“HERRIKO APEZAK” (Piarres Larzabal Apezaren Idatzietik)

« Mirande jaun erretoraren laguntzera etorri nintzelarik, apez lagun frango aurkitu nituen herrian. Ez naiz mintzo Hazparnen sortu apezez, baitzen heietarik frango toki askotan, bainan bai, Hazparnen berean, parropian, kolejioan, misionesteian edo auzo herrietan, denbora hartan, lan egiten zutenez. Ez ditut hemen zenbait baizik aipatuko, nahiz bertze batzuekin maizago kurutzatzen nintzen, hala nola, Dohoztiriko Moulier Oxobi edo Gerezietako Elissalde Zerbitzari, bi euskaltzain arrantzale kideekin.»
 
Erramun Idieder, berantago erretor Hazparneko erretor izan zena, aipatzen du orai.
        «Hazparnen izan ditut zazpi bikari lagun. Heietarik lehena, Erramun Idieder, Orzaiztarra sortzez, euskaltzalea, bainan ez abertzalea; guziz frantses eskuinaren aldekoa. Bihotz ona zuen eta ez zen demendrenik maltzurra. Aitortu behar dut, Hazpandar jauntto batzuek nere kontrako jukutria bat muntatu zutelarik, apezpikutegiko inguruetan, Idiederrek ninduela abisatu, aski goiz, ene burua defendatzeko gisan.
        Bertzalde, muslaria, eta pilotaria ere, zen, bainan bi jokoetan berdin zikanatzailea. Behin, Hazparneko trinkete zaharrean, pilotan ari izanik, gaitzeko kalapita izan zuen, kasik joka hasteraino, Ximun Duhour, orduan istudiant zen gazte batekin.
        Bertze ixtorio bat gogoratzen daut oraino, Idiederren orroitzapenak: gizon xahar bat hil zitzaikun Urkoiko mugan, Mendia izeneko etxean. Orduan, norbait hiltzen zelarik, ehortzketen bezperan, auzoko bi gizonek hilaren etxera eremaiten zituzten, kurutzearekin batean, biharamuneko apezaren eliza atorra eta estola. Hola egin zuten hor ere.
        Ehortzketa egiteko nere aldia baitzen, biharamun goizean joan nintzen hilaren bila. Elizatik urruneko etxeen ohidura zen bezala, eskaini zaitaten askaria eta ni askaldu. Gero, hango emazte xaharrari eskatu niozkan apez jantziak, bainan puska horiek neretzat zirela entzutearekin, xaharra harritu zen: Hilari soinean emanak ziozkan, kutxaren barnean, ustez eta haren beztitzeko ziren.
        Karrikako lehen etxeetara heltzearekin, bertze apez bat etorri ohi baitzen bidera beretterrekin, egun hartan Idieder etorri zitzaitan. Ni ikustearekin, elizako jantzirik gabe heldu, ez zen guti harritu. Bi hitzez salatu nion zer zen gertatzen: «Hiri baizik ez duk holakorik gertatzen!» zaitan komentatu.
        Elizan sartzean, bertze musikarik zen Jaun erretorarekin, hunek nahi baitzuen, hilerrietan hil kutxa idekaraz nezan, eliza jantziak berreskuratzeko. Ez adituarena egin nuen. Sekula noizbait norbaitek puska horiek aurki balitza lurpean, jakin beza, apez beztiturik kausituko duen gorputza, ez dela batere apez batena, bainan Mendia izeneko laborari xahar batena.
        Geroztik, Erramun Idieder bera ere, Hazparneko erretor egonik, Donibanera erretiratu zen. Ordukotz zorigaitzez hila zen, Donibaneko arrantzaleen apez higaturik, Kaiet Idiartegaray gure adiskide ona. Alta, denbora batez atsegin ginuen Erramun eta Kaiet elgarrekin musean arraraztea, biak berdin baitziren jokolari sutsuak.»
 
     
 Mintzo zen ere Manex Arbeletche bertze Hazparneko bikario batez.
        «Anaiak bezala ginen Manex Arbeletche eta ni: Biak adin berekoak, biek gerla egina eta biak preso egonak, biak omore onekoak eta biek irria maite. Halere bere mintza eta jokamoldeetan ni baino arinago eta moldegaitzago beharbada. Ttipia zelarik, Belokeko serora beneditanoetara joan omen zen behin, eta han, gasnategiko panderuan erori.
        Presoner zelarik aldiz, Alemaniako etxalde batean langile, ahantzi zuen zerri pixa-ziloaren tapatzea eta zilo hartan erori zen etxeko nausia, «Hans» deitzen baitzuten, alemanez Manex, «Hans»-ek entzun zituen bereak eta asto beltxarenak.
        Hazparneko ohidura zen igandeko meza nagusian, prediku aitzin, ezkontzera zoazin herritarren izenak edo «banak» adieraztea. Hain zuzen, Henri Andrein Hazparneko jaun auzapeza ezkontzera zoala, ez zen bertze berririk aipu herriko lantegi guzietan. Jendea igandeko meza nagusiaren beha zagon.
        Arbeletche apezaren aldi zen egun hartako «banak» agertzea. Agerraldi horren formula, betitik hunela eman ohi zen elizan: «Hau da "bana" hauen lehen eta azken agerraldia». Bainan egun hartan, jaun bikarioari desbideratu zitzaion mihia eta atera zuen, auzapezaren izena aipatu eta: «Hau da gizon hunen lehen eta azken ezkontaldia».
        Jaun auzapezak berak barkatu zion bekatua bere kusiari, baitzakien ez zela maleziaz ari izana, bainan erran behar da, kurritu zela berria bazterretan. Gaur, Manex Arbeletche, nere lagun maitea, bertze munduan da: auto istripu batean enbalierturik erretiratu zen erretorgoatik eta gero hil, Garazi aldean.
 
 
Piarres Larzabal apez idazlariak, aipatzen du Laurent Ayerza.
       « Laurent Ayerza zen hazpandar mutil zahar bat, seminarioan egonik, apezteari uko egin ondoan, bere bizi guzia eskola giristinoko irakasle higatu zuena. Bere eskola aitzinean bazituen bizpahiru ezkiondo eder. Une oroz, bere ikasleekin biltzen zituen ondo horien loreak, adiskideri eskaintzeko gisan arratseko tillura. Ayerzak berak prestatzen zuen tillura, guk ekartzen ginuen rhuma eta gero hasten ziren mus partidak eta solasketak.
        Ayerzaeneko lagundian biltzen ginen, parropiako bikariez bertzalde, Gaineko karrikatik, Henri Andrein farmaziena eta Louis Eteheverry okina. Kolejiotik, Berrouet eta Oxoby apezak. Misionesteitik, aita Luro eta Larrart. Arrangoitzetik edo Uztaritzetik, Leon Leon, apez idazle ezaguna eta, etxeko nagusiarentzat, gogoz eta bihotzez lagunik hurbilena. Zenbait irri zaflaren artetik, elgarrekin kurritzen ginituen herriko berriak eta munduko gora-beherak.
        Alemanen denboran ordea, arratseko hamarretan argi guziak itzali behar zirelarik, gure bi lagun, ontsa afaldurik, ez zirena, Gaineko karrikan gora, irrintzinaka hasi? Alemanak ondotik abiaturik, bi lagunek ihes egin zuten Kolejiora. Etsaiak joan ziren hara, Lopez de la Vega Superiora eta Gaztelu direktura gaizkitzera. Bi buruzagiek harroaldi ederra eman zioten bi hobenduneri. Orduan, hauenganik izan ginituen xehetasunak Ayerzaeneko bilkuran. Entzutekoak ziren berriketarien erasiak. Zinez, ahulak eta ezdeusak agertu omen ziren, etsaiaren aitzinean, bi buruzagiak. Bizkitartean, bi lekukoetarik batek zuzendu zuen: «Egia erran, Superiora bai norbait duk, bazakik buru egiten, bainan Gaztelu, tirrit, deus ez duk, perttoli bat!».
        Horra nola, gutartean, neurtzen eta haztatzen ziren batzu eta bertzeak, Ayerzaren bilkuretan.»

Piarres Larzabal 3

Piarres Larzabal Hazparnen egon zelarik bikario,  tokiko jende asko ezagutu zituen. Jende xehe ala larri, berak zion bezala. Hauek aipatuko ditugu egun ere, azken emankizunetan hasiak giren moldean.
 
