LANTEGIEN  DESAGERTZEA

Egun aipatuko dautzuet, Hazparneko lantegien desagertzea.
Hazparneko zapataintza azkar zen denboran, herriko gider guziak bazituzten zapeterietako nagusiek. Kontseiluan ziren eta Jaun mera eta Apezen graduan ziren nagusi horiek ; karriketan kurutzatzen zirenean, gizonek eta haur untsa ikasiek, boneta kenduz agurtzen zituzten. Nagusi horien  lantegietan lan egiten zuten langileek, nagusiek eraiki etxe gunetan aterbetuak ziren eta berdin, hauek asmatu langilen koperatiboan erosten zituzten bizitzeko behar zituzten janariak. Ordu heietan, aita eta zenbeit aldiz, ama, lantegian ari ziren eta 14  urte betetzen zituztenetik, etxetako haurrak lantegian sartzen ziren. Entzutea dugu, etxe gune horietarik batean bizi zen familia batetako, zindikateko buru zen gizon batek, beren nagusiari galdegin zuela, etxean zuen 14 urteko alabak ixtudioetan segitzea, lantegian artzeko partez. Nagusiak onartu zaion !
 
1950 urte arte hortarik goiti, lantegien garapengoan geldi bat gertatu zen eta ordutik, gain beheitiko pidaia abiatu zuen Hazparneko industriak. Orduan hasi ziren, Hazparneko langileriaren eta zapetaintzako lantegien kezkak. Urte horietan,  Hazparnen sortu zuten langilen zindikata bat, CFTC, deitzen zena. Zindikata hunen sortzeak badu bere ixtorioa. Urte horietan, Frantzian barna, langileria kexu zen eta zindikatuak azkar ziren. Bokaleko CGT zindikateko arduradun batzu etorri ziren, Argi zinemako gelarat, Hazparneko langileriari buruz, hauen partaidetasunaren bila. Mundua bildu zen zinema gelan, eta erran zuten, ondoko hamabortz egunen buruan berriz etorriko zirela, langilen harpidetzaren hartzeko. Hamabortz egun horietan, tipustapa betean, PiarresLarzabal, Hazparneko bikario zenak bultzaturik, eraiki zuten, CFTC, girixtino zindikatua. Bokaleko zindikalizta gorriak etorri zirenean berriz, 5 jende baizik ez ziren Argi zinemako gelarat hurbildu. Hazparneko langilen zindikatua sortua zen, « girixtinoa zen » eta guzientzat hobe zela iduritu zaioten orori.
 
Urte horietan agertu ziren lehen grebak ; oren batetako lanetik gelditze batzu ziren, hain bat sinbolikoak baizik ez zirenak. Handik eta hiru urteren buruan, lana eskasten hasten da Hazparnen ; Algeriako zapeta merkatua gelditzen da, erran nahi baitu, urteko hiru hilabeteren lana galdua dela zapeterientzat. Bi lantegi hesten dira, eta horela irauten da 1963 -a arte. 1963–ko urte hortan, Hazparneko lantegietan lan egiten zuten langile zenbakiak ziren :" Ona " Trolliet lantegian 297 langile. " Ary " Haristoy-Diharce", 264; Bréchoire-Madré "  163;" Amespil-Mongour "  149 bederatzi ;  " At-Home "  67; " Haulon "  50;  " Eder " Guillaume Etchevers  44; " St Esteben Louis "  (takoi egilea ) 44;  " Maillouquet eta Diron "   38; " Carrère anaiek " 28 langile ; " Borteyrou-Ayçaguerre-Duhart-Louis-Louis " 14 langile.
 
 
Urte hortan, jornalen gaiean izan zen elgarrizketak,  ez zuen bururatzerik aurkitu eta herriko lantegi guziak greban jarri ziren, eta Hazparneko karriketan barna ibili, beren jornalaren emendatzea eskatuz. Lehen aldia zen langile guziak karrikarat ateratzen zirela, betan, zindikatak manaturik. Ordu arte izan ziren, lan gelditze batzu. Greba hunek, 8 egun iraun zuen. Baionako komertsial ganbera, bankoek eta enpresa nagusien arteko inkesta batek agertarazi zuen, zapeterien egoera keskagarri hunek bazituela arrazoi asko, eta zaila izanen zela egoera huntarik ateratzea. Dena den, langileek ardietsi zuten galdeginaren parte on bat, eta lana berriz hasi zuten.
 
1965 ean eta ondoko bi urtetan, lau lantegi hetsi dira Hazparnen; eta 1972 an, 1151 langiletarik,  753-tarat jautsi zen langile zenbakia. Ondoko 5 urtetan,  10 lantegi hetsi ziren. 10 urtez,  900 lan postu galdu ziren gure herrian. 1972-ko urte hortan, Herriko Etxeak, Jean Pinatel Auzapeza buru, Herriko laborariak, etxegintzetako ofizialeak, saltegietako jendeak, juntatu ziren zapeterietako langileri eta egun batez, 2000 Hazpandar bildu ziren, behin, Hazparneko karrikan eta gero, Baionan; manifestaldi bat egin zuten Paulmy karrikaren beheiti, Prefektura aintzinean gelditzeko. Han, Baionako suprefetak errezebitu zituen Hazpandarren ordezkariak. Oraino, 15 urtez, 7 lantegiek ihardokiko dute Hazparnen.
 
1987- an, 100 langile ziren, zapeterietako oraino ari zirenak ,1995ean, lantegi bakarra zen ‘Luxat’ zapeteria eta, 2011- ko urte huntan, ez da gehiago zapeteriarik Hazparnen.
 
Zapeteriak Hixtorioan sartuak dira, Hazparneko ixtorioan.
 


Laurent APESTEGUY Misionesta

Donibane Zaharreko semea zen Apez hau, eta  guziz famatua izan zen bere denboran, Izpiritu argia, pereikari gaitza eta idazle ezagutua. 1928-ko urtean zendu zen, 40 urtetan. Jamattik Etcheverry Misionesta mintzo da huntaz.
 
"Buru onak liburu ona balio du", dio erran zaharrak.
Ah ! Segur, zuhur hitz horrek deplauki erakusterat emaiten dauku , nolakoak zitazken, APESTEGUY misionest zenaren dohainak.
1928 urteko, urtarrilaren hogoi-ta-zazpian, APESTEGUY Misionesta zendu zenean,  Jean ST-PIERRE, apezpikugai talendutsua bezain maitagarriak, idazten zituen hitz hauek : « Bazuen izpiritu bat zorrotza, hartze bat miresgarria, ikusiak oro beretzen baitzituen eta bere molde hartan inguraturik, argiago eta beroago agertarazten. Dohain eder hori zuen Hazparneko Misionestak, deneri emana ez dena ,   adibidez, nola sasipeko uzkinazoak,  kirriskatuz adiarazten duen bere karranka motza,  errexiñolak aldiz,  bazter guziak airosten  ditu,  gurguria  ezti, kantu-xaramela miresgarriaz. Hunen pare zen, Hazparneko misionesta.”
 
