hortan diren etxe batzu: Larredienia, Jandarmeri zaharra (Kaserna deitua) eta Kasinotea. Berdin deitzen ahal zuten “Rue des antiquités”! Zaharrek dioten bazela, bide bazter hortan etxe bat ba omen zen “Kakamehetea”  deitzen zutena; bainan aspaldian eroria da etxe hori, behar bada bere usain txarra ezin jasanez! Eta gaur! Zer izan den ahantziarazi nahiz,  karrika horrek,  gora egiten du: kukuruku ! Ez direa hor « Hôtel moderne », « Hôtel Berria », « Les établissements Pierre et successeurs » eta nik dakita zer oraino, geroari buruz beha dakionak. Beraz, zergatik ez eman karrika huni izen berria, “Rue du progrès” edo « Rue de l’avenir » edo ere “ Rue de l’espérance », euskaraz : « Geroko karrika »   edo « Aments karrika”?
Bainan izan dauku ikusterat, Jaun bat, Hazparnen ainitz kurritu dena, eta hunek erran dauku, bazela karrika hortan, Norbeit, mundu zabalean ongi ezagutua zena eta karrika hortan, ardura ibili izan dena. Hori zen, Eihartzeko nagusi zena eta ondorioz, haren izena behar zela eman : “Francis Jammes Karrika “. Izen hau eman daukunak, amets bat ere egin du gure aintzinean, kokotsa perekatuz eta  begiak urrun galduak, erraiten zaukula : « Gure kontseiluak behar lizazke landaarazi  arbol eder batzu, Manexundetik eta Eihartzeraino, bidearen bi sahetsetan eta ondorioz, bide hori deitu “Boulevard Francis Jammes ». Jin zauku ere, halako neska papillun ergel bat, dena hihihi ! erdi frantximent erdi euskaraz mintzo. Arrunt « paysans » omen girela erran dauku, eta zion ere : « On ne peut même pas se mettre en maillot de bain dans ce foutu pays ! » Neska horren kontsolatzeko karrika huni emaiten ahalko ginuke « Rue de l’océan » izena,  edo  « Itsas karrika ».  Ahatik, oxtian aipatu jaun horri, hau ez zaio gustokoa agertu, ezen,  erraiten zaukunaz,  Hazparnen, espantu haundikoak girelako fama haundia baitugu, gure herria itsas hegian ezartzen badugu Hazparneko karrika huni izen hori emanez,  xahu gintaizke !  Nik, eman nio  « Rue de France » izena,  dio Piarres Larzabalek, erakusterat emaiteko, Euskal Herrian bagira, Frantziarat buruz dugula gure ixuria, eta ez dugula arnegatzen gure erresuma. Huna beraz karrika horrentzat aipatu izenak. Eta gure hautua egin aintzin, galda dezazue Xemartin Guillamundeguy-ri, harrek aterako baitu izen bat gatz biperrekin. Galda, eta jin laster guri erraiterat zer dion hunek !
Huna beraz gure proposamendu zenbeit : Elizatik Kanboratekoari, eman diogu « Lapurdirako Karrika »  izena, frantsesez « Rue du Labourd ».
« Rue montante » karrikari berriz, « Rue du mont Ursuia » edo « Ursurako karrika ». Hazparne baita Euskal herriko bihotza, eta hiri ederrenetarik bat, « Rue neuve » karrikari eman diogu « Rue Euskarienne »  izena, edo, « Euskadi karrika ». Aldiz, Lekuinerat doanari, « Nabarrerako Karrika »,  « Rue de Navarre », Base Nabarrerat doazin karrika delakotz. Jandarmeriatik, Bastidarat doan bide horri eman diogu izena : « Kaskoiniako karrika », « Rue de Gascogne ». Hazparne baita beren larru lanentzat, Frantziako herri lehenetarik bat, elizatik Pattoterat doan karrika horri, « Larru eder karrika », «  Rue du beau cuir ».  Elizatik Elixabehererat doanari : « Elhiarreko karrika » edo « Rue de Elhuiar ». Alabainan, Elhiarria famatua izan da, ezen, lehen, herriko pestak hor egiten baitziren. Hazparnek ukan ditu pilotari frango, bainan hauetan aipatuenetarik  bat izan da, Jats, Jean Sabalo, izen deiturak zituenak. Beraz, Hôtel Kaskoinatik, pilota plazarat doan karrika hertsi hori deituko dugu, “Jats karrika”. « Arteka txarra » edo « Ruelle Lafitte » karrikarentzat hautatu dugu,  gatz biperrekilako izen bat : « Rue des parfums » edo « Lili karrika ».