Lissar auzapeza aipatzen du.
        « Hala nola, Hazparneko auzapeza orduan, JEAN LISSAR zenaturra zen. Aski hurbildik ezagutu dut jaun hori. Sortzez Kanboarra, ofizioz medikua, mende hastapenean Hazparneko auzapez eta deputatu zen. Xemartin-Harriague Morroxkoren alargunarekin ezkondurik, aberats okitua bilakatu zen. 1914eko gerla ondoan, sartu zen lehenik herriko etxean eta gero, Pariseko legebiltzarrean, bere fortunari esker.
        Jadanik, berak bere sakelatik ordaindurik, Urtsuko ura ekarria zuen Hazparneko etxe gehienetara. Berak zituen ere ordainduak, elizaren eraikitzeko egin azken zorrak. Bertzalde, anitz jende bazabilan alde orotarik, haren ondotik, diru eske, eta erran behar da, bazakiela emaiten. Ez zuen halere ahanzten, harenganik zerbait ukan zuena, harekin zorretan gelditzen zela. Fede azkarreko gizona zen bertzalde.
        Hazparnera etorri nintzelarik, diru poxi bat eskaini zaitan gazteentzat, erranez, "pentsatzen zuela, aitzineko bikarien «usaia oneri» jarraikiko nintzela eta, bozketako sasoian, gazte horiek haren zerbitzuko izanen zirela". Nere erreposta fermua izan zen: "Ez zezala pentsa ni sartuko nintzela haren politika lanetan. Gure gaztek hartuko zutela, bakotxak bere gustuko jokamoldea, libroki, eta ene laguntzarik gabe. Ez bazen ene egitatearekin ados, otoi ereman zezala gibelera eskaintzen zaitan dirua."
        Solas horiek harritu bide zuten jaun auzapeza, zeren eta, luzaz mintzatu baitzen, eskuin eta ezker, ene erantzunaz. Ez dakit horrengatik zen, ala zergatik, Lissar-ek estimu handitan hartu ninduen, eta maiz solastatu izan zen geroztik nerekin, hil arteraino.
        Gogoan dut bereziki, gerla denboran gertatu zitzaikun ixtorio bat: gosetea aipu zen jadanik Hazparnen gerla hastean, eta entzun nuen kondatzen, ene aitzineko bikari bat izan zela, behin, etxe batean. Etxekandereak erran omen zion apezari: «Gogotik eskainiko nautzun Jauna, ogi ta gasna puska bat, bainan, oraiko ogi beltz hortarik dugu ogia». Jaunak ihardetsi: «Ba, guk ere hortarik dugu. Emazu duzunetik». Hortan, etxekandereak: «Egia erran, Jauna, ogi beltzik ere ez dugu». Jaun bikariak orduan: «Hori da hori, beltza!»
        Gauzak ez baitziren ordea hobekitu, bereziki langileen etxeetan, langile buruetarik batek, Joseph Driolletek, galdatu zaitan nahi nuenez ararteko izan, Lissar jaunari eskatzeko, bere Larrondoko lurrak, langileen baratzetzat eman zitzan.
        Delako lurrak, artzain batek zituen ordurarte alokatzen, frango merke, ardientzat. Langilen proposamena entzutearekin, haserre gorrian sartu zen Lissar jauna : "Ean hari tokatzen ote zitzaion langileen laguntzea, lantegi bakar bat ere ez zuela bererik. Ez ote zen bertze nehor hura baino lehen ikusi behar?"
        Bainakien nola mintza jaun horri, ihardetsi nion gogor-gogorra : "ez nintzaiola batere eske joana, «afera on» baten proposatzera baizik." Orduan, eztitu zen gure gizona eta hitzeman zaitan, Martin Harriague bere koinata igorriko zuela afera hortaz mintzatzera. Hola egin zuen eta hortik abiatu zen, gaur ezaguna den Larrondoko auzotegi berria.”
 
       Piarres Larzabalek, Mattiu mirikua aipatzen du.
        « Bertze jaun bat ere izan da, Hazparnen asko estimatu dutana: HIPPOLYTE MATHIEU jaun medikua, Mathieu apezpikuaren anaia. Maiz, gauaz, jendeek elgarrekin deitzen gintuzten, hura miriku lana egiteko eta ni apez lanerako. Batzuetan, gertatu zait haatik, esku ukaldi baten emaitea medikuari, erizain bezala.
        Ameriketatik jin sendagailu zenbait banituen, neronek gerla denboran ezagutuak eta entseiatuak, hala nola, erreduren sendatzeko erremedio berri bat. Orroit naiz, karrikako etxe batean sute bat gertaturik, jaun medikuak nere gain utzi zuela presuna baten artatzea, eta hau ontsa sendatu zela.
        Gertatu zait ere, «Mattiu»-rekin, Hazparnen erraiten zen bezala, gertakari bitxi batzuen lekuko izaitea: arrats batez, deitu gintuzten biak, plazatik urrun zen etxe batetara. Ba omen zen han emazte bat, arras kinka txarrean. Ohidura ginuen bezala, Mattiu sartu zen lehenik eriaren ganberala, eta ni, atean egon nintzen, guaitan.
Apur baten buruan ordea, kalapita handi bat entzun nuen, emazte eriaren eta mirikuaren artean. Oihuka ari zen emaztekia: «Nungo miriku enuxentak entzun du holakorik? Nik, haur bat behar dudala 49 urtetan. Badakit nik, zuk baino hobeki, zer den haur baten ukaitea. Baditut jadanik zazpi ukanak!». Medikuak bere aldetik ihardesten zion: «Zuk, erranik ere nahi duzuna, hor izanen duzu, laster, sortu berria!». Medikuak erran bezala gertatu zen. Neska pollit bat izan zen, nik biharamunean bataiatu nuena.
        Bertze behin, kalapita berdintsua izan zen, bainan frantsesez, karrikako bizitegi batean. Gu ikustean, niri jazarri zitzaitan lehenik emaztekia: «Zer dautzu, apez horrek muntatu burua? —erran zion medikuari— Egia da, senarraren ganik berexia naizela, bainan nik errespetatzen dut ene ezkontza! Ez dezake nehork froga ene senarraz bertzerik egundaino sartu dela ene ohean!». Protesta horien ondotik laster, neska bat sortu zen, aldi huntan ere.
        Bertzalde, jaun medikuak, bere etxen bazituen bi seme: bat Henri, medikuntza eskoletan zabilana Parisen eta geroztik mediku irakaskuntzako maila gorenera heldua dena. Bertzea, Beñat, dretxoa eginik Bordelen, sorterrira itzultzekoa zena, etxeko xokolet-gintzari jarraikitzeko. Aitortuko dut, amestu nuela, hura bezalako gizon gazte bat, Hazparneko auzapez ikustea, egun batez. Bainan, nik ez bezalako ikusbideak zituen Jainkoak. Zenbait urte geroago, ez ziren guti harritu Hazpandarrak, jakin zutelarik, Beñat Mathieu sartzen zela Belokeko Beneditanoetan. Badu geroztik lan asko eginik, hor gaindi, aita Filipek.”
 
 Blandiz mintzo da orai, Piarres Larzabal.
 « Hazparnen nintzelarik, bazebilan gutartean oraino bertze galeriano bat, BLANDI deitzen zena. Aski ongi ezagutu dut. Gizon azkar bat zen, hogeita zenbait urtez galeretan egona, diru faltsu egiten hatxemana izanik. Buhami bat bezala bizi zen, ahal zuen tokian jan eta lo eginez.
        Jendeak haren beldur ziren. Berak ez zuen deus jakin nahi apezenganik. Noizean behin solastatzen ginen, bainan deus funtsekorik erran gabe. Bere iraganeko bizitzak basatua zuen eta betizotua. Bainan, ezin ukatua da, norbait zela Blandi eta bere inguruan larderia gaitza zuela. 1950 irian hil zela uste dut. »


Piarres Larzabal 4

Piarres Larzabal, Hazparnen bikario izana denak, “laneko urteak” aipatzen dauzku.
        “Bertze ixtorio frango banuke kondatzeko, Hazparneko bikari bezala iragan ditudan bederatzi hamar urteetan gertaturik. Bainan, laneko urteak izan dira neretzat, oroz gainetik, urte heiek.
 Bazen ordukotzat Hazparnen, langile zindikata bat, edo hobeki erraiteko, baziren bi zindikata: zeren eta 1936an, ezkerreko alderdiak nagusitu zirelarik Frantzian, eta Blum-en gobernu gorri zozialista sortu zelarik, «Confédération Générale du Travail» edo C.G.T. zindikataren adar bat abiatu zuten Hazparnen, Baionatik jinik, komunista batzuek.
        Nagusiek orduan, hari kontra egiteko, muntatu zuten bertze zindikata bat, giristinoa omen zena. Bainan, nagusiek berek, beren bulegoetan hautatuak zituztela hunen buruzagiak; jakinez geroz, asmatuko da errexki ez zuela estimu handirik izan zindikata horrek, herriko langileen artean.
Gero gerla etorri zen. Alemanak nagusitu ziren eta zindikata guziak ixildu. Ni aldiz, Alemaniatik Hazparnera itzuli ondoan, hasi nintzen «Langile gazte kristauen» edo J.O.C.-ko bilkuren egiten. Mogimendu horrek nahi zuen bezala, entseiatzen nintzen, Elizaren erakaspen zozialen arabera, langile gazteen moldatzen. Ene xede nagusia zen, alde batetik, gazteen argitzea, giza ala fede jakintzetan, eta bestetik, heien nortasuna finkatzea.
        Gazte horiek, lantegietako bozketara agertu zirelarik, lehen aldian, arrakasta guti izan zuten. Menturaz, gaztexei, edo «apez beretter» aire, zirelakotz. Bainan, gauzak aldatu ziren 1945etik aitzina, gerlako presonerak etxera itzuli zirelarik. Orduan, Hazparneko «Confédération Française des Travailleurs Chrétiens», C.F.T.C., zindikata kristauaren buru hautatu zuten, Battitta Blezio.
        Buruzagi hori, gizon argia zen, Frantzia guziko zindikataren idazkari nagusi beharra zen, Jacques Tessier-ekin presoner egona eta adiskidetua. Bertzalde, zindikatak berak igorri zituen gazte zenbait eskolatzera, Bordele edo Pariseraino. Sortu ziren ere talde berriak, Luhuson eta Ezpeletan, gero, guziek osatzen zutela Baionan, «Frantziako Langile Kristauen Elkartea», C.F.T.C. deitua : azkenik «Frantziako Langileen Elkartea». C.F.D.T. bilakatu zena.
        Zindikalista horietarik batzu, gazterik hil ziren, hala nola, Janbattit Mendiboure -Marcel Mendiboure apezaren anaia- eta, Mattin Hiriart, aita familiako gaztea, ezin ahantzizko militanteak. Bertze zenbaitek, kario ordaindu zuten beren ausartzia, François Etchart eta François Georgeot bezala, lantegietarik kanporatu baitzituzten eta Frantzia behere horietara edo Hego Ameriketaraino joaitera behartu. Gogoan dut ere, Maurice Bortayrou, jasan izan baitu eritasuna, lan gabezia, herritik kanporatzea, zindikalisten guduka gogorra eta, ororen buru, bera eta bere etxekoak jarraiki baitira beren sailari.
        Herrian berean, ez zen katazkarik falta izan: hala nola, misioneak zirela eta, misionesten buruzagiak ez zituena J.O.C.-ko mutil eta neskak, eta heien ibilbideak, prediku-alkitik kondenatu? Gaztek izkirioz ihardetsi zioten jaun misionestari, eta hunek, elizapeko salara gomitatu zituen, solastatzera. Berrogoi bat gazte bildu ziren, eta nolazpait, auzia xuritu zuten apezarekin.
        Langileriaren iratzartze horrek, mindu zituen Hazparneko nagusi gehienak, hainbertzetaraino nun, arima on batzuek, apezpikutegiko kontseiluari sinetsarazi baitzioten, Hazparneko bikarioak biziki lan hobea egin zezakeela Santa-Graziko mendietan. Bainan,jadanik erran dutan bezala, adiskidek abisatu ninduten aski goiz, eta etsaiaren tiroak huts egin zuen, aldi huntan oraino.
        Dena den, ene ikasle ohiek, zindikalismoa indarrean atxiki zuten, lantegiek iraun zuteno bederen, 70 (hirurogoitahamar)eko hamarkadaz geroz alabainan. Hazparneko 14-15 zapata lantegiek ateak hetsi behar izan zituzten, eta heien 1500 langiletarik gutiz gehienek, bertze biderik hartu behar izan zuten. »
 