 Pereikari gaitza, bainan ere, idazle paregabea. Mende hunen hastapenean, “ La Croix” egunkariak muntatu zuen, 1910-eko urtean, zoingehiagoka bat arras Iaketa : helarazi zuen, Frantziako apez gazte guzieri, usaiaz kanpoko mezu hau : "Hea ba, zoinek eginen duen zuen artean artikulu, lerro-alde ederrena, erlisione sainduaren alde. Harek izanen du lehen prima".
 
Frantziako lau hegaletarik igorriak izan ziren gai hartako artikulu bereziak.
Ordu hartan, APESTEGUY, bikari zen Donibane Garazin.
Harek zendako ez ? — igorri zuen delako artikulua. Dudarik ezta irakaspen mamitsuenez orratua eta hizkuntza pollitenez troxatua zela, eskualdun bikari gaztearen lerro-aldea. Halako gisaz, nun ukan baitzuen, Frantzia guziko lehen prima, parez-par emana, Eugène Duplessy, paristar apez liburu egilearekin.
Etzen beraz, APESTEGI-ren lana, ahurrean purtzukatzen den zerga paper higuina ! Egiari zor dut erraitea, -dio Etcheverry misionestak-,  apez horrek kudeatu dituela, izkirioz eta kaseten medioz, gataska-eztabada batzu gatz-biperretan ongi kausituak.
 
Hala nola, HARRIET, Donibaneko uxerak bai eta ere, J.-P. BRANA, Lekuineko errientak, ukan zituzten torraldi batzu arras saminak. APESTEGI-ren lumak xixtatzen zuen segur, bainan eztu sekulan nihor larrutu ez kolpatu. Bertzeak bertze, arras zirtolaria omen zen. Misionest zaharrek kondatzen zituzten , haren ateraldi ziliportatsuak. Denak ezin aipa hemen, huna batto bederen.
 
 
 
Denbora batez, misionestegiko apez moltseroa, arras dorpea  zen  beretzat. Ohartu gabean, seguraz ere, etzen batere misionest lagunen mahainaz galtzerat ekarria... Zer ! Petiri Santz etxe saindu hortan ? Apez horiek iguzkia janari ? Etzitazken hortaratuak ! Bakarrik, GIEURE jaun apezpikuak zerbait lelo entzun zukeen.
 
Etorri zen beraz Hazparnerat. Elgarretaratu zituen apez guziak. Eta itzulirik jaun ekonomari buruz, erran zion : « Ongi artatzen ditutzu bederen zure apez lagunak ?» APESTEGI-k eman zituen, nihork galdegiten etzituen argitasunak :
 « Monseigneur, gure jaun ekonoma saindu bat da, zeru-lurren artean bizi, lur huntako xeheteriez griñatu gabe. Aspaldi huntan, gure saieko arnoa ozpindua dugu. Igandetako kafe hori, misionest zaharren zapet jusez egina da. Eta gure oilaxko guziak, zaharturik hiltzen dira, hesi zokoetan. »
Hitz horiek aditzearekin, deneri irria nausitu. Bai eta, gure etxe gizonak bertzelako xedeak hartu, eta haindik harateko hazbidea finkatu misionestegian.
 
APESTEGUY, zirtolaria zen, bainan bazuen nortarik hartze : bere aita ere eleketari pollita zuen. Ixtorio labur bat kondatuko dautzuet gizon horren gaiean.
Misione bat predeikatu ginuen 1932 urtean,  Donazaharreko herrian, dio Jamattit Etcheverry misionestak. Denak akabatu ondoan izan ginen,  APESTEGUY zenaren aitaren ikusten. Adin ederra zuen : 93 urte ! Gure predeiku guzietan ibilia zen, dio beti, Etcheverry Misionestak. Ene misionest lagunak egin zion galde bat, bitzia bezain perilosa... «Apesteguy Jauna, zer diozu gure predeikuez ? » Eta gure xahar bipilak hitzetik hortzerat arrapostua :«  Ah, pfut ! Ziek erran guzien gatik, berriz ezkontzeko prest nizala ! » Hatxemazue hori eta berokian  ezar bonet azpian !
 
Zerk helarazi du, hoin gora eta denbora laburrez, Laurent APES­TEGUY misionesta ? Oroz gainetik, fedeak eta laneko karrak. Gizonaren iturri garbiena hortan dago. Behin baino gehiagotan errana izan da : gizonak bere bete betea emaitekotz, ibili behar duela, eskuz-esku, Jainkoarekin.
Nola ez gira beraz lehiatuko, misionest horren orhoitzapenaren artoski beiratzerat ? Ez dukegu baliosagorik, gure bidearen argitzeko eta gure urratsen ongiari buruz sustatzeko.
 


MARTIN  LARRALDE  BORDAXURI (1782-1821)

 Azken aldian aipatu dugu Elizaberriko auzoa. Auzo hortan,   omen haundiko bertsulari bat izan da. Hunek, ixtorio larri bat jasan izan behar ukan zuen. Hazparnen, ainitzek entzuna dukete noizbeit, guti edo aski, gizon  dohakabe huntaz mintzatzen .
 
Martin Larralde sortu zen, Plumaienean, 1782-ko urtarrilaren 7 an, Guillaume Larralde Bordaxurikoa, eta Marie Ithurbide Plumaienekoa danik. Ama hil zaionetik, Martin-ek  aitari galdatu zion, bere etxe partea. Plumaieneko premu izanez, eskubide zuen, amaren etxe partea.  Aitak ez zuen deus entzun nahi ukan eta eza eman zakon.
 
Eztabada, laster gaixtandu zen, aita eta semearen artean. Aitak, Jean Ospital Kaselarenbordako etxetiarrari,  emana zaion pentze bat lantzeko, eta huntan, belarra mozteko. Eremu hartan, Kaselarenborda,  belarretan ari zen  ekain batez, bi tiro entzun ziren, Bihotxeneko xaratik heldu zirenak. Batek, espaldan kausitu zuen belar zamatzen ari zen laboraria.  Laster, Plumaieneko premuaren gain juan ziren suspizioak, berantago auziak agertu duen bezala.
 