Piarres Larzabal Apezak zion: ”Gure herriko kontseilariek, agian karrika izen hauek kondutan hartuko dituzte eta idatziko murru ezkinetan, euskaraz eta frantsesez ». Huna beraz , 1942 (mila bederatzi ehun eta berrogoita bi)-an,  jadanik  aipu zela, argibideak  bi hizkuntzetan ezartzea.  Bainan, garai hartan, aments gelditu ziren Apezaren eta herritar batzuen asmuak !
 


Hazparne St Jacques-Eko Bidean

Biziki zaharrak diren paper batzuek erraiten dute, Hazparne pasaia handiko toki bat zela, Baionatik, Garaziko bidean eta ere, Frantziatik Espainiarat buruz. Gauza hori erraiten zuten, Urtsuko zolan pasatzen zen bide eder bat aipatuz.
Leheneko mendetarik, orai arte, bide hori, sei izen ukan  ditu.  Lehena, « La route royale », gero « La route de Saint Jacques », gero, « La route impériale », geroxago, « La route de l’artillerie », gero, « Route de Napoléon » eta azkenik, oraino erraiten den, « La route des cimes ». Erromanoek jadanik, bide hortarik ibiltzen ziren.
1 227an,  jadanik, St Jacques de Compostelle deitu hirirat joaiten ziren beilariak, bide hori hartzen zuten. Lapurdiko lurretan, 3 jauregi, beilariak, ohoin eta mandilen kontra beiratzen zituzten. Hazparnen : Zalduko jauregia. Beste bat, Lekornen : Garroko gaztelua eta hirugarren bat, Heletan : Sainte-Marie-ko gaztelua.
Hazpandarrak baziren orduan St Jacques de Compostelle-erat joan zirenak. Paper zahar batek emaiten du gauza hau : « St Jacques-eko basilika haundian bada kapera bat, Euskaldunen kapera deitzen dena » . Eta segitzen du : « iduri luke, harat etortzen diren Euskaldunen artean, Hazpandar frango badela. »
Orduan, herriko bide ttipi guziak, artetan  berrituak  ziren, bakotxa bere herriko gizonek lan zonbait eginez. Bainan, bide haundi horrentzat, guti edo aski, jende gehienek baliatzen zutena, Baionatik Lekorne artio, estatu onean atxikitzeko, hogoi herriek behar zituzten beren gizonetarik zenbeit artetan igorri, ziloen tapatzeko eta bidearen artatzeko.
Bide zahar horrek, zer nahi mota jende ikusi ditu pasatzen : ibildun herratuak eta behardun frango, bainan ere, jende aberatsak, errege eta printze haundi zonbeit. Erran behar da, Hazparnetik hurbil izanik, Hazpandarrak usu galdatuak zirela bide horren hatzean emaiteko.
Azpimarratu behar da, haatik, bide hori, herriko plazatik lau kilometrotan izanik, Hazparneko komertsantek ez zutela gauza haundirik saltzen, Compostelle-eko bidean ziren gizon eta emazte beilarieri.
Compostelle-eko beilaren arrakasta ttipitu zenean, bide horrek bazuen oraino arrakasta haundia eta, Otxondoko mendi lepoa pasatu eta, jendea, orduan, Iruñarat joaiten zen. XVII eta XVIIIgarren  mendetan, hango eta hemengo har emanak garrantzi haundia zuten. Ordu heietan, Nafartar asko, Hazparneko merkaturat erabiltzen ziren; handik heldu ziren arnoz eta burdinez kargaturik eta, hemendik, larru, zapeta, oihal eta arropa frango eremaiten zituzten. Hazpandar batzuek, bazituzten, Iruñan, komertsioaren egiteko toki batzu. Bazakiten, arras untsa, Iruñeko feriak, noiz eta nola pasatzen ziren.