        Laborariak aipatzen ditu orai.
        « Hazparnera jin berri nintzelarik, igande goiz batez, elizako sakristian nindagoela, Mirande erretor xaharrarekin, etorri zitzaikun, Sohanoko mutil gazte bat, asaldatua. Nahi zuen, joan zakion laster apez bat, bere urdeen benedikatzera, «konjuratuak» omen baitziren. Jaun erretorak igorri ninduen, zer gertatzen zen ikustera.
        Etxeko urdandegiaren inguruan bazen jende multxo bat bildua, eta denen erdian, Zelaitar basa-marexala, Puttiko deitua. Barnean, baziren urde eta zerri mota asko, zerrama eta zerrikume, bargo, hazkai, zuri eta beltzaran, denetarik, bainan denak «konjuratuak». Harriturik zagon so Puttiko: «Ikusi diat ainitz gauza ene bizian, bainan holakorik ez, sekulan!». Abere batzu, etzanik zauden, higitu gabe. Bertze batzu, zalapartaka zabiltzan, jo eskuin, jo ezker. Zenbait, jauzika ari ziren, harri-murrueri goiti igan nahi bezala.
        Hola ginaudelarik, bakotxak gure iduripena emaiten, huna nun, emazte pizkor bat, etxekanderea, heldu zaukun, oihuka: "Nik badakit zer duten zerriek: denak mozkorrak dira!». Eta esplikatu zuen: «Barda ogi joitea ginuen eta, afal-ondo, mutur saltsa eta kolpekak. Horiek oro, gure gizonek etxeko izpiritutik sobera edana zutelakotz. Zernahi erran diotet nihaurek, burutik behera, eta, ez zezaten gehiago edan izpiritu tzar hortarik, hondar botoilak zerri bazkara hustu ditut. Horra nola diren mozkortu gure kabala guziak".
        Ez dut erraiten, Sohanoko etxe horren heinean zirela Hazparneko laborari etxe guziak, bainan, ez da dudarik, sekulako erreberritzea egin duela laborantzak gure Mendebalde guzian, gerlatik landa.»
 
Huna orai, Piarres Larzabalek zer dion JAC mogimenduaz.
        « Izan nuen beraz zer egin, laborarien sail hortan, zindikatak, koperatibak eta banku-etxeak sustatzeko, eta horien kudeatzaile gazteak moldatzeko.
        Bizpahiru mutiko gaztekin hasi nintzen, J.A.C. edo Laborari Gazte Kristauen bilkurak egiten. Handik laster, 30-40 gaztetaraino elgarretaratu ziren, merkatu arratsaldetan, baserritarrak, Hazparneko bikaritegian. Ahalik eta moldakuntzarik aberatsena heieri eskaintzea, baliabide mota guziak erabiliz, hori zen nere helburua; frantsesez ala euskaraz, ahoz ala izkribuz, entzutez ala ikustez, jakintzazko eta fedezko gaiak, berek ikas eta elgarri irakats zitzaten gazte horiek, nahi nuen.
        Bilkura horietan eskolatu eta moldatu ziren, René Ospital Aiherrako auzapez eta kontseilari jeneral zena, Hazparneko Janpiarre Aincy eta Roger Parrot zenak, Frantxoa Abbadie eta Piarres Darraidou, geroztik, Euskal Herritik urrun bizi izanak, edo Hazparne inguruko zenbait herrigizon, hala nola, Beskoitzeko Santiago Eyherabide, Aiherreko Laurent Challet eta Jean-Baptiste Dartaguiette, eta Isturitzeko Xalbat Charritton.»
 


Piarres Larzabal 5

Beti Piarres Larzabal Apezaren idatzietik, egun aipatuko dugu   Alemanen denboran zer gertatu zen Hazparnen.
 
 «  Alemaniatik itzuli berri nintzelarik, «Komandantur»-era zoan telefona haria norbaitek moztu zuen. Alemanek preso hartu gintuzten, zazpi hazpandar, eta heietarik bat, ni. Aleman hizkuntza piska bat zakien bakarra ni bainintzen, neri buruz gaitzeko erasiak eta mehatxuak bota zituen komandanteak, bainan gero, denak libratu gintuen, erranez haatik, berriz holakorik gertatzen bazen, denak fusilatuko gintuela. 
       Bertze aldi batez, iluntxian, ogi saltzale baten beribilak, soldado aleman bat jo zuen eta, Hazparneko karrika betean, hila aurtiki. Mendekioaren beldurrez, Hazparnetik urrundu zen, istripua egin zuen ogi saltzalea. Lekukoak atera ziren erraiteko, soldadoa mozkorra zela eta, andar batean, bera joan zela autoaren azpira. Duela zenbait urte, Bordeleko karrika batean ikusi nuen, azken aldikotz, beihalako okina eta goxoki aipatu ginuen lehengo orroitzapena.
Bertze gau batez, soldado aleman bat etorri zitzaitan etxera, gordeka. Apezgaia zen eta bere buruzagien jokamoldeaz asea. Nahi zuen lagun nezan Espainiara iragaiten. Autobusean lagundu nuen Azkaineraino, bainekien hango bikarioa, Carrère apeza, nun zabilan. Zorigaitzez, Larrunera buruz zoalarik soldadoa, Alemanek harrapatu zuten eta gero, Azkaingo elizako paretaren kontra fusilatu. Han berean ehortzi zuten ; bainan geroztik, Andde Luberriaga auzapezak, lekuz aldatu zuen gorputza hilerrien barnean. »
 
        Piarres Larzabalek, ihesliarrak aipatzen ditu, orai.
        « Ene etxean bertze ihesliar mota asko iragan da denbora hartan : batzu, Belokeko Beneditanoek igorririk, bertze zenbait, Baionako adixkideenganik etorririk. Ahal bezala gidatzen ginituen bertze aldera buruz.
        Orroitzen naiz, bertzeak bertze, etorri zitzaitala egun batez, Jean de Bourbon delako bat, Pétain marexalaren idazkari egona, omen, Madrilen. Bazuen gordetzeko, zumezko otarre handi bat, artxiboz betea. Zenbait egunez, otarre hura gorde nuen nerekin eta dena miatu, bainan azkenean, lanjerarengatik erre nuen.
        Bertze behin, gerlako gure komandante ohia, Pambrun apeza etorri zitzaitan etxera, Alemanenganik ihesi. Zenbait egunen buruan, ixilka, Bernadin Ichorrots adiskideak ereman zuen sasipeko lagunengana. Geroztik, Pambrun kalonjea erretor egona da Pauen.»
  
        Belokeko sarea, du gaia orai.
       « Makur gehiago egiten zion etsaiari, Belokeko Beneditano batzuekin, lagun batzuek antolatua zuten sareak. Bainan egun batez, hartuak izan ziren gure lagunak. Batzu jin ziren gibelera, Baionatik edo Bordeletik, hala nola, Aita Ildephonse eta Hazparneko Tellechea, «Beso motza». Bertzeak aldiz, Dachau eta Alemaniako bertze zelai beldurgarrietara ereman zituzten, hala nola, Belokeko Aita Hondet abadea eta Aita Joannategi priorea.»
    
 Tiroz hilak izan ziren ere Hazparnen, dio orai, Piarres Larzabalek.
        «Ez dezaket bada kapitulu hau utz, aipatu gabe, gure etxeko ondo-ondoan, tiroz hil zituzten bi hazpandar gazteak, Albert Hirigoyen eta Xemartin Tipy. Gerla galtzera zoazela sendi zuten Alemanek eta beren legeak zorrozten ari zituzten. Debekatu zuten, tenore batetik aitzina, etxetik ateratzea.
        Gure auzoko hiru gazte, tenorez kanpo, beren etxera sartu nahiz ari ziren, «Abere portuko» kamioi alemanen bazterretik. Guardia alemanak, itzal zenbait hurbil sumatzearekin, izitu ziren eta tiroka hasi. Hiru hazpandarretarik batek, Xobur Dumont «Lumak», baratze barnera jauzi eginez, bizia salbatu zuen.
        Bertze bat aldiz, Albert Hirigoyen, «Abere-portua» behera heldu zena, hila erori zen, bere anaiaren leiho azpian.
        Eta hirugarrena, Xemartin Tipy, Panpi Tipy gure apezgai lagunaren anaia, odol-hustu zen, luzaz deika ari izanik auzoeri. Hauek, leihoak ideki nahi zituzten aldi oroz, tiroak berriz hasten omen ziren. Azkenean, gibeleko atetik jin ziren auzoak Bikaritegira, gure abisatzera. Ni orduan, joan nintzen oihuen lekura, argia pizturik, besoak altxatuz eta alemanez mintzatuz ahal bezain gora. Soldado alemanek inguratu ninduten eta hurbiltzera utzi, bainan, Albert eta Xemartin, gure bi gazteak hilak ziren, elgarretarik zenbait urratsetan.»
 
“Amerikanoak heldu”, aipatzen du orai,
        «Amerikanoak leihorreratu zirelarik Normandian, Londresetik etorri zen manua, gibeletik jazartzeko etsaiari, ahal zen toki guzietan. Bainan, egia erran, Hazparne aldean ari izanak baiginen zenbait lagun, gostarik gusta, bertzalderako bideen zabalik atxikitzen, armarik biltzeko axola handirik gabe egonak ginen.
        Mauleko eskualdean armak bazituzten eta oldartu ziren. Hil bat edo bertze izan zen. Zenbait bonba bota zituzten, Alemanek, Mauleko herriaren gainera. Xiberuko sasipetarrek aldiz, Aleman batzu preso hartu zituzten. Ez zen bertzerik izan hemen gaindi.»
 