Jondonaneko eguna zen, ekainaren 27 a. Kolpatua zen laboraria, Hazparneko Jean-Baptiste Durruty medikuaren ganat izan zen, artatzen. Ondotik, Martin-en aitarekin, Hazparneko Auzapeza, Jean-Baptiste Franchisteguy, eta Jandarmeak, abisatu zituzten, gertakariaz. Martin Larralde, egun hortarik aintzina, ez zen etxerat agertu. Harma ebatsia zakotela erraiten zuen eta  auzoetako bidetan kausitzen zitueneri erraiten zioten, Erregearen zerbitzurat deitua zela, bainan harat ez juan nahiz gordetzen zela. Bihotxeneko xaran kausitu zituzten, Martin-en harma eta kartuxa zakua.
 
1815-eko uztailaren 4 an, Hazparneko jandarmek preso altxatu zuten, Martin Larralde, eta zenbeit egunen buruan, Baionarat ereman. Azaroaren 28 an epaitu  zuten, Pabeko auzitegian, eta hor, bizirako, galeretarat kondenatu.
 
Plumaieneko premuak ukan zuen gaztigua, ikaragarria izan zen; ez zaion nehor urrikaldu, ez etxekoak, ez epaileak, ez eta auzitegirat juanak ziren lekukoak. Alta, hilik ez zen izan, bakarrik kolpe bat espalda batean, laster sendatu zena. Bainan, Martin Larraldek, ez zuen hitzik atera auzian; ukatu zuen, tiroaren emailea izan zeal, eta hortan gelditu zen.
 
Hurbiletik behatuz, tiroaren emaitea ez bazuen egin behar, beren eskubide zuen, etxe partearen galdatzea, eta bere lurretan zen auzoa poxolu ukaitea. Auziaren erabakia hartu zuten 7 epaile, agertu ziren galeretarat igortzearen alde, eta 5 kontra. Auziko epaileak, hamabietarik bederatzi, ontasun jabeak ziren: bazen Auzapez bat, Abokat bat eta arrantier bat. Hazparne Elizaberri Plumaieneko auzo gehienak, lekuko izan ziren, eta heien lekukotasunak, hitz beretaz osatuak zirela idatzia da erdaraz, auziko paperetan; nahiz ez zakiten, ez irakurtzen, ez eta idazten, ez eta oraino, erdaraz mintzatzen. Auzian,  Plumaieneko semeak eta lekukoek, xuberutar euskaldun bat zaukaten itzulpenarentzat.
 
Auzia bukatu zenetik, karrikarat ereman zuten Martin, eta han, plazan karkanari estekatu, ororen bixtan, papoan idatzia zaukala, galeretarat kondenatua zela sekulakotz. Rochefort hiriko galeretarat  eremana izan zen, agorrilaren 5 an, 35 urte zituelarik eta han hil zen, 1829-ko abendoaren 19 an; 40 urte zituen.
 
 
 
Hixtorio latz huntaz, Piarres Larzabal antzerki idazlari apezak, egin zuen gai bat, “Bordaxuri” deitu zuena. Antzerki hunek ez du zinezko ixtorioarekin zer ikustekorik. Hemen agertarazten du, nola, semeak, aita hil nahi izan zuen, hunen andre gaia bereganatu nahiz. Bere gutiziaren osatzeko, amaren partea ez ziola eman nahi ukan, eta auzitarazi zuela semea, etxetik tokia huts zezan. Hau zion antzerkiak, bertze  asko ezberdintasunen artean. Bainan, Euskal Herriko antzokietan, antzerki eder horren zabaltzeak, Plumaieneko seme dohakabearen ixtorio bat nasaiki zabaldu du.
 
Preso zelarik, Martin Larralde Plumaieneko premuak,  bertsu batzu idatziarazi zituen. 11 edo 12 bertsu dira; ezagutuenak, hameka. Bertsu guziz bortitzak, bainan ere, hunkigarriak eta ederki moldatuak ; nahiz poto bat dagon bigarrenean :  « Gabe » hitza, bi aldiz agertzen baita.
 
Bertsu horiek oraino kantatzen dira nasaiki, Elizaberrin, eta gehienen gogoan, Martin Larralde Plumai, hobendun baino gehiago, gertakariaren jasaile izan zela diote. Ixtorio hau Elizaberritarrena da, eta kantu hau entzutean, injustizia baten sendimendua da nagusitzen.
                            
Ixtoria zail hunen hemen agertzeak ez du, ene aldetik, nahikari berezi baten gutiziarik ; bakarrik, Pabeko artxibetan lo dagotzin paper zahar batzuen agertzeaz besterik. Hau, gure herriko ixtorio bat baita, Elizaberriko auzoan gertatua, eta ixtorioa ez bada baitezpadakoa, bertsuak hala dira. Galerianoaren kantua, Euskal Herri osoan zabaldua  da,  eta kantatua  oraino.
Kantua hola hasten da :
Kantu hauk eman  ditut Paubeko hirian,
Burdinez kargaturik, oi presundegian
Bai eta kopiatu denbora berian
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.
Eta aita gogoan honela bukatzen dira :
Hok eman izan ditut ez changrinatzeko,
Ene ahide adichkidek kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako
Kantu hok aditzean semiaz orhoitzeko.
 


 “JOSEP MENDIAGUE” Hazpandar Bertsularia” 

Egun aipatuko dugu, Josep MENDIAGUE, hazpandar bertsulari famatua. Gizon omentsu huntaz, Rokiague-ko xiberotarrek,  pastorala bat egiten ari dute,  eta pastorala hau, Hazparnen emanen dute,  naski,  helduden buruilaren hastapenean.
 
Bertsulari hunek, Hazparneko  karrika bati emana dio bere izena, hain xuxen, bere familia  bizi izan den, “Guardatea”,  deitzen zen  etxe sahetsean den karrikari.
Josep Mendiague,   erdi – Amerikan     URUGUAY erresumako    MONTEVIDEO herrian bizi izana da gehienik; handik  eman ditu, kantuz,  beren bertsu  gehientxuak.
 
Bertsularien mailan, Josep Mendiague izan da omentsuenetarik bat. Kasik nehork ez zuen ezagutzen Euskal Herrian, Piarres Charritton jaunak, itzaletik iduzkiratu zuen anartean.
 