Oraiko egunean, bide hori  bera ikusten ahal da, eta ohartzen ahal da ere, duela zonbait mende, bide eder bat zela, zabala eta, artetan oraino, arbolez inguratua. Orai behar da nahikeria izan, bide horren zati zonbeit bederen lehengo gisan begiratuak izaiteko. Hola atxikiz, bide hori izanen da, behar bada, luzaz oraino, leheneko bideen lekukotasun eder bat!


Hazparneko Behi Lasterrak.

Hazparnen, behi kurtsek izigarriko arrakasta dute aspalditik. Nola eta zer karietarat  Hazparnen egiten ziren behi laster horiek ikusiko dugu hemen. Hazparneko paper zaharretan irakurtzen ahal dugunaren  araberan, 1750-ean, Louis XVgarren denboran, jadanik aipatuak ziren.
Ohargarri  da, orduan, aste guziz, idi edo behi bat hiltzen zela herrian; haren haragia, Hazparneko herriko etxean zen “bouxerian” saltzen zen.  Herriko gizonen baimenarekin, behi edo idi hura, hil aintzin,  gaztek, lasterkarazten  ahal zuten aberea, Eguberritik, Hauste  eguna arte.
Ordu haietan, horelako  behi edo idi lasterketak,  Baionan eta Hazparnen baizik ez ziren egiten. Zertako ote bi toki horietan bakarrik?  Zeren eta, bi toki horietan, jendea  ez baitziren laborantxako lanetan ari; bi herri horietan industriako langileak ziren gehienak.
Hazparnek orduan 4500 jende bazituen eta erdia baino gehiago, zapeta, larru edo oihal egiten ari ziren. Kurtsa horiek onartuak ziren gazteriaren jostagailutzat . Erran bahar da, behi edo idi horiek ez zirela biziki lasterkariak eta fite akitzen zirela. Pausaldiak egiten zituzten eta  ordu hauetan, kabala  arbola bati estekaturik ezartzen zuten,  bertze lasterkaldi bat abiatu aintzin.
XXgarren mendearen hastean gauzak aldatu ziren. Landesetan, kurtsak egiten zituzten, behi arin eta lasterkari batzuekin eta Hazparnen, gaztek pentsatu zuten, behi heietarik bat erosi behar zutela eta harrekin jostatu. Ganadero bati, behi zahar bat erosi zuten eta bizpahiru igandez harekilan jostatu ziren. Garizuma denbora heldu zelarik, zer egiten zuten behi hortarik? Gaizo behi hura, abatorerat joaiten zuten eta han hiltzen. Biharamunian, haren haragia, untsa apainduta, karro batian ezartzen zuten eta ospe haunditan  karriketan barna, haragia emaiten zuten familia pobre guzier; haatik, haragi haren parte on bat atxikitzen zuten, Hospitalean ziren jende ezinduak eta zahartuak zirenentzat. Emaitza hori, Garizumako lehen egunean egiten zen, beti Hauste egunarekin.  Hola egin zuten, ainitz urtez.
Bainan, beti ta hobeki nahiz jostatu, 1924-ean, gazteak ohartu ziren, beren kurtsa antolatzen ahal zutela bertzalde. Behi bat erosteko partez, 3 behi alokatuz Landesetako ganadero bati, hobeki helduko zirela eta denbora gehiagoz jostatzen ahalko zirela, behi horiek aldizkatuz. Darrieulat zuen izena ganadero harrek, eta molde hortako  kurtsak, 500 libera gostatzen  ziren. Orduan ziren karrikak hesten hasi, bainan, etxetan sartzeko bortak idekirik utzten zituzten. Handik eta zenbeit urteren buruan, 7 behi jinarazten zituzten Hazparnerat;  kurtsak zirelarik, behiak  oinez heldu ziren. Gastuak emendatu baitziren, gaztek loteriako xartelak saltzen zituzten. Loteriako lehen prima, 11a kiloko bildots bat zen.