Piarres Larzabal 6

Egun ere beretik emanen dut ; Piarres Larzabal Apezaren idatzietaz mintzatuko nautzue. Juanden aldian kondatu dugu Hazparne, Alemanen denboran ; gaurko gaian, Piarres Larzabal mintzatzen da,   Alemanak juan zirelarik izan ziren gertakariez, orduko Hazparneko egoeraz.
       
        « Hazparneko aldean, erran behar da, Louis Madré familiari esker eta bereziki, André Madré jeneralaren bitartez, lehen taldearekin baginituela aspaldian loturak. Alemanak joan zirelarik, gauaz eta ixilka, batzu Espainiara buruz ihesi, bertzeak Baionara treinaren hartzeko, gu, hamar bat lagun, aitzinetik hitzartu bezala, bildu ginen herriko-etxean. «Comité de Libération» deitu elkartea antolatu ginuen, eta, Louis Madré, geroxago auzapez izanen zena, gure buru izendatu.
        Ez zen Hazparnen nahasmendu handirik izan, ez bertze toki askotan bezala odol ixurtzerik, ez emazte batzuen bilo mozterik, nahiz bat edo bertzeri kontseilatu ginion, behin herritik urruntzea. Hazparneko jaun batzu atxikiak izan ziren halere, zenbait egunez, Baionan, Polo-ko sareen barnean preso harturik. Bertzalde, Landesetarik, F.T.P. talde bat etorri zitzaikun, bazterrak nahasi beharrez, bainan, gibelera igorri ginuen, gurez-gure legea egiteko aski handi ginela erakutsirik. »
 
 Frantses armada berria du gaia orai, Piarres Larzabalek.
       
«  Handik zenbait denboraren buruan, Frantziako gobernu berriak, behar zuela armada berri bat antolatu, Hazparnera etorri zitzaikun, Bordeletik, Chansou jenerala, bertze aitzindari multxo batekin. Soldadogai gazteen prestakuntza nahi zuten antolatu eta horrela, nere gain izan nuen, Goalard jandarme buruarekin, Hazparne, Bastida, Ahurti eta Landesetako Saint-Barthélémy herriko eskualde osoaren buruzagitza.
        Ardietsi nuen, nihaurek hautatzea laguntzeko, bi sarjant gai, Xalbat Charritton, Ehulateikoa eta Jean Etcheverry, Xilbendeikoa. Bertzalde, hitzeman zaidaten, ofizioko sarjant bat edo bertze igortzea, Baionatik. Eta bilkurak egiten hasi ginen, larunbat guziez. Haritz-Barnen berean, “manoeuvrak” egiten ginituen, gaztetxetik kanpo, eta batzuetan, joaiten ginen Baionaraino.
        Horrek, hiru urteko bat iraun zuen eta gero proposatu zaidaten, armadan gelditzea, “lieutenant” graduarekin; bainan nere xede bakarra zen apeztasunari emaitea nere bizi guzia, eta hala egin nuen.”
 
 
Piarres Larzabalek «Aleli»-ren kantua aipatzen dauku.
       
«  Bizkitartean, orroitzen naiz, egun batez, Zelaiko plazara deitu nindutela, «Bitoria»-ren ospatzeko egin nahi zuten «Bandera goititze» batera. «Tanteene»-ko ostatuan aurkitu nuen gizon multxo bat bildua, «Aleli» deitu Behereko Zelaiko gerlari ohi medailadun batekin.
        Ene sotana ikustearekin, Aleli-ri gogoratu zitzaion, batzuetan entzuten den erran zaharra: «Erregeak eta Apezak dituguno, beti gerla izanen dugu!» eta bota zuen niri buruz: «Hau apeza duk! Honek behar dik gaur hil! ». Lagunek berehala moztu zioten: «Ago ixilik gizona! Gure komandantea duk Larzabal apeza! ». Eta Alelik orduan: «Bon, Larzabal, ez zaitugu hilen, bainan gurekin trinkatzekotan. » Ihardetsi nion gogotik trinkatuko nuela harekin, bainan frantses bandera goititzearekin, «La Marseillaise» kantatu behar zenaz geroz, hari zoakiola, gerlari ohi medailadun gisa, kantua hastea.
        Baietz eta baietz, denak elgarrekin joan ginen pilota plazara. Kantua hasi behar izan zuelarik ordea, Alelik ez zezakeen nehondik airea hatxeman eta, azkenean, atera zuen, hobe ginuela denek ginakien bertze kantu bat kantatzea. Horra nola, Zelaiko pilota plazan, frantses bandera altxatu ginuen, denek batean kantatuz. «La Marseillaise»-en orde... «Iruten ari nuzu» !
 
 « Izengoitiak » aipatzen ditu orai, Piarres Larzabalek.
 
“Hazpandarrek dira trufari gaitzak. Non emaiten da hainbertze izengoiti?
        Mirande, gure erretor xaharrari «Sagu xuria» erraiten zitzaion, bilo xuriak baitzituen eta eztia bezain abila baitzen, ateka txar guzietarik ateratzeko.  
*Erramun Idieder, haren ordaina, berriz, «Biper beltx» zen; bizi itxura kausitzen zioketen.   *Gu, gorputz txarreko hiru bikari ginen, izengoitia ukan ginuen, «Mediak bi».   
*Elizako lehen galerian, ohorezko lekua bazelakotz herriko auzapez eta kontseilarientzat, «Astotegia» deitzen zuten toki hura, Hazpandarrek.  
*Ez nuke nehor mindu nahi, bainan gauza jakina da, Ezpeletatik Hazparnera bizitzera etorri gizon larri bati eman ziotela izena, «Ezpeletako mendia».   *Elizako kurutzeketari gotor bati berriz, «Barrika saindua».  
*Elizan beti berant sartzen zen andere handi bati, eliza kantu patxadatsu baten arabera, latinez, «Tantum Ergo»-sa.   
*Gaztetan, jaun aberats emaztekari baten proposamenak arbuiatu zituen mutxurdin bati, frantsesez, andere «Tuturien»: delako andereak ihardetsi omen baitzion bere jaunari, «Avec moi monsieur, c'est tout ou rien!»   *Bertze zapatain gazte ditxolari bipil bati, espainolez, nork daki zergatik, «Xemartin Mutxatxo».
 


Piarres Larzabal 7

LAzken mintzaldian aipatu bezala, egun bukatuko dugu Piarres Larzabal Apezaren idatzietaz egin sailoa.
           Behin, Piarres Larzabalek aipatzen ditu Hazparneko ditxolariak.
     
«  Xemartin, Guillamondeguy deitua, gaineko karrikan bizi zen. Haren ateraldiak kurri ziren bazter guzietan eta bereziki, zinezko «elhe kofoinak» deitzen ginituen lantegietan.
        Bazen, adibidez, Hazketako kartierean, auto-gidari txar fama zuen eiherazain bat. Plazatik urrun zabilala beribilez, eiherazainak hatxeman zuen, Xemartin, oinez joanki. Bere autoarekin gelditu zen, autozaina, eta erran zion: «Errazu Xemartin, zato nerekin, autoan eremanen zaitut!». Bertzeak ihardetsi: «Habil aitzina, mutikoa, presatua nauk!». Zenbat holako ez luke ba kondatzeko, andere Darruspe, Xemartin zenaren alabak!
 
Boulogne-ko Ama Birjina aipatzen dauku, orai.       
 
« Orai aski urrun ikusten dugu historia hori, bainan gogoan hartu behar da, Alemanen alde eliza gizon batzuek erabili solas eta urratsek, izan zutela gibelondorik, jende xehearen artean.
        Adibidez, Hazparneko bikari nintzelarik, ukan nuen, bertze apez ainitzek bezala, Jean Ybarnegaray, Pétain-en ministroaren ganik gutun bat erraiteko, gobernuko eskoletan errientik balin bazen, eskola giristinoen kontra sobera agertzen zenik, jakinaraz giniezaion berari, lehenbailehen. Gaizki heldua zen nerekin, ezen, ene lagun hoberenetarik nuen, Zelaiko errienta, Dibar jauna. Bainan, ez da harritzeko, apez, apezpiku eta kristau batzuen kontrako mugimendu bat abiatu balin bazen bazterretan, gerla ondoan.
        Hainbertzenarekin, ez dakit nori gogoratu zitzaion, Frantzia guzian barna ibilaraztea Boulogneko Ama Birjinaren itxura, Frantsesen debozionea berritzeko xedetan. Horra nola etorri zen Hazparneraino, Frantziako itzuli berri hori. Joan ginen, Beskoitzeko zubiraino, herri guzia, erraiteko maneran, Ama Birjinari ongi etorri egitera. Handik, kantuz eta otoitzean, ainitzek ointutsik, itzuli ginen elizara eta gaua, elizan iragan ginuen zenbaitek. Gau osoa han egon zen apez bakarra izan bainintzen, leher egina jeiki nintzela, gogoan daukat oraino.
        Dena den, Frantsesen otoitzeri eta Amerikanoen «plan Marshall» lagungarriari esker, arras behera eroria ikusia ginuen erresuma «handia»; berriz altxatu zen aski laster. »
 
 “Zindikata bat ala bi” zen arrangura, erraiten dauku Piarres Larzabalek.
« Eztabada bat ere izan ginuen gerla bururatzean, zindikatak berpiztu zirenean. Galdea zen, ean, langileen intresen zaintzeko, hobe zenez langile guziak zindikata bakarrean elkarretaratzea, ala, langileak libro utzi behar ziren bizpahiru zindikataren artean hautatzeko. Lehen kasuan, langile kristauek, bertze guzien artetik parte hartuz, adiaraz zezaketen beren ikuspegia.
 
Bainan, bazen gibeletik ainitzen beldurra, komunistek menpera zezaten, osoki, delako zindikata bakar hura.
        Albert Terrier, Baionako apezpikuak, deitu gintuen kontsultara, langileez arduratzen ginen apez guziak. Jaun apezpikuak ohar bat argitaratu zuen, bere astekarian, langileen zindikatentzat libertatea eskatzeko ».
 