Josep Mendiagen burrasoak, Mendiague-Larregain senar-emaztek, beren lehen hiru haurrak Hazparnen ukan zituzten, bainan gero, Aldudera joaiteko ordena etorri zitzaien. Hamar urtez, Aldudeko karrikan bizi izan ziren,  Frantxua  Mendiague guarda eta haren laguna. Aldudan izan zituzten beste zazpi haur eta hauen artean, mila zortzi ehun ta berrogoi ta bost (1845)-eko apirilaren 27an, sortu zitzaien semea, Josep,  Ithurburu jaun apezak bataiatu zuena biharamunean. Aitabitxi eta amabitxitako, auzoan hartu zituzten, Josep Inda, Perkainenekoa eta Margarita Mokozain, Etienne Ritou Aldudeko auzapezaren andre beharra.
mila zortzi ehun ta berrogoi ta zortzi (1848)-ko uztailean,  guarda ofizioa utzi zuen, Frantxua Mendiaguek eta bere familia guziarekin, emaztea eta gelditzen zitzaion sei haurrekin, Hazparnen bizitzerat berriz  etorri zen.


Urte hartan, 3 urte doi-doia zituen Josep Mendiaguek, Aldude bere sorterritik Hazparnen bizitzera etorri zelarik. Hazparne, herri barreatua da: lehen egonaldian, mila zortzi ehun ta hogoi ta hamabost eta mila zortzi ehun ta hogoi ta hemezortzi (1835-1838) artean, Mendiaguetarrak, Ospitalean eta Ospitalegaraian edo Xuhian, hots, beti Zelaia deitu auzotegian, egonak ziren.
 
Aldi honetan, Hazparne beherean kokatu ziren, eta lehenik, aitaren guarda ondo erretretaren ontzeko arauz, plaza ondoan zegoen, Dukiaineko ostatuan. Lehen urteak, zinez gogorrak izan zitezkeen Hazparnen. Hala ziren eta urte haiek, bereziki jende xehearentzat, Europa guzian. Orai ere, Afrikan gertatzen diren gosete aldien idurikoa omen izan zen, mila zortzi ehun ta berrogoi ta sei –ta- mila zortzi ehun ta berrogoi ta zazpi (1846-1847) urtekoa. Historialariek kondatu digute zer ondorio izan zuen aldi gaixto horrek, gure eskualdean ere, Mauleraino eta Hazparneraino, Xiberotarrak asaldatu baitziren Mauleko bihi-saltzaleen kontra; Hazparnen aldiz, langileak jan doia ukan zezan, Aita Garat-Pikasarri misionesteiko buruzagi sainduak, prezioak beheititzea, etxeko-jaunen ganik ardietsi baitzuen. (Hunen ixtorioa, juanden urteko emankizun batean kondatu nautzuen hemendik beretik.)
 
Josep Mendiague beti danik biziki atxikia izan da Hazparneko herriari. Huntan, gaineko eskolan egin zituen ikasketak eta, ondorioz, adixkide ainitz bazituen Hazparnen, beren bizi osoan lantu dituen adixkidantza beroak.
Josep Mendiague, bere adineko asko gazte bezala, hogoi urte zituenetik, erabaki zuen Ameriketarat juaitia. URUGUAY-ko “ENTRE RIOS”  herrialderat juan zen, mila zortzi ehun eta hiruetan hogoitabortzean (1865). Jadanik, bertsutan hasia zen, eta hauetan agertzen zen,  bere burua osoki Hazpandarra   zaukala. Ez da beraz harritzeko, Otxalde bertsularia, «ENTRE-RIOS»-etara, juan zizaiolarik,  honela agurtu zuela   Mendiaguek: "Ene herria Hazparne, zurea Bidarri... "  
 
 
 
 
Lehen urteak zailak izan ziren, eta itzuli bat ere egin behar izan zuen Argentinarat, “PORTO-RUIZ “ herrirat, lan baten hatxemaiteko. Berak, eta bere Euskaldun adixkidek jasaiten zuten egoera beltza kondatzen zuen bertsutan. Laster berriz itzuli zen URUGUAY-ko  “SAN JOSE” herrirat eta han ezkondu zen,  Margarita Gandolla- rekin,  mila zortzi ehun eta lauetan hogoita batean (1881). Elgarrekin ostatu ttipi bat, lo gela batzuekin, hartu zuten. Hortik aintzina, familia hunen bizia hobetu zen  eta, Josep  Mendiague bertsulariaren omena haunditu ere, Euskal diasporaren baitan.
 
Josep Mendiague eta Margarita Gandolla, senar emaztek, “SAN JOSE” hirian izan zituzten lau haurretarik, bi, gazterik galdu zituzten: Maria eta Francisco. Beste biak ezkondu zitzaikien: Martin, semea, Berta Baru anderearekin eta ez zuten hauek haurrik izan; Julia, alaba, «Maruja» deitzen zutena, aldiz, Leopoldo Tosi arkitektoarekin. Hauek izan zituzten hiru haur: seme gehiena, gazterik zendua, arreba gehiena eta seme bigarrena, Lionel Tosi.
Tosi-Mendiague bi anai-arrebak,  berrikitan oraino  bizi ziren Montevideon, hiruetan hogoi ta hamar (70) urteak bakotxak iraganak dituztela eta haurrean ezagutu duten beren aitatso, Josep, «Toto» deitzen zutenaz, biak ongi orroit dira.
 
Mila zortzi ehun eta lauetan hogoitazazpiko urtetik geroztik   (1887), Mendiaguek, « Euskaldunak Bat » elkartearen sorkuntzan parte hartu zuen eta hau lagundu bizitzen, ainitz urtez. Baionan agertzen zen  « Eskualduna eta Eskual Herria » aldizkarian idazten zuen eta oraino,  Los Angeles, « Californiako Euskal Herria » aldizkarian, Buenos Aireseko « Euskal Herria” eta “Haitza », aldizkarietan ere. Montevideo herrian kokatu ziren azkenekotz, hogoi garren mendearen hastapenean eta hor, bertze aldizkari baten sortzeari lotu zen, « Eskual Herria » izenekoa.
 
Josep Mendiague-ek ainitz ikasi zuen, bera baino 25 urte zaharrago zen IPARRAGIRRE-en ganik. Aski da ikustea, «Euskaldun Bertsulariak» izeneko kantua moldatzen duenean, guarda semeak, nola bertso bat oso-osoa, beste bihi bati ez bezala, eskaintzen dion «Urretxuarrari». Ohartzen gira bestalde, beste edozein bertso egileri baino  toki gehiago emaiten diola, Mendiaguek, Iparragirreri, bere kantu liburuan. Bere kantu berrientzat, haren obretarik hartzen ditu maiz aireak, zenbat aldiz ez dugu kausitzen «Ume eder bat»-en doinua? Oroz gainetik, ikusi behar da, Iparragirreren gai beretsuak dituela erabiltzen Mendiaguek, mila zortzi ehun ta hiruetan hogoi ta hiru –ta- mila zortzi ehun ta hiruetan hogoi ta hamasei (1863-1876) tartean, moldatu dituen bertsoetan.
 