Behi kurtsa berri horiek, gero eta  kariago gosta ziren. 1927-an gaztek pagatu zuten : 3263 libera. 1930eko urtean, Jean-Pierre Ingres, biskots egile zenak, pentsatu zuen igande egunean, egin beharko zela “paseo” bat, zointan, ederki beztiturik agertuko baitziren, toreadorak, pikadoreak, algauzilak eta zonbeit neskato gazte, Andaluziako emazten bestimenduetan. Pesta molde hunek, biziki gustatu zuen Hazpandarreri.
Gure behi lasterrak hola joan ziren, arrakasta haundituz, 1960-a arte. Gero haatik, arrakasta hori hasi zen ttipitzen. Gauza ainitz kanbiatu ziren, partikulazki, jostagailu eta lanean artzeko usaiak. Orduan hasi ziren udako behi lasterrak. Lehen urtetan, arrakasta haundia ukan zuten. Egungo egunean oraino, udatiarrek maite dituzte eta jostagailu horren ikusterat heldu dira. Haatik, Ihauteriko Hazparneko kurtsarik ez da gehiago guti baizik egiten. Zenbeit urte hauetan, udako  behi laster batzu, “Joko Plazan” egiten dira, barne hetsi batean, Landesetan egiten diren idurikoak. Beste gauza frangotan gertatu den bezala, gure behi lasterrak bertzelakatu dira heiek ere. 

Hazparneko Merkatua

Duela 50 bat urte,  Henri Andrein, orduko Hazparneko auzapezari galdatu zakotelarik,   zoin zen  gogoan atxiki zuen, Hazparneko paper zaharretan irakurtu  gauza premiatsuena  ,  apur bat ixilik egonik ihardetsi zuen : « Ene iduriko aipagarriena izan da  harren merkatua. Hunekk baitu Hazparne, bizpa hiru mendez, biziarazi. »
 Geroztik izan dira okasione frango ohartzeko,  egia haundi bat zaukala. Ez da errets oraiko denboran holako gauzaren konprenitzia. Hazparneko paper zaharretan, merkatua, usu aipatua da. Herriko hautetsiek , 43 araudi  zituen lege bat egina zuten, xehetasun guziekin,  merkatua nola iragan  behar zen erraiteko. Beste xehetasun bat ere behar da eman: Hazparne ez da urrun Espainiako mugatik eta denbora heietan, gerla ttipi batzu usu baziren. Orduan, gauza frango, guti edo aski, funditzen ziren eta, hortako, mugen ondoan ziren eskualde guziek bazituzten bere aldeko fagore batzu, partikulazki, beren merkatuetan saltzen zituzten gauza guziak ez zuten inposik pagatzen. Hortakotz, merkatu hotiek , usu, haundiak ziren.
Gauza hori gertatu zen Hazparnerentzat. Frantziako Iraultza arte eta berantago ere, Jendea , biziki urrunetik heldu zen Hazparneko merkaturat. Hala nola, Nafartarrak, Iruñeko herritik bai eta, Xuberotarrak; Biarnotik eta Chalosse tokietarik.  Diru gutti ibiltzen zen eta bakotxa merkaturat heldu zen, berak egiten zituen gauzak ekarriz. Biarnotik eta Chalosse-etik bere bihiekin heldu ziren, eta Nafartarrak, bere arno eta burdin pezekin. Hazparnetik joan zituzten, larruak, zapetak, oihalak, beztimenduak, bai eta, epizeria, drogeria. Artetan, xokoleta erosten zuten ere,  jakinez, Hazparnen bazirela, zazpi edo zortzi xokolategile eta saltzaile.
Zer nahi gauza saltzen zen orduan merkatu egunean : Oihalki, larru eta zapata, kinkailleria, erloiak itzeak, okindegiko janariak , Buxeriko  eta Xarkuteriako haragikiak, tapissak, parasolak, arrosarioak, baxerakiak,  lurresko eltziak eta eskalapoinak, mubleak etabar…. baziren ere baratzekinak, eztia , fruitu etaesnekiak , oilo eta pualleria, ihiziak, lapin eta erbi saltzaileak baziren.  Kausitzen ziren ere gaztenak, intzaurrak, artoa eta bihi mota guzietarik.