Gaia dugu orai, Piarres Larzabalen Hazparneko despedida.
« Nere Hazparneko denbora bururatzera nindoan. 1951 (mila bederatzi ehun ta berrogoi ta hamekan), jaun apezpikuak deitu ninduen erraiteko, ni nintzela menturaz egokiena, Zokoako parropia berriaren eraikitzeko. Jakinez zoin gogorrak ziren baldintzak eta ez zuenaz geroz, ez elizarik, ez apez-etxerik, ez dirurik, nerieskaintzeko -aitortzen zuen apezpikuak- ez zuela nere izendatzeko eskubiderik. Neri zegokidan halere ihardestea, ean, onartzen nuen, Zokoako erretor izendatua izaitea.
        Gogoeten egiteko, zortzi egunen epea galdeginik, ihardetsi nuen azkenean: «Bai, onartzen dut». Eta bizikleta harturik, joan nintzen Janbattit Etxeberri, Urruñako erretoraren gana, ene izendapenaren berria emaitera. Urruñako erretor hori zen, ene aspaldiko ezagun eta adiskidea, nere irakasle izana, Uztaritzeko seminarioan. Berehala, gomitatu ninduen, Arotzenea hotelean bazkaltzera eta, auzo berri gisa, lehen solasen egitera ».
 
Hazparneko azken apairua kondatzen dauku orai, Piarres Larzabalek.
        « Despeditu aitzinetik, Mirande erretorak egin zuen, ene ohoretan, bazkari eder bat. Hortara gomitatu zituen, ez nere adiskideak, bainan Hazparneko auzapeza eta jauneria. Apez xaharra beti izana baitzen mahain mintzalari abila, egun hartan ere hala agertu zen. Jan ondotik erran zituen solasek harritu zituzten ainitz. Huna laburzki zertsu erran zuen: «Erretor naizenaz geroz, nere hamahirugarren bikarioa nuen, Larzabal jauna. Aitortzen dut, bertze bikarioetan, nehork ez nauela hunek bezainbat sofriarazi (Denek: hu, hu, hu!), bainan aitortzen dut ere, heien artean, nehor ez dudala hau bezainbat maitatu (Denak irriz). Jakin behar duzue, Larzabal jaun bikari hunek hartu dituen bideak, egin dituela ez bakarrik, nere jakinean, bainan nere baimen osoarekin. Eta baitezpadako zait, hemendik aitzina, jarraikitzea bide hoieri».
        Eta bazkal ondoan, azitaren azpian aurkitu nuen paper xaku bat, orduko hamar mila libera zituela barnean. Mirande jaun erretorak ezarriak.
 
Huna orai, Hazparneko langileen agurra, Piarres Larzabal bikarioari.
       «  Ez dut bada ahanztekoa, Hazparnetik urruntzean herriko langileek egin zaidaten agurra. Ez nintzen, ez, nehorengana izan adioen egiten. Ez ginuen nehun egin biltzarrik. Bainan nun nahi bidean zoazilarik, langileak gelditzen ziren eta beren agurrarekin diru apur bat eskura emaiten zaidaten. Ordu arte, sosik gabe bainintzen, hola bildu diru horri esker, izan nuen Zokoako eliza eraikitzen hasteko doia. Bertzela, orduko jukutria batzuez ez dut den gutieneko bihozminik, bainan irri egiten dut, ez baitira horiek izan, beren ustez gizon handiak ziren gizon ttipi batzuen ttipikeriak baizik ».
 
 

Pierre Broussain

Pierre Broussain sortu zen 1859-ko agorrilaren 5an, Minotz Barrandegian. Bere aita, Barthélémy Broussain, Zelai  Ospitalia etxeko seme bat  zen, Ameriketan ibilirik arrentier bizi zena, Lekuinen. 1849-an,   Lekuinen ezkondu zen, Marie   Sallagoity,  23 urteko,  Etchepareko alabarekin. Bortz haur ukan zituzten.  Martin, zaharrena, Lekuinen sortu zen  eta ordutik, familia, Hazparne Barrandegirat jin zen eta hor sortu ziren bertze lau haurrak : Marie, alaba bakarra, (Léon Guichené abokata, Baionako Deputatuarekin ezkondu zena), Jamattit, Louis-Cyprien eta gaztena,  Pierre-Martin, aita hil berri zelarik sortua.
Pierre Broussain-ek, 6 urte arte ez zuen Euskara baizik entzuna, bainan horren gatik, hogoi urtetan ohartu zen, ixtudioetan ari izan zen denboran, bere ama hizkuntza galtzen ari zuela ; hainbertzetaraino, nun, ahalgetzen zen Euskaraz hizkatzea. Ordutik, erabaki zuen bere sort hizkuntza berriz bereganatzea eta hunen ixtudiatzen abiatu zen.
1880-eko urtean, juan zen Pariserat, medikuntza ikasketen egiteko. Handik eta 6 urteren buruan, bukatu zituen ikastaldiak eta etsaminak  erreusituak; falta zuen bakarrik, tesia baten presentatzea. Bainan hamar urte emanen zituen tesia hori  egin gabe,  ezen, Euskarazko ikasketak eta ikerketa lan batzutan ari izan baitzen.
Medikuntzako ixtudioak eta Euskararenak, betan eremanak zituen  Pierre Broussain-ek.
10 urte berantago presentatu zuen bere tesia, Pariseko fakultatearen aintzinean. Anartean, Euskal idazle guziak irakurtuak zituen, bai eta, Euskararen gaiean egin ikerketa guziak, adibidez, Bonaparte, Van Eys, Vinson, Dodgson, Azkue, Inchauspé, Duvoisin, Chaho, Larramendi, Campion eta bertze. Euskararen ikaskuntza eta huni buruz egin lan eta ikerketeek eman zaioten oharra, gure Euskara zaharraren edertasunaz eta finkatu bere baitan, Herriaren maitasun osoa.Euskararen aldeko lana gutiziatzen zuen, Broussain medikuak. 
Bere lagun mina, Resurreccion Maria Azkue-k, galdatzen zion  bere medikuntza utz zezan zenbeit urtez, lan hori segitzeko. Zorionez, erientzat eta zorigaitzez, Euskararentzat, ez zuen onartu bere ofizioan epe horren egitea.
              1899-ko urtean etorri zen berriz Euskal Herrirat. Durruty Medikua zendu zenetik, hunen ordain jarri zen Hazparnen. Bertzalde, bi mediku baziren Hazparnen, Albert Detchart eta Emile Larraidy; azken hunekin ainitz eztabadatu zuen, hau gorrien hautagai izanez eta bera aldiz, xuriena. Mediku bezala, 302 etxetan sartzen zen Hazparneko lurraldean, ainitz baitzen zenbaki hau.
1904-eko primaderan, berria kurritzen hasi zen Hazparnen, Broussain medikua, laster ezkontzekoa zela, Amendoxe Amikuzeko  euskaldun neska batekilan. Pierre Broussain, epaile bezala ibiltzen zen Euskal pesta haundi batzuetan eta  horela, neska hori, Donapaleun ezagutu omen zuen, 1903-ko urtean. Handik eta urte barne, ezkondu zen eta  ordutik, Jauregi zaharrerat etorri bizitzerat (oraiko posta lekurat).
           1904-eko urte hortan, Herriko hautetsi  bozkatzen dute, Saint Martin Harriague " Morroxko " Auzapezaren zerendan. Hau zendu zenetik, 1905-eko urtean, Hazparneko Auzapez hautatu zuten, 1919-ko urtea arte. Hazparneko Auzapez gisa, gauza haundiak ekintzatu zituen, 14 urte horietan. Adibidez: laborarientzat, kabalen axuantzak sortarazi zituen, "Elgar-lagun" deitzen zen kutxa bat eraikiz.   Bertzalde, Herriko lurren gaiean eztabada haundiak izan ziren; zuhaitzetan eritasuna sartua zen, ametzak ta gazten ondoak hunkitzen zuena. Ihatzea ere mehe zen ordu haietan. Behin, Broussain-ek, lur horien  gainean laborariek zituzten  eskubideak finkatu zituen. Partikularreri lur horien saltzea ez zuen onartu, Herriari beiratuz hauen jabetasuna eta arbola landatzeari lotu zen. Hazparne eta laster, auzo herrietan ere, Broussain izan zen landatze egitarau hortan eskolatzaile; arras abilki  bildu zituen hortarako laguntzak, nun,  urrundik etortzen ziren jendeak, Hazparneko Auzapezaren  kontseiluen bila,  beren herrialdeak   berriz arbolestatu nahian zirenak.
Bestalde, Pierre Broussain-ek errefusatu zuen, 1905-ean, Hazparneko Erromano Harria Pabeko erakustegirat ereman zezaten.
1917-an, Hazparneko kontseiluak errefusatu zuen ere, Polizia komisario baten ezartzea herrian, erranez, Jandarmeak eta Herriko mutila aski zirela ordrearen errespetarazteko Hazparnen.
Gerla etorri zen, dakigun dolu eta nahigabekilan. Hazparneko Auzapezak, ogia eta artoaren gainean ziren zergen apaltzea galdegin zuen eta jende bakotxarentzat, 200 grama ogi ukaitea egun bakotx. Hortarik ikusten dugu, gosetea ere bazela ordu haietan Hazparnen. Gerla finitu zenetik, Broussain eta bere kontseiluak, eraiki arazi zuten Gerlarien hil harria. Hau ikusten den bezala, Euskaldun  seinalez betea da eta ere girixtino seinaletaz. Ohargarri da, Pierre Broussain medikuaren sinesteak nolakoak ziren.
 Denbora hortan, ez zaukan geldirik Euskararen sailean eta Azkue, bere lagunarekin, Euskalzaindia sortu zuten. Bertzalde, 1905-ean, kantonamenduko hautetsi gai izan zen; hiru hautetsi gai ziren, Broussain Medikua, Ritou Notarioa eta Larraidy medikua. Lehen itzulian, 888 boz bildu zituen, Larraidy-k 629 eta  Ritou-k 501. Nahiz boz gehiena bildu, nola bere koinata Guichene, Deputatu gai zen, familian galdegin zioten, uko egitea bigarren itzuliko, podere guziak familian berean ez biltzea gatik, eta ondorioz, Larraidy-k ereman zuen hauteskunde hori.
            1919-ko urtean, Hazparneko Auzapezgoa utzi zuen bere axuantari, Jean-Pierre. Larramendy-ri, eta Kontseilu nagusian sartu zen, Larraidy medikuari gaina harturik. Ondoko urtean, 1920-eko Apirilaren 27 an, supituki zendu zen, Orteseko Herrian, Pabetik gibelerat heldu zelarik.
           Ordainek, Jean Lissar eta bertzek, ordrea gogor eta lerroak tinko izaiteaz gutiziatu dira bereziki, Euskara eta Euskal Herriaren batasunaz arduratu gabe.
          Pierre Broussain zendu zenetik, Martin Landerretche apezak idazten zuen huntaz, 1920- eko Martxoaren 4 an : " Hazparneko Euskaldun Euskaltzale haundia. ". Adema Apezak, Euskalduna astekarian  zion bere aldetik : " Gizon hori, jitez zerbitzu egilea izan da, bereziki gerla denboran eta berenaz guziz  ixila ere. Betbetan, ezin ixildua bilakatzen zen, Euskal Herriaz, Euskaraz eta Euskaldunetaz mintzatzen zelarik. " Etchepare, idazle famatuak, egin zion omenaldi suharrena ; azpimarratu zituen, P.Broussain-ek egin lanak gure hizkuntzaren alde, ordukotz, Euskara batua baten alde agertuz, ezen pentsatzen baitzuen, zazpi Euskal Herrietako mintzaira desberdinek, Euskarari berari kalte ekartzen zuela eta ondorioz, galtzerat zoala. Aipatu zuen ere, nola, Hazparneko Auzapezak barnaki ezagutzen zituen, Bilbotik /Xuberoa artinoko Euskara hizkuntza guziak.
           Orduko, Euskal munduan jakintsunetarik bat zen, Pierre Broussain, Euskal Herri osoan ezagutua. Bainan zorigaitzez, Hazparnen, luzaz baztertua edo ahantzia. Gaur, Hazparneko plazatik Postan (Jauregi zaharra) beheiti doan karrika, Broussain deitzen da.