Lehenik, euskaltzaletasuna, beti iraunen diona, erran gabe doa; bainan gero, orduko Amerika alde hartako historia tristea ere, Baionako astekari euskaldunetan, agertuak izan ziren Mendiagen bertsu  asko, beti Montevideotik heldu zirenak : adibidez, «Erramun Darraidou-ri Hazparnerat Montevideo-tik», «Xabier Harriet Aiherrako apezari», «Buenos-Aires-tarrak Montevideo-n», eta «Gizon zahar baten arrengurak».
 
Montevideon zendu zen Josep Mendiague, mila bederatzi ehun eta hogoita hamazazpi (1937) ko buruilaren 12 an,  lauetan hogoita hamabi (92) urte zituelarik.



BIHOTZ  SAKRATUAREN  Edo  MISIONESTEN KAPERA

Hazparnen kokatu zirenetik, Misionestek eraiki zuten Kapera bat, 1824-an. Kapera ttipi hau, 1858-an doietarik eskapatu zen, sutei batetarik. Kapera ez zen bakarrik, arras ttipia, bainan ere, dixtira gutikoa zen, hain bat arrunta, nun, egun bâtez, hazpandar batek erran zuen: « Jaun Misionestek egoitza ederra dute, bainan, nagusia, Jainkoa, etxola hitsean daukate".
Nola Kapera hortako elizkizunetan ainitz jende bazabilan, Misionestek erabaki zuten kapera haundiago baten eraikitzea. Hau jin zakion gogorat, Jean-Baptiste Garat, Misionesten Lehen zuzendariari, bainan, hunek ez zuen eraiki ahal izan eta ere, ez oraino, hunen ondotik izan ziren 4 superiorek. Misionesten kapera berriaren eraikitzailea izan zen beraz, seigarren superiora, Aita Lopez de la Vega. Hunek, Hiriart, Lafaye Tribout eta Beau, lau arkitekteri manatu zioten Kapera berriaren planoak egitea eta obren kudeatzea.
Lehen projektu bat eskaini zioten, Aita Lopez de la Vega-ri. Huntan, kapera berriaren sartzea, gaurko lizeoko portaletan bezala zen eta eki alderat luzara asmatua zen, gaurko kapera ez den bezala. Kapera ekialderat buruz eta Misionesten etxea sahetsean zaukala, huni, kalastrape bat lotua zaioten luze luzia. Obra gaitza baten ekaia zen, gastu izigarriekilan eta behar izan zuten beren ikusmoldea, eginahalaren izarietarat jautsi. Orduan, arkitektuek eskaini zuten, gaur ikusten ahal dugun kapera hunen itxurako ekeia; aldarea ez da, lehen projektuan zuen bezala, ekialderat, Eliza gehienek bezala, bainan, hegoalderat, eta sartzea, ipar aldetik eginen da, mendebaletik egiteko orde. Projektu hau onartua izan zen.
Ordutik, dirua behar zen bildu eta mila bederatzi ehun eta hogoita zortzitik (1928) haste, abiatu ziren emaitzak. Misionestak, herriz herri zabiltzan beren ekintzaren aipatzen eta Euskal Herri guzitik etorri ziren laguntzak ; 73 Parropia izan ziren dirua eman zutenak ; hauetan, Hazparneko herria izan zen emaile haundiena. Hazparneren egitate hunek, Aita Lopez de la Vega zuzendariari erranarazi zaion : « Emailen zerenda huntan, ohorezko lehen tokia dauka Hazparnek ; hunek gai ezartzen du, Bihotz Sakratuaren zaindari dagon euskal herrialdeko herria izaiterat. »
Hazparnez bertzalde, emaile haundienak izan ziren : DONIBANE LOHIZUNE, 13 770- libera; HENDAIA, 11 580 libera; URRUNA, 11 516  libera; SENPERE, 10 579  libera; BAIGORRI, BIOARRAY, GARAZI, -5 000 eta 6000 arte hortan bakotxak, eta abar.
Kapera berriaren eraikitzen hasi zirenetik, eta hunen bukatzerat, 3 urte iragan ziren. 1931-ko urtean bukatua da beraz, eta hunen ordaintzea, 1942-an izan zen, orotarat, orduko 1 300 051 libera gosta izan zen. Dakiguna da, eraikitzearen denboran pagatu behar ziren obrak, ez zirela oraino Misionesten kutxan sartuak osoki, eta anartean, prestuzko diruarekin pagatzen zituztela obrak. Kapera eraiki ondotik, 10 urtez dirua bildua izan da Herrialdetan, eta azken finean, 3 685 libera soberakindu zitzaioten Misionesteri.
Obra gaitza egin zuten hor, ekai ederrenekoekin, nola, aldare gaineko marbre ederra; berinki leihoak zoin ederragoak dira ere. Kapera barneko bi sahetsetan diren berinezko leiho bakotxak, Euskal Herriko herri baten erredolak ditu agertzen; 14 badira; hain xuxen, 14 horiek izan dira, kapera hunentzat gehienik eman duten Parropiak edo Herriak; beren laguntzaile hoberenen eskertzeko, molde eder bat kausitu zuten hemen Misionestek. Bertze leihoetan agertzen dira, Euskal Herriko zazpi probintzien berinazko erredolak, eta ère, Trinitate Saindua itxuratzen duen bat, leiho borobil batean dagona. Ainitz gosta izan ziren kapera barneko edergailuak, bi sahetsetan margotua den Sainduen proosio ospetsua; hemen ohargarri da, Saindu hauen itxuretan, biga margotuak direla orduko jende batzuen arpegiekilan: Jean Lissar, Hazparnen Auzapez zena eta Gieure Apezpikua, orduko Baionako diosesaren buru zena.
Obra guziz ederra ere dago, aldare gaineko mosaikaz egina den Kristo Bihotz Sakratuaren itxura; hunek, besoak zabalik dauzka, Sainduen proosionearen errezebitzeko beren erreinuan. Aldare nagusi hunen bi aldetan, bertze bi aldare badira: bat, Lurdeko Ama Birjinari eskainia eta bertzea, San Joseperi. Kapera guzian kausitzen diren idatziak, Latinez edo Euskaraz dira.
Kapera eder hau, 2010 urte hunen hastean, Frantziako eraikin ixtoriko bezala izendatua izan da. Obra beharretan da kapera hau eta eraikin ixtorikoa izankiz, diru laguntza bereziak ukaiten ahal dira obra horien egiteko. Hazparneko Herriak, bere egitarauan sartua du kapera huni buruz zerbait egitea, sobera funditzetik beiratzeko moldean.
 