Zerrenda hori entzun eta, aise ulertzen da,  Hazparnen bazirela, laborariak, bainan ere, ofizialeak nonbre haundian. Frantziako Iraultza gertatu zelarik, Hazparnen baziren, 442 familia, lurra lantzen zutenak, bainan baziren ere, 353 jende oihal egiten ari zirenak, bai eta, 270, zapataintzan ; 137, larru pelatzen  eta 32, eros eta saltzen , komertsian ari zirenak ;  13, xokoletegile baziren ere Hazparnen.
Denbora hartan, gauza frango egin behar baitzen, Hazparneko jendea polliki emendatu zen. Iraultza denboran  jenden kondaketa egin zen eta ohartzen da, orduan, 5000 zirela Hazparnen bizi zirenak .
Iraultzaren ondotik, merkatua ttipitu zen. Hazpandarrek zituzten fagore asko aldatu ziren eta gauzak kariotu ziren. Beharrik, ordutik, kabalen merkatua goiti joan zen azkarki.
1879ko urtean, Hazparneko merkatuan saldu ziren : 1700 zezen edo idi, 2000 behi, 2000 miga, 1600 zerri gizenduak, 2000 zerri ttipi, 2500 aratxe, 500 zaldi eta 400 asto.
Orduan, Hazparneko merkatuak kanbiamendu haundia ukan zuen. Jendea, beti urrunetik heldu zen eta mugimendu gaitza zen merkatu egunetan. Geroztik, azken urte hauetan, merkatuko lekua 

 « Hazparneko Oihanak »

Leheneko erran zahar batek dio : urtxintxa bat joaiten ahal litakela, arbolez arbol, Hazparnetik Baionarat, sekulan lurra hunkitu gabe. Egia izana zen   behar bada noizbeit, bainan ordutik, gauzak aldatu dira.
Duela hiru mende Hazparneko herria, oihan haundi baten erdian zen. Baziren orduan bi haitz  mota : “le chêne pédonculé” deitzen zen haitza, arbol haundi eta azkar bat eta, bertzea,  erdaraz deitzen zena, “chêne tauzin”; euskaraz izena du “ametza”. Ttipiagoa   eta guziz abartsua. Bigarren mota hori zen,   nonbre haudienean . Hazpandarrek, ametzetik ateratzen  zuten larru tanatzeko behar zuten arbol axala .
Partikulazki  horren gatik, Hazparneko oihanak, luzaz, balio haundia ukan du eta orduko hautetsiek behar zuten ongi artatu. Haitz horiek emaiten zuten ere, ausarki, zerrien pazkatzeko behar ziren  ezkurrak. Horien guziendako , behar ziren,  sortzen ziren landare ttipiak, aker eta ahuntzetarik beiratu. Behar zuten ere, urte guziez, landare ttipi horien haundiarazteko, lurra lantu eta hartan landatu.
Denbora heietan, familia bakotxak, bi arbol ttipi behar zituen landatu, kartiereko hautetsiek  erakutsi tokian. Kridatik  entzuten zutelarik galdea, beren arbol ttipiekin, erakutsi tokirat joan behar ziren, lurrean emaiteko. Familia zonbeitek ez baitzuten lan ttipi horren egiteko gutiziarik, hauek,   inpos ttipi bat behar zuten pagatu Hazparneko herriari.
Orduan ere  egurrak  balio haundia zuen, eta hortarako,  lau gizon hautatuak ziren oihanak untsa zaintzeko gisan. Erran bahar da, orduan, oihanak bazituela bi lanjer haundi : lehena, ohointza; Hazpandar zonbeitek arbolak pikatzen zituzten eta etxerat eremaiten; bainan usuenik, Hazparneko mugetan ziren herri ttipietarik heldu ziren, gauaz, arbolen pikatzeko, beren etxetarat joaiteko. Aipatu zaintzale horiek bazuten nun zer egin, bai egunaz eta bai gauaz ere.
Bigarren lanjer haundia zen, sua, oihanean usu lotzen zena eta gehienetan gizonek berak pizturik, gaur gertatzen den molde berean. Sua gertatzen zenean, 20 bat gizon joaiten ziren Hazparnetik haren hiltzerat. Ahal zutena beiratzen zuten, bainan ez zen beti errets. Hazparneko ixtorioak dionaz,  zonbeitetan, oihan eremu haundiak suntsitzen ziren.