Urkoiko Ezkilak

Huna Hazparneko bi auzoetan gertatu izan ziren bi ixtorio ttipi.
 Lehena, Urkoin gertatua. 1905-ean, Frantses estadoa eta Eliza, behexi zituzten. Legea pasatu zenetik, ondoko urtean  hasi ziren,  eliza guzietan,  ikerketak. Hauetan, zenbakitzen zituzten tokian ziren ontasunak. Bainan, asko tokitan, eta guziz Euskal Herrian, jendea oldartu zen ikerketa horieri buruz. Bi hitzez kondatuko dautzuet, 1907 -ko urtean, Hauste egunarekin, Urkoiko elizan, ikertze horiek  nola iragan ziren.  Urte hortako ‘Euskaldun Ona’ astekariak idazten zuen hau: « Elizaren ikertzea ginuen, Hauste egunean. Jaun prezetura jin zenean erran tenoreko xuxen, Jaun erretora,  hiru ehun emazte eta gizonekin kalastra  azpian aurkitzen ziren; bertze zenbeit gizon eta emazte, eliza barnean zaudelarik, kantuz errepikan, ateak  hetsirik.
Beraz, prezetura heldu da Jaun erretorari buruz, xapela eskuan, eta erraiten dio, nor den, eta zertara heldu den.  Jaun erretorak ihardesten dako, ez dezokela borta idek, elizaren jabe ez baita bera, bainan bai populua.
Eza ukanik, behin, gibelerat joan ziren. Ondoko egunean, gauzak gaixtandu ziren. Lehenik, etorri ziren Hazparneko jandarmak; hauek alegera omen ziren, ustez eta errexki eta ixilik eginen zutela beren lana; ezen, bazakiten, egun hartan, Jaun erretora joana zela Hazparnerat, Hiriart-Urruty Joanes-Ederrareneko nausi zenaren ehortzketan aurkitzeko. Beraz, deskantsuan zauden jandarmak, beren zaldi haundietarik jautsirik, kalostre azpiko eskelerretan jarriak. Bainan, Urkoitarrak, ez omen ziren  hain deskantsuan. Zurubi luze  bat harturik, Pili  gaizoa iragan da eliza gibeletik eta bere biziaren irriskuan, sartu, eliza dorreko leiho ttipitik, zeinutegirat. Horra nun, ezkilak, balanban hasten diren, dindan errepikan. Jandarma gaizoak, harrituak, nor ote zen eta nundik iragana ote zen gain hartarat, galdatzen dute nor diteken han.
Gizon batek ihardesten du, andere serora ditekela, eliza garbitzen ari baitziteken, ateak hestean. Jandarmek diote, gezurra dela hori, an­dere serorak ez baitu besoa aski azkar holako  indarrean ezkilaren joiteko. Anartean, ezkilaren deia entzunik, Urkoitar  gehienak jinak ziren elizara buruz. Soldadoek ez zituzten  hurbilzera uzten. Bainan, beti, elizako gakoa eskas!
 Azkenean, bi soldado gaizoek hausten dute borta, eta, sartzen dira:  Miarritzeko komisario aipatu hura, Prezetura, Urkoiko  eta Hazparne plazako errientak. Ai ! ai ! ai ! zer gizon hitsak hoiek oro, beren muturbeltz edo zuriekin! Miarritzeko komisarioa bereziki nekexko zabilan, bezperan, Itsasun, tanpako batzu ukanik. Nola, populuak ez baitzituen gizon debru hoiek bakarrik utzi nahi barnean, hoien ondotik sartu dira, fabrikako gizonak, eta memento berean, Jaun axuanta ederki apaindua.
Nola ezkila beti errepikan ari baizen, komisarioak erraiten du : «On ne peut pas faire taire cette cloche-là? » Jandarme bat lotzen da ezkilako sokari, bainan ez dezake ixilaraz. Errientak, (zer gizona hori !)   laguntzen omen du sokaren hausten. Bainan ezkila beti errepikan aintzina. Jandarma badoa selaruetarat, eta errientak, zurubiak emanik, laguntzen du soinutegirat heltzen. Nahi ginuke jakin zer egiten zaion, jaun errientari, ezkilaren soinuak. Lekuko baizik ez balin bazen, egon zadiela lekuko bezala eta utz ezkila geldirik eta ezkila-joilea.
Ezkila dorretik ekarri dute, Pili, komisarioaren aitzinerat; bainan hunek ez du izitu bere balentria guziekin ; ezen, Pili, ez da beldur, ez prozeduraz, ez presondegiaz. Ez ote zaio bakotxari haizu beren etxetik oihuz artzea ; eta hura, bertzeena beza­la, harena den elizatik ari zen, ezkilarekin oihuz.
Fabrikako  gizonek ez dute ikerketa hortan prezeturaren lana  izenpetu. Bainan, jaun axuanta segitu omen baita beti jaun xapeldun heier, Urkoitarrak  ez dire batere fida hunek  zer egin duen. Berak badaki.  Agian, ez ahal da herri guziaren kontra hura altxatu. Bazkariz gelditu omen da errientaren  etxean, lan tzar hoiek akabatu ondoan. »
Huna zer kondatzen zuen Euskaldun Onak, 1907 -ko urtean, Urkoiko elizako ixtorio huntan. Elizetako ikertze horietan, Frantzian barna izan ziren gertakari latzak, hilak ere izan ziren.
 
Huna bigarren ixtorioa, Elizaberrin gertatua.
Elizaberriko kapera 1687 -an eraikia izan zen eta ordutik, Trinitate Sainduari eskainia. Trinitatez egiten dira Elizaberriko pestak, hain xuxen, Kapera hau eraiki geroztik. 1789 -ko Frantziako iraultzaren ondotik, Errepublikaren bigarren urtean, iraultzaren ondorioz,  urte larria   zen  eta jendeak ez zuen pesta egiteko eskubiderik; igandetan ere lanean ari behartzen. Hazparneko paper zaharretan irakurtzen ahal da prozedura bat, orduko Jandarmek egina. Hunek hau dio: “Iraultzalariek egin prozedura Elizaberriko jenden kontra.” Arrazoia: Laneko egun batez pesta egiten zuten eta pilotan ari ziren. Gu, Herriko aintzindari, salaketa baten ondorioz, juan gira Trinitate Kapera, deitu auzorat. Nahiz lan egiteko behar haundia baden erresumarentzat, fanatismo eta axola eskases, han kausitu dugu ainitz jende, bai eta ere, pilotan ari zirenak. Gu, eta gurekin ziren jandarmeak ikusi ondoan, ihes egin dute, eta nehor ezin dugu hatxeman. Hau, nahiz eta erran diotegun “Legearen izenean geldi zaitezte!”. Orduan, sartu gira, Adame Etchegaray ostaleraren etxen. Hor, kausitu ditugu ainitz jende, jaten eta edaten ari zirenak. Hauen izenak hartu ditugu eta hobendun haundiena,  Adame Etchegaray, preso altxatu dugu.  Hazparnen egina, Iraultzaren bigarren urtean, Prairial ilabetearen 27 an. Hain xuxen, Trinitateko igandea zen urte hartan.
Gertakari huni esker, baditugu bi argitasun : alde batetik, Trinitatez egiten zirela, bestak, Elizaberriko auzoan, eta bestaldetik, Herriko ohidurak, Pariseko iraultzlarien legeak baino gehiago segituak zirela.
 