Jean-Baptiste OSSINIRY Misionesta

Apez argitu bat, orotaz haundizki estimatua zena,  Jamattitt  Etcheverry, bertze hazpandar Misionest idatzien arabera.
 
« Ez nuke airerat mintzatu nahi apez hori aipatzean, dio Etcheverry Misionestak. Halakoa zen bera, xuxena, delikatua eta kartsua. Deramagun beraz, solasa, mailka, iraziz eta izariz.
 
Misionesta zen, gure ikastetxeko buruzagia. Untsalaz, behar nuke erran, zoin lorioski bururatu dituen bi kargu horiek. Bainan, haundixkoa Iitaike ahamen hori ! Bizkitartean, hurbildanik ezagutu duten guziek aitortu dute, Eskual-Herriak galdu duela bere apez argitu, eta kartsuenetarik bat.
 
Berak, etzituen deus guzitan onhartuko solas gisa horiek : hain baitzen ixila eta gordea. Bainan, halarikan ere, hartaz mintzatuko gira, duda mudan egon gabe. Hura bezalako apez saindu baten etsenplu, ibil-molde ederrek ongiari buruz, sustatzen dute gu bezalakoa...
 
Bere biziko denbora gehiena, eskola emaiten iragan du, OSSINIRY Apezak. Izana gatik jakintsun haundi eta adimendu zorrotzekoa, berrogoi-ta-sei urtez arizan da arta haundienarekin, hamar-hamabi urteko haurren eskolatzen.
Gaude, ote zuen parerik lan hortako, ingurune hautan. Etzen sekulan galduko, han nunbait, ezin helduzko kasko batzuetan, bainan, bere argi guziak jauts arazten zituen haurren menerat. « Haur bakotxak badu bere gisako hartzea. Baditu haren adimenduak ozka bereziak, heietan behar baitzaio helarazi bere alha, batere lotzekotz”, zion berak.
 
OSSINIRY jaunak, hein bat ederki ahamentzen eta xehatzen zuen, haurren izpiritueri zoakoten hazkurria, erakaspen gorenak sar-araziz, konparantza eta itxurapenen medioz.
Eta haren karra, erakusteko! Buru ahul, ikasle hurriek berek, etzuten lokartzeko lanik. Ez bazter, bide xuxenetik! Bertzenaz, kasu, mehatxu eta haize galernari. Burua torra, ezpainak tinka, begiak itzul, pindarra zariola abiatuko zen, apez gaixoa! Damurik ginen gutixko kilikatzen, ginakielakotz dena bihotza zela eta hein batean geldituko zirela, aipatu ortzi-ximixtak.
 
Izpirituaren argitzeaz bertzerik bilatzen zuen oraino, OSSINIRY jau­nak. Sortzetikako dohainak eta geroztik ikasiak, oro, Jainkoari itzuliak zauzkan. Haren gogoa eta bihotza, goiti zagotzin idekiak, zabal-zabala. Eta hortakotz, gisa guzietarat bermatu da, Jainkozko amodio sainduaren pizterat haurren arimetan. Katixima denboran bereziki mintzo zen, Jainkoari zor dugun amodioaz, haur guziak ginauzkala ahurrean bezala, begiak harmaturik hari beha landatuak.
 
Ixtudianteri bezala, bertze girixtinoeri ere ongi ederrik egin du. Zonbait kontseilu zuhur emanik joan da, orduko gaztek, zahartu-ta ere ez ahanztekoak.
 
 
 
 
Hazpandarrek bereziki estimu haunditan zaukaten, berek zioten bezala, "OSSINIRY saindua". Etzen ustegabetarik hola entzuna jendetan. Otoitz egile kartsua, bere apez eginbideeri errotik jarraikia. Egundaino ez dugu aditu apez hori, hitz baten erraiten norbaiten mendratzeko. Orori zerbait eskualde onik hatzemaiten zeien. Zinez mintzo baitzen, eta ez batere aho berokeriaz. Jende herratsua, orotaz arrangura da : itzalik baizik ez du ikusten bertzetan. Herra ikatzaren pare da : erretzen ez badu, beltzatu behar du. OSSINIRY harek aldiz, arimak maite zituelakotz eta berak, arima osoki ona zuelakotz, eder ikusten zituen banazka, oro.
 
Bertzalde, haren gogoa, maizenik eta goxokienik, gutarteko jendearekin zen. Tuntik etzen haundikaria, nor nahirekin eleketa gelditua Hazparneko karrikan. Betidanikakoa zuen lañotasun hori ; bakotxari zur beretik ziria emanez, bainan beti ele ona, buruak eta bihotzak manatzen zioten bezala.
 
Misionestegian sar-eta, bere lana zuen : kurutzearen bidea eta berdin, oren osoa belauniko Sakramendu Sainduaren aintzinean.
 
Azken zortzi ilabeteak ereman zituen, eritasun izigarri batek joa. Orduan ere, bere burua ahantzirik, bertzen onaz griñatua zen. Huna froga bat, bertze hainbertzeren artetik.
Agonian sartzerat joan, jadanik begiak lano batez hartuak, azken indarrak bildurik, ezin eta ahalka, hatsaz beraz erran zauztan hitz hauk –dio, Jamattitt Etcheverri-k:
« Emanen duzu... liburua... sainduen bizia holako mutilari... on eginen baitio... ».
Geroztik etzen mintzatu. OSSINIRY maiteak, bere bizia eman zuen arimen salbatzeko.
Bere azken hatsa eman eztiki, sainduki, begiak kurutzefikari buruz landatuak, kolejioko haurrak harentzat kaperan, Salve Regina-ren kantatzen ari ziren memento berean.
 
Azken hitz bat.
Egun batez, Clément Mathieu, Uztaritzeko Superior eta Landesetako apezpiku gaiak erran zauzkidan, ezin ahantzizko solas hauek, –dio beti, Jamattit Etheverry-k :
« Pour moi, le Père OSSINIRY est l'homme vénérable par excellence, le prêtre intégral, le saint prêtre. »
Ikusten duzuen bezala zerbait zakiena mintzo zen. Zinezko zilarkina baitzen, jaun hori, herronka hortako urrerian, joieria.
 