Hazparneko oihanak bazituen bertze  abantail frango. Lehenik, Hazpandarrek, berotzeko behar zuten egur guzia oihan hortarik ateratzen zen. Bertzalde, etxegintzako behar zen zur guzia  oihanetik  ateratzen zituzten. Norbeitek zerbitzu haundia egiten zuelarik Hazparneko herriari, Hazpandarrek, zeinbeit orgatara egur eskaintzen zioten, beren egitateaz eskertzeko.
Artetan ere, Herriko gizonek,   galdea ukaiten zutenaren  arauka, haitz trunko haundi zenbeit igortzen zituzten erregearen untzi haundien egiteko. Erran behar da oraino, zonbeit auzapezek , Herriko etxearen kutxa hutsa zelarik, hunen  berriz betetzeko, arbola  andana bat saltzen zuten. Bainan, orduan, bazen orotakoa nasaiki!
Haatik , Hazparnen, gauza bat egiten zen, bertze herrietan egiten ez zena : arbola guziak buluziak saltzen ziren. Axala, tokian berean utzi behar zen, zeren eta, larru apaintzaleek, axal hartarik  jalitzen zuten “tannin” deitu jusa, beren lanako behar baitzuten.
Frantziako Iraultzaren ondotik, oihana, ez da luzaz Hazparneko hautetsien meneko izan.  Jaun suprefetak nahi izan zituen gauzak kanbiatu eta,  Hazparneko oihanak, “régime forestier” delakoan ezarri  zituen. Xede haundiak aipu izan dira, noiztenka,  bainan bihi batek ere ez du  dirurik ikusi eta ondorioz,  egin gabe  gelditu dira. Orduan baziren 2600 hektara oihan. 19garren mendean, 3000 arbol  salduak izan ziren. 20garren mendearen hastapenean, Pierre Broussain-ek, oihana berriz piztu nahi izan zuen. Herriak, berak erein landare hazietarik, landare gazteak  landatu zituen. Bainan, handik zenbeit urtez zer gertatu den, nehork ez du erraiten ahal. Orduko paperetan, deus ez da nihun ageri. Arto eskasez galdu ote direa ?
Egungo egunean, « Eaux et Forêts » deitu bulegoak ditu Hazparneko oihanak artatzen. Bertze toki batzu, pentze eta laborantxa lur bilakatu dira. Hazparneko lurrek beti 6 600 hektara badituzte. Juanden mende hunen undarrean, Pinatel Auzapez izan den denboran, arbol landatze zenbeit izan dira, bainan, zorigaitzez, aldi oroz suak suntsitzen zituen landare horiek.  Mendeen gostuz, zernahi gora behera jasan ditu Hazparneko oihanak. Horren gatik, halere, baliotsuak gelditzen dira. Esperantza atxikitzen ahal da beti untsa artatuak eta zainduak izanen direla.
 

« Hazparneko Pestak »

Herriko etxean diren paper zaharrenek, ez dute sekulan aipatzen Herriko pestarik. Alta ba, pestak baziren. Usu haatik, gertakari haundi baten ospatzeko egiten ziren, edo, erregearen manuz –erregearen seme bat sortzen zelarik- Frantziako gizon ospetsu bat Hazparnerat etortzen zelarik, edo, gerla irabazte baten ospatzeko.
Ospatze horiek, beti manera berean egiten ziren. Lehenik, “Te Deum” kantatzen zen elizan. Gero, herriko plazaren erdian, alaitasunezko sua pizten zen. Gero, arnoa emaiten zen edaterak, urririk, nahi zuteneri  eta gaua heldu zelarik, bazter guziak argitzen ziren orduko argitzeko tresna eta moldearekin. Herriko soldadoek ere, pesta hortan parte hartzen zuten, beren harmekin tiro eginez.
Iraultza denbora jin zelarik, ez zen pestarik gehiago. Elizaberritarrek haatik, deliberatu zuten, bere Trinitateko pesta egin behar zutela. Orduan, jandarmek etorri ziren, eta ostalera preso ezarri zuten.