 

Xemartin Harriague  « Morroxko »

 Egun, Xemartin Harriague « Morroxko », Hazparneko Auzapez, Kontseilari Nagusi eta Deputatu izan zen gizon omentsuaz mintzatuko nautzuet.
Xemartin Harriague, Hazparnen sortua zen 1849-ko urriaren 10 ean, Morroxkotean. 1905-eko agorrilaren 18-an zendu zen, Parisen, 56 urte zituelarik. Labiri Morroxkotean bizi izanez emana zioten Morroxko izena.
Gizon aberatsa zen Morroxko, aberats okitua ere, bere fortuna ondorioz ukana zuen bere oseba batzuetarik. Hauek, Jean eta Bernard Broussain deitzen ziren eta Argentinarat juanik, han, larru pelatzeko lantegiak eraiki zituzten, ofizioko  ainitz Hazpandar harat juanarazirik  eta bertako jendearekin lan eginez. Ordu haietan, Argentinan, tokiko Indianoek, abere larruak urerat botatzen zituztela entzunik, erabaki zutela  harat juaitia, errana izan zen. Kordobako eskualdea ametzez estalia omen zen, larruaren lantzeko baliatzen zena eta horela aberastu ziren.
Bi anaiak karlosak ziren, bat bertzearen ondoko jarriak. Jean Broussain hil zen lehenik Argentinan eta beren anaia berantago, Baionan. Hunek emaitza haundi batzu egin zituen Hazparneko Herriari. Behin, Ospitalea eraikitzeko, 50 000 libera utzi zituen eta ere, Mutikoen eskola publikoaren altxatzeko, hau, oraiko zergategia dena. Ikastegi publikoa nahi izan zuen, apezak hastiro zituelakotz, bainan horren gatik, ikastegiaren ate gainean, idatzia zuen (ECOLE ST BERNARD), berak, Bernard izena zuelakotz.
Bernard Broussain hori, zendu zenetik, beren iloba, Xemartin Harriague (Morroxko),  izan zen ondokoa eta ondorioz, fortuna haundi baten buru. Morroxkok, soldadogoa egin berria zuen beren oseba hil zenean, eta denbora heietan, noiztenka, denboraldi batzu behar baitziren egin armadarentzat, hauetan  batetarik eskapatzeko, juan zen Argentinarat bere ontasuneri buruz. Gibelerat etorri zenean, preso altxatu zuten Morroxko, eta presondegitik ateratzean, beren denboraldia egin behar ukan zuen.    
Hauek guziek ez zuten Morroxko durduzatu. Ezkondu zen,  Marie Harriague, beren  izen bereko, Aiherra Arkiko alaba zaharrenarekin. Zorigaitzez, hau zendu zen, 8 urte barne, eta, Morroxko ezkondu zen berriz, Léonie Harriague, bere lehen emaztearen ahizpa gaztearekin. (Hau, gero guk ezagutu dugun Lissar anderea hura bera zen, Jean Lissar Kanboko mediku batekin berriz ezkondua, Morroxko zendu zenetik.}
Bainan geldi gaiten Morroxko jaunaz mintzatzen.   Hazparneko Auzapez izan zen, 1890-ean, 41 urte zituelarik; bederatzi urteren buruan deputatu izan zen, Baionako arrondizamenduko bi deputatuetarik bat; anartean , Kontseilari Nagusi izan zen ere. Deputatu hauteskundetan irabazi aintzin, entsegatua izana zen jadanik, bainan,  Morroxko presentatu zen errepublikanoekin,   orduko gorriak izendatzen zirenekilan,  Apeztiarren aurka zirenen alderdikoekin. Laster ohartu zen, Euskal Herrian, bozetan pasatu nahi bazuen, xuriekin behar zuela adixkidetu eta beraz apezen aldekoekin. Hauekin presentatu zenetik, bozetan irabazdun atera zen.
 
Hazparneko Auzapez bezala, asko egin du Morroxko jaunak. 1890-ean, hain xuxen, deputatu izendatua izan zen urtean, elektrika emanarazi zuen herri barnean, plaza erditik eta 800 metro inguru guzian. Elhiarreko eiheran muntatua zuten elektrika egiteko turbina bat. Hartarik, bi hari andana abiatzen ziren: bat, gauaz karrikak argitzeko eta bertzea, karrikako etxe barneak argitzeko. Behin, herriaren elektrifikatze hortan, Clavier eta Clarous zozietateak  ziren jabe;  bainan laster, Hazparneko elektrika konpañiak erosi zuen elektrika zozietatea eta huntan, 1897-an, kausitzen ditugu : De Heriz jauna lendakari, Jamattitt Elizagaray idazlari eta bertze partzuer batzu, nola Pierre Broussain medikua, zenbeit urteren buruan Herriko Auzapez izanen dena  eta ere, Albert Detchart, bertze mediku bat.
           Hazpandar zozietate berriaren helbidea zen, Jauregizaharra, Broussain medikuaren etxea, oraiko posta lekua. Elektrika eman zuenetik eta ondoko 23 urtez, elektrika saria ez zuten emendatu, bainan 1920-ean,  Darricau,  Hazparneko  elektrika zozietatearen lendakaritzaren denboran, sari  hau (80%) ehunarentzat lauetan hogoiez emendatu nahi ukan zuten.  Hazparneko Herriko kontseiluak, eza, eman zuen. Handik eta sei urteren buruan, Hazpandar elektrika konpañia desegin zen eta  departamenduko, Hydro Électrique konpañiari lotu zuten, Eliarreko eiherako elektrika gunea. Anartean, Herrien arteko kontseilu zindikateak bere gain hartu zuen,  herri osoaren elektrifikatzea. 1936-an, Hazparneko auzo guzietan elektrika emana zen. Elektrifikatze horren hastapenean, Morroxkoren ontasunak izan ziren diru iturri haundiena.
Morroxko hil zenean, omenaldi batean, horela idazten zuten “Eskualdun ona” kasetan :
“Gizon on bat galdu du Eskual-Herriak, eta bereziki, Hazparneko herriak, buruzagi on bat. St. Martin Harriague, Morrotxkoteiko semea, bere sor-herriko auzapez, kantonamenduko kontseilari jeneral, eta Baionako arrondizamenduko bi deputatuetarik bat zena, hil izan da, Parisen, 1905-eko agorrilaren 18-an, gizonaren adinik hoberenean, haren eta halakoen beharrik handiena, Eskual-Herriak eta Frantziak zuketen orenean. Atsegin dugu, herritar ongi-egile handi baten gorestea, bere merezimenduen arabera.  Zer eskasa ez du egin behar hunek, bere xede onekin, bere gogo zuzen, zail eta azkarrarekin, hanbat ederki eskuetan zauzkan gider guziei buruz? Zer zilo ezin betezkoa, edo nekez beteko . Dugun aitor egia : ez ginuen usteko bertze orduz, duela hamabortz, hamasei urte, egun batez, hemen berean, -Eskualdun Ona- huntan, guhaurek laudatu behar izanen ginuela, guk eta orok orduan, hastapen hartan, gure etsaiekin bat, eskuz-esku zoala, ikusi gizona. Ez, ez ginuen segurki holakorik erranen orduan, ez guk, ez nehork; bertzelakoak baitziren orduko itxurak. Bainan, geroztik hunat, urak bide egin du; gizonak ere bai. Gu gure hatzetik higitu gabe, ikusi ditugu lehenago xuxen zoazinetarik asko, makurrerat lerratzen; bertze batzu —bakarrak ba, bainan hanbatenaz merezimendu gehiago dutenak— makurrerako bidea utzirik, onerat egiten.”
Hola idazten zuen kaseta horrek, xuri eta gorrien arteko borrokaren denbora betean. Alabainan, gorri bat xuri bilakatua zen! Eskerrak Jaunari! Morroxkoren ondotik, Pierre Broussain izan zen Hazparneko Auzapez. Hunek ez zuen deus ikustekorik Broussain, Morroxkoren osabekilan. Pierre Broussain medikuaren ixtorioa kondatuko dautzuek, bertze emanaldian.
 
        

ZALDUYA (Lehen Partea)