Pedrito Lopez De La Vega Hazparneko Misionesten Buruzagia

    Jadanik aipatu ginintuen Hazparneko Misionestak, nola, Hazparnen, eraiki zuten beren lehen kapera, Mila zortzi ehun eta hogoitalauean (1824), Jean-Baptiste Garat zutelarik Zuzendari. Kondatu dautzuegu ere nola, Mila bederatzi ehun eta hogoita zortzian (1928), Misionestek erabaki zuten Bihotz Sakratuaren Kapera berria eraikitzea. Ordu hartan,  Pedrito Lopez de la Vega zen, Misionesten buruzagi. Apez hau nor zen kondatuko dautzuet orain, Jean Baptiste Etcheverry Misionestak beren idatzietan kondatzen daukun moldean.
 
«  Nahi dut, ene misionest denborako Superioraren izena, arras burrunbatsua zela, kasik hitz bakotxa jakituz eta agurkatuz erraiteranokoan.
Gehiago dena, jaun horri zoakon deitura, egokiena. Halakoa baitzen, patxada ederreko gizona.
Bainan, itxura guzien gatik, hain zen ona eta gozoa !
Laster sartu ginen gure baitan, ikusi ginuelarik lehen aldian. Aiaia, fera-futro zoala, hastapeneko farrasta lotsagarria, larderiazkoa...
Haundia zen, sorbalda batzu murru paretaren idurikoak.
Lapurdiko pilota plazetan, haren bote bihurriek, bai eta ere, araberako errefera heiek, eskuzarta ederrak altxarazi dituzte, apez-gaia zen denboran.
Ez zen sekulan kasik azken fineraino unatzen, partida guziak irabazi beharrez.
 
Haren begitarte arrai eztiak eta, oroz gainetik, haren ateraldi sendimendutsuek, bazituzten beren ondorio salbagarriak.
Bazakien, nor berari hitzaldi sarkorren adiarazten, alegia deusez, hein bat naturalki. Noizean behin, maleziazko ñirñira gozo bat begietan...
Dezagun erran oraino, nun nahi eta laster egiten zituela adixkideak. Bihotzetik bihotzerat doatzin solas funtsezkoeri esker.
Ez baita harrigarri beraz, denbora laburrez, egin-arazi bazuen, eta azken arditeraino pagatu, obra espantagarri hau : Bihotz Sakratuaren ohoretan altxatua izan den Hazparneko kapera.
 
Horien gatik,  etzinukete uste izan behar, gure Lopez de la Vega etzela sekulan bere hartarik kantitzen, jazartu gabe, beti ixil eta borobil, ororekilakoa egin beharrez griñatua, atso-hitzak erraiten duen kontuan : "Aldakor dena, haize guzietarat erorkor".
Etzen piru hortakoa. Bazakien, behar-orduan, bizi bizia mintzatzen.
Nihaurek ikusi nuen egun batez, doi bat sumindua, politika hortako gora-beherez. Behar ederrez !
Bainan mundu huntan bada denetarik : tonto ta abil, pizu ta arin, buru bezenbat aburu, edo pentsatzeko manera ! Zuk ikusi nahi eztuzun saltsa hortarik, janen dautzu bertze batek, erriak milikatuz.
Bizkitartean, oro-har, politikan dira kausitzen gataska bortitzenak. Zilko-zuriak saka, papo-gorriek errefera. Hi bahiz eta ni banuk ! Bota beretik eta Hordago-kanta !
Dena dela eta, trufak apart, arras errepublikanoa ginuen gure Superiora. Mendy, misionesten moltseroa aldiz, arras erregetiarra. Uste gabetarik bezala, hasi ziren aharran gure aintzinean :
— Mon pauvre Mendy, votre Maurras est un païen intégral, dangereux !
— Mon pauvre Supérieur, votre Marc Sangnier est un républi­cain néfaste... (eta, diotenaz), un franc-maçon !
Xoriak zer den ageri du lumatik, idiak adarretik, gizonak eletik. Eta, hantxe, hasarre gorrienean, gure bi kargudun horiek ere kanporatzen zituzten barneko arrangura minak.
Beharrik han ginuen, Duhalde, zentzu handiko baketiarra. Mintzatu zen eztiki, gozoki :
—     Jaunak, etzi balio hola kexatzea. Nik etzit politikan gauza haundirik konprenitzen. Bainan betiko erran zaharra hau duzu : bi gizon hasten direlarik politikaz kestione gataskan, horiek iduri dutela, bi kasko pelatu, orraze baten gainetik makurtiak !
 
Denak irriz hasi ginen eta, oroz gainetik, bi lipiztari kontrarioak. Aldi huntan segurik, etzen konplitu erran zaharra : « apezen arteko lizkar eta eztabadak, debruaren jokoa eta eliza-pestak ! »
 
Bigarren ixtorio hau kondatu zautan, Pierre Camblong, misionest lagun adixkideak.
Alemanak etorri ziren Hazparnerat, mila bederatzi ehun ta berrogoi (1940)-eko urtean.
Horien armadako aintzindari bat badoa misionestegirat. Begi tzarra du, bekainak kopetaren erdirat bilduak. Boz idor bat. Zer behar du ikusi harat heldu den Lopez de la VEGA-k ?
 
Han dago Superiora, kara fierrenean, bere begi pinpalet eta zorrotzak landatuak gomitik gabeko pestalierrari buruz.
Hunek uste zukeen ahur-hixtu batez, bere oinetara bilduko zituela frantses oilo-busti herresta guziak.
— Heil Hitler ! Moi, prendre maisson pour 50 soldats aléman ! France caput ! Après Angleterre caput, Churchil caput !
 
Bainan laster pikatu zion pirua Lopez jaunak. Odolak jauzi egin zionetz espantu horiek aditzean ? Edo ximixta zarrazta bat sumatu buru fuñetan ? Gisa guzietarat, demendreneko lazturak ez diozka zainak hartu, are gutiago zintzurra tapatu.
 
— Vous ! Rien du tout ! Moi, le Patron, le Supérieur, le Chef de la maison. Moi aller Komandantur ! Moi écrire Pétain ! Vous par­tir ! Moi rester !
 
Bizkitartean, han dago delako aintzindaria. Hastean bezala, irri faltsu tzar bat ezpain zokoan, hots ! beti berdin furfuriatsu...
Orduan etsi-etsian, begiak sutan eta oihu marruma batean : "Moi, Pedrito Lopez de la Vega, moi Hitler ici, moi le Führer ici ! Vous rien !!"
 