Iraultza pasatu eta, herrian berean, eta auzo gehienetan, pestak egiten ziren. Kartierak  bere arrabota  bazuelarik, pilota partida bat egiten zen. Pilota plazarik ez zelarik, birleta zoingehiagoko bat egiten zuten, eta handik segidan, musikari bat edo biekin, dantzaldi bat egiten zen. Denetan bazen afaria, eta ohidura zahar bat zen, pesta afarietan, angiren zerbitzatzea.
20garren mendearen hastean, agertzen dira, Hazparneko pesten lehen egitarauak. 1913-an, lau egun pesta baziren.
Urte hortan, xisterazko partida bat eta behi kurtsa, lau behiekin izan ziren. 1927-ko pesten egitaraua ere bada. Igande goizean, meza nagusia eta segidan, zeremonia bat, gerlan hilak ziren harriaren aintzinean. Aratsaldean, esku huskako pilota partida bat: Léon Dongaitz eta Arcé, Artamendi eta Zabalaren kontra. Astelehenean, haurren jostagailuak izan ziren, eta gero, bizikleta kurtsa, Hazparne, Bastida eta Beskoitzeko bi itzuli egin zuena. Asteartean, « toberak » izan ziren, Xetre, Larralde, eta Larramendy bertsolariekin, eta plazan, esku huskako pilota partida : Durruty eta Arnaud Abadie, Saint Martin eta Haltyren kontra. Astezken goizean, xistera ttipiko partida bat eta aratsaldean, bi partida : bat, Fontan etxearen  gibelean zen trinketean : Isidore Dongaitz eta Edouard Arrayet, Salegin eta Ignacioren kontra ; beste bat, plaza libroan : Atano bi anaiak, Mondragonez eta Erastiren kontra. Orduan, pentsatzen ahal da, ez zela partida ederragorik egiten ahal !
Erran behar da ere, egun guziez, dantzaldiak bazirela. Orduan, ez baitzen musika haundirik entzuten ahal, larunbat aratsaldean, zazpi edo zortzi musikari Baionatik heldu zirelarik, pesten alaitzeko, bazuten, Hazketan, haur andana haundi bat heien beha zagona, Hazparneko plazaraino heien segitzeko. Orduan, pesta guzia Plaza berrian pasatzen zen, eta, harren bazterrean den joan-jin bidean, Hazparneko lau ostaleri,  lau toki alokatuak ziren, bakotxak 20 metrekoak, pestak irauten zuten denborarentzat.
Orduko pesta horiek, 1925)-a arte, 15000 liberako bat gosta  ziren. 1939-an, hogoi bat mila libera gostatu zen. 1945-ean, gerla bukatu zelarik, zonbeit urtez, pestek arrakasta haundia ukan zuten. Pilota partidek, bazuten oraino arrakasta haundia  ere. Haatik, askitto fite, gauzak aldatu ziren. Gerla bukatuta eta, laugarren urtean, pestek, 600 000 libera gostatzen ziren.  Orduko antolatzaileek sendi izan zuten behar zela zerbeit kanbiatu. Ikusgarri desberdinak antolatu zituzten : herri ohidurak, indar jokoak, guduka eta ukabilkako ikusgarriak. Izan ziren   “variétés” deitzen ziren ikusgarriak : Henri Genès, Alain Souchon eta Antoine, pestakari, Hazparneko Plaza berrian  izan dira.
Kanbiamendu haundienak, 1970-ean, izan dira. Geroztik, Hazparneko pestak, ortzirale aratsearekin hasten dira. Aparka leku haundi bat ukanik, pestetako jostagailuak, Hazparnerat, nonbre haundian etortzen dira. Pesten antolatzea ez da hortako erretsago. Pestetaz arta hartzen duten gazteek, urte guziez, gauza berri batzu ekarri behar dituzte. Zonbeit aldiz, gauza berri horiek arrakasta badute, beste batzuek, batere. Ez da errets!
 Kanbiamendu haundiak izan dira gure pestetan, eta izanen oraino heldu diren urteetan. Hazparneko pestak izan dira xoko huntako haundienatarik, orai ere hala dira…….. Bainan, gaur, eta hori  azken 15 urte hauetan, Hazparneko pestak,  berriz ohidurari itzuli dira, eta pesta horiek, herrikoiak izaiten dira.  Euskal Herriko biztanleri gustatzen zaizkioten Euskal  pestak .