ZALDUYA (lehen partea)
XIII menderaino, bazen Labiri Urrruñaaneko ondoan, jauregi  zahar bat eta harrek izena zuen: Zaldu zaharra.
Hamahirugarren mendean, Zaldu zaharraren ondoan egin zuten jauregi berri bat : Zaldu berria, edo : Zalduia.
Hamazazpigarren mendean, Labiriko Zalduia aurdikirik, bertze bat, izen berekoa altxatu zuten Zelaian. Gaurko herritar ainitzek, gaztelu horren murru pozi batzu bederen ikusi izan dute beren gazte denboran.
Horra nundik diren orai, Zaldu-zaharra, Labirin eta Zalduia, Zelaian.
Zaldu-zaharreko alaba ezkondu zen, hamekagarren mendean, Biarnoko « De Sault » deitu handi mandi batekin. De Sault hura, Hazparnerat jin zen bizitzerat eta bere familiako izena eman zion bere bizitegiari. Geroztik da Zalduia ezagutua eta finkatua Hazparnen.
Zortzi mendez, Zaldutarren arraza indar handikoa eta famatua izan da. Bainan, 1789-ko iraultzan, bertze ainitz famili aipatu batzuen pare, Zaldukoa  ere toki hauetarik kasatu zuen eta geroztik, Zaldutarren arrazakoetarik, nehor ez da agertu Hazparnen.
Orain mintzatuko gira,  Zalduyan bizi izan diren gizon aipatuenetaz, nola, Guillaume Raymond, Zalduko nagusi famatu batez.
Hamabigarren mendean, anglesak jabetu ziren gure eskualde hauetaz. Toki huntako handi mandi zonbeit jazarri zitzaizkioten, bainan, heien errege, Richard Cœur de Lion famatuak, laster bentzutu zituen.
Horra beraz, Zalduia, Anglesen meneko. Orduko Zalduko nagusia, azeri zahar bat baitzen, esku eman zioten Angleseri eta hauek, Lapurdiko buruzagi izendatu zuten.
Guillame Raymond hori aipatua da bereziki, Baiona hirian erabili zituen lan haundiez.
Oraino, Baionan, bada horren izeneko karrika bat.
Etsaietarik begiratzeko, Guillaume Raymond-ek, Baiona, gaitzeko murru batzuez inguratu zuen eta Baionako ur haundia bara hetsi zuen, kadena luze batzuez, ez baitzitaken han, barnekoen baimenik gabe, nehor ez sar ez atera.
Lapurdiko lur gehienak larre baitziren, Guillaume Raymond-ek alhor bilakarazi zituen eta hortarik, ba toki hauek, ba Zalduko nagusia, aberastu ziren.
Luzaz, Zalduko semeetarik, Angles armadetan kargudun izan ditugu eta batzu, biziki kargudun haundi ere.
1343-ko urtean, gerla izan zen, Baionesen eta Lapurtarren artean. Huna zer gatik.
Orduko Baionako auzapeza, kaskoin tzar bat omen zen; Pès de Puyane izenekoa. Euskaldunak, hastiro zituen.
Baionesek, Angleterrako erregearen ganik (orduan Anglesen azpiko ginen) ardietsi zuten : itsasoko marea norat joaiten baita eta harainoko uren jabe izaitea.
Baionesek igorri zituzten beren gizonak, Milafrankako zubirat, erranez, marea horaraino heltzen zela, eta beraz, zubi haren gainean beren eskupideak bazituztela.
Bai, bainan, Lapurdiko buruzagi, Zalduko nagusia, Guillaume Arnaud baitzen, hau oldartu zitzaioten. Milafrankako zubirat joan eta, Lapurtarrek, hango Baiones gizonak, galtzipurtik har-eta, urerat aurtiki zituzten, erranez : « Aski zutela jastatzea ura gazitua zenez, eta ikustea, hean, marea, zioten bezain hain urrun jiten zen ! »
Orduan gertatu ziren xuri-beltzak Baiones eta Lapurtarren artean.
Baiones debruak ez ziren geldirik egon, gertakari horren ondotik. Huna nola ziren mendekatu.
Urte berean, maiatzaren 24ean, san Bartolo baitzen eta Milafrankako bestak baitziren, Lapurdiko handi-mandiak elgarretaratuak ziren bestaren egiteko, Milafranka Mihotzen.
Pès de Puyane, Baionako auzapezak, gizon multxo bat igorri zituen armaturik, Mihotzerat. Hauek, preso hartu zituzten bestan ari ziren Lapurtarrak, eta, hetarik zonbait, delako zubi hartako zangoeri estekatu zituzten, burua bakarrik uretik kanpoan utziz, erraiten ziotela : « Ikusiko zutela, hean, marea ez zen ba, Milafrankaraino heltzen. »
Marea goiti zelarik, hola estekaturikako gaixo gizonak, ito ziren. Heietarik bat zen, Zalduyako nagusia : Guillaume eta bertze bat, hunen bigarren semea : Oyer.
Horra beraz, Baionesak nola Lapurdiz eta Hazparnez trufatu ziren. Baina ez zen ixtorioa hortan gelditu.
Afera ez zen hortan ixildu, bainan hortarik, nahaskeri gaitzak piztu eta hedatu izan ziren gure tokietan. Lapurdiko buruzagiak elgarretaratu ziren eta gizon multxo bat berekin harturik, bereziki Hazpandar batzu, sartu ziren ixilka, gauaz, Baionako hirian eta hiri guzia arrobatu zuten; Baionako buruzagien etxeak izan ziren gehienak hunkituak.
Hortarik gerla piztu zen Baionesen eta Lapurtarren artean. Baionesak ez zitazken hiritik jali, zafraldi batzu hartu gabe. Azkenean, kanpotik ez baitzitzaioten deus jatekorik heldu, goseteak bentzutu zituen eta galdegin zuten bakea.
 
Zalduko jenden ixtorioa ez da huntan gelditzen, berantxago izan zituzten zenbeit eztabada Hazparneko jendearekin. Elizan haundi mandiek beren tokiak bazauzkaten aldare sahetsean eta hau atxiki nahi zuten. Hazpandarrek, beren aldetik, pentsatzen zuten Jainkoaren etxea  denena berdin zela eta ez zela behexkunderik egin behar elizan. Huntaz mintzatuko nauzue bertzaldian.
 

Zalduya – (Segida)

Hazparne Zalduyaren ixtorioaren segida.
Azken aldian erran dautzuet  nola, hamalaugarren mendean, Anglesek onartu zioten Baioneseri  beren boterea hedatzea,  marea heltzen zen mugaraino eta hauek, nola porogatu izan zuten delako  marea, Milafranka-raino heltzen zela, han zubi zangoeri estekatu baitzituzten Lapurtarrak eta hauek, marea goititu zenean, ito baitziren. Eztabada hortarik,  gerla izan zen, Baionesen eta Lapurtarren  artean;  Baionesek, zafraldi on bat bildu zuten eta bakea galdatu.
Orduko Angleterrako erregeak egin zituen, bake horren hautsi mautsiak. Lehenik, Puyane, Baionako Auzapeza, bere kargutik kanpo ezarri zuen. Gero, Baionesak kondenatuak izan ziren, urtean, hunenbeste mezen erranarazterat, hil zituzten, Zalduia eta haren lagunen arimen fagoretan.
Erregeak debekatu zioten ere, Baioneseri, Lapurtarren aferetan gehiago sudurrik sartzea.
Gerla hortan beraz, Lapurtarrak, Baioneseri nagusitu ziren, eta Lapurtarretan, bereziki Hazpandarrak. Baionesak ari baitzauzkigu batzuetan, espantuka, gu baino gehiago direla, hortaz orroitarazten ahal ditugu : hamalaugarren mendean, zafraldi on bat hartu zutela gure ganik! Bainan ixo! Ez dezagun gerlarik berriz pitz.
Gaur, Zalduko bertze ixtorio bat kondatuko dautzuet, hamazazpigarren mendean gertatua.
Orduan, Hazpandarrek, politikaren gainean nahasiak ziren. Zer zuten bada? Huna :
Alde batetik, aurkitzen ditugu, Hazparneko gizon aipatuenak, beren erretora, Harriague apeza buru, eta, bertze aldetik, Zalduko nagusia bere familiarekin.
Zalduko nagusia, kexu zen biziki, Hazpandarrek ez ziozkatela, elizan, zor zazkoten ohoreak emaiten; Zalduko konde gisa, hartze zuen bezala. Hazpandarrek, erretora buru, ihardesten zioten, ez zituela gehiago ohore horiek merexi.  Ohoreak, herriak zor zituela Urruñanea ondoko Zaldu zaharrekoeri, bainan ez, Zelai Zalduko nagusiari. Zaldu zaharra saldu zuela Ustuileko nagusiari, eta beraz, ez zuela Zaldu zaharretik gehiago pitxik behar.
Zoin ote ziren bada, Zalduko nagusiak, elizan, beretzat galdatzen zituen ohore hek? Huna :
Zalduko nagusiak, bere eta familiaren jar tokia, elizako aldare hegian zuen – Zalduko familia zen, beti lehen lerroan ofrendatzeko eta proosionetan – “Asperges me”-tan, Zalduko familiari aurdikitzen zion apezak, lehenik, ur benedikatua – Ogi benedikatua, lehenik, Zalduiari – eta, meza nagusiaren ondotik, jendeak otoitz egin behar zuen Zaldu-tarrentzat.
Zalduiak ohore horiek nahi zituen, eta Hazpandarrek ez zaioten emaiteko gogorik; horra beraz orduko politikan makur-bideak.
Beraz, 17garren mendean, Hazparneko jendea, bere erretora, Harriague jauna buru, auzitan izan zen, Zalduko aitoren semearekin; hau, ohore gose zelakotz eta elizan ez zituelakotz ukaiten ohore berezi batzu.
Auzia, aitoren semeak irabazi zuen, eta Hazpandarrek gaitzeko afruntua bildu zuten.
Bainan, afera ez zen hortan ixildu. 1705eko urtean, Hazparneko erretor izendatua izan zen, Bernard de Saint Bois, Urkoi Mendiburuko semea; apez jakitate haundikoa zen eta deusetaz beldur ez zena.
Kargutan sartu orduko, erretor berria samurtu zen, Jean Saint Esteben, Zalduko aitoren semearekin eta biak, berriz ere, auzitarat joan ziren, beti afera beraz.
Sei urte iraun zuen heien auziak. Azkenean, bai aitoren semea, bai erretora akitu baitziren, egin zuten antolamendu bat, Hazparneko populu guziaren aintzinean. Antolamendu haren arabera, aitoren semeak ardietsi zituen beretzat ohore berezi batzu, Hazparneko elizan, hala nola, ofrendatzerat lehen joaitea. Haatik, aitortu behar izan zuen, elizan ez zela hura buru, bainan, harena bezenbat edozoin Hazpandarrena zela Jainkoaren etxea.
Auzia, hortan ixildu zen behingoan, bainan berriz pizteko handik eta 70 urteren buruan.
Oraiko aldian, Hazpandarrek ez ziozkaten gehiago, aitoren semeari, agindu ohoreek ere eman nahi. Galdatzen zuten, ohore berak izan zetzan herriko auzapezak. Hortan ere, nahasmendu frango izan ziren. Azkenean, 1789-ko iraultza haundiak, oro geldiarazi zituen.
Ainitz gauza badut jada erranik Zalduko gazteluaz. Egun bururatuko dut harren ixtorioa.
Frantziako iraultza jin zelarik, Zalduko nagusi, St Esteben-ek, toki hauek hustu zituen eta eman zen, iheslari, gure ustez, Espainiarat.
Zalduia saldua izan zen, Diesse, Larresoarrari; hunek berriz saldu izan zuen, duela ehun ta berrogoi ta hamar urte, Ducasse, Baionako aitzindari bati. Ducasse-ek berriz, Sallaberry-ri. Hunek, St Martin Harriague-ri eta, mementoan, ondoriotasunez, Zalduya-ren jabe, Dumont familia litaike.
 Zer bilakatuko ote da  jauregi hori? -galdatzen zuen, 1942-ko urtean, Hazparnen egon zen, Piarres Larzabal Bikarioak, orduan oraino gaztelua xutik zagon, nahiz funditua eta biztanlez hustua. Hunek zion ere, 1846-eko urtean, apez saindu batek nahi izan zuela toki hortan, Trapizta deitu fraile famatuen komentu bat eraiki, bainan ez zuela  bere nahikeria obratu.
  Gaur, badakigu zer bilakatua den Zalduia jauregia : lurrerat eroria da, gelditzen diren murru pareta bakarrak sasipean endurtuak dira, ilunbez eta mixterioz beteak, bainan ez du oraino hain aspaldi, nun, Hazparneko etxetarik ederrena baitzen.