Bazuen aski erranik aldi huntan. Zapeta-klaska haundi bat, sekulako soldado agurra, eta zalu-zalua lekuak hustu zituen tropetako aintzindariak.
 
Horra beraz xehetasun bakar batzu Lopez de la Vega Superior zenaren goresteko. Gogoan atxiki behar ginukena, jaun horrek bere dohain aipagarriak itzuliak zauzkala ongiari buruz. Kalitate gutiagorekin higatu dugu gure bizia. Bainan zer munta du ? Jainkoak badaki gure ahulezien berri.

Lau Hazpandar Omentsu

Gure aurtengo emanaldien bukatzeko, aipatuko ditugu lau herritar, gutarik ainitzek ezagutu ditugunak eta Hazparnen, omen haundia ukan dutena. Lau Jaun horien  izenak emanak dituzte karrika burueri  edo gela publiko batzueri.
 
Behin aipatzen dugu PIARRES DUHOUR, Hazketa auzoko “Xoritea” etxekoa.
PIARRES DUHOUR erien asurantza kutxako langile zen Hazparnen. Bere bulegoa, behereko karrika hortan “Kazerna” deitu etxe luzean zen, eta hor, herri guzia ibili da, zerbait paper eginarazten, edo xehetasun galdez. Jendea azkarki lagundu du Piarresek. 15 urtez mariñel ibili zen, ondotik, ofizio askotan arizan da: ile mozten, takzi egile, edo ere, soldadogoan ikasirik, pikura egile; bertzalde, josteko maxina saltzaile ere izan da. Berriketari lanean hasi zen, behin noiztenka, gero alde bat, Hazparnerat jitearekin, 1923-ko urtean. Ordutik, kasik 50 urtez idatzi du 1916-1965 artean, “Eskualdunean”, “Herria” astekarian  eta, bertze kaseta batzutan ere, frantses erdaran asko idatzi du. Euskarazko sailean, 2000 artikuluz goiti egin ditu. Berriketari jarraikia zen, berriak beti xuxen emaiten, deneri begia atxikiz; bere ideia eta sendimenduak agertzen zituen, lotsarik gabe. Piarres Duhour ezagutu dutenek badakite girixtino kartsu eta euskaldun suharra izan dela; bere hitz nagusia zen “Izan gaiten Euskaldun Fededun”. Españiako gerla denboran, behin Frankoren alde, gorrien aurka guduan zelakotz, ohartu zen haatik, Mathieu Hazpandar Apezpikuak laguntzen zituela, Franco-ren kontrakoak zirenak. Haindik aintzina, beren ikus moldea legundu zizaion. Errotik Euskaltzalea izan da Piarres, eta oroz gainetik, xumeen laguntzaile suharra.
 
 
LÉON LARREGAIN Apeza aipatuko dugu orai.
Paskal Larregain eta Marianne Hiribarne-ren semea, Hazketa Frantxixteiko Bordan  sortua zen, 1912ko ekainaren 10 ean. 1938ko ekainaren 29an, apez ordenatua izan zen eta Hazparnerat bikario izendatu zuten, agorrilaren lehenian. Gerla denboran erabaki zuen, oporretan ziren  haurrentzat,  josta leku  bat egitea familiako ontasunetan, GNAGNIKA  etxean.   Gnagnika, eta hunen eiheraren jabe zen apeza;   bertzalde, Pelloenea, Hazparneko plazan den Zilarreri karrikan eta,  Ermindegiko Bettirienea ere, ontasun zauzkan. Bere diruarekin,  eta zonbait lantegi nagusien laguntzarekin, kolonia bat ideki zuen Gnagnikan.
              Bertzeri idekia, Apez  perestu eta lagunkina izan da, Léon LARREGAIN.  Bere ontasun guzia xahutu du mutiko gazteri laneko formakuntza baten ikas arazteko: elektrika, zurgintza, mekanika ofizioetan formakuntzak abiatu zituen eta azkenean, ontasun guziak baliatu  ondoan, etsitu zuen teknika ikastetxe baten eraikitzea.
              Mirande erretorak galdeginik, eliza kantu talde bat moldatu zuen, lehenik haurrekin, gero helduekin, azken huntan hiruetan hogoi kantari bildurik. Denen ganik, gizon horren lan gaitza, parropiaren alde ezagutua da. Ixtorio labur bat kurritzen zen Apez hunen denboran, lehen Kantorea moldatu zuenean, lehenaldikotz, lau bozetan eman  kantu eder bat eliza pesta egun ospetsu batean.  Elizkizunetik ateratzean, jendeak bazuen zer erraiteko, eta atxo xahar batek erran zuen : « Booh !!  zer domaia, kantariak bakotxak bere alde ari ziren kantuz, nola nahika, beharrik, Gnagnikako Apeza hor zuten; azkenean, denak bildu ditu undarrerak elgarrekin finitzeko ! »  
Léon Larregain, gerla denboran, paper faltsu egilea zen. Ainitz jenderentzat, paper faltsuak  egin zituen mugaren bertzalderat ihes egiteko, beharrezkoak zauzkatenak. Apez hori hautatu zuten Hazparnen, gerlako presuner izana zelakotz; libratua izan zen osagarriaren gatik;   bainan, Kommandaturerat agertu behar zen ardura. Han ikusten zituen firma eta tanponen kopia faltsuak  egiten zituen; biziki trebe zen, edozoin esku lanetan eta ongi baliatu zuten, ainitzek, apez  hunen dohaina,  Alemanen denboran.
 
 
 
 
 
 
EMILE LAVIGNE izanen da gure 3garren Jaun famatua.
 
Zerbitzu Publikoen Etxean den bilkura gela hunek, ez zuen izen egokiagorik ukaiten ahal, nola hain zerbitzari haundia izan zen, EMILE LAVIGNE jaunarena baizik. Emilek, bere laneko bizi guzia, alde guzietarik etsenpluzkoa izan dena, murru hauen artean iragan du, ONA Trolliet lantegiaren baitan.
Gizon hau aipatzean, jendeari lehenik gogorat heldu zaion hitza  da, ZERBITZARI.   Eten gabe, jende laguntzen bermatu da bere bizian,  kontseiluak emanez, adminiztrazio paperak betez, edo, gutun bati erantzun bat  emaiteko, beti prest zagon. Langileak sustengatu ditu, zindikatuaren buruetan izanez, guziz,  zapetaren industriak, bere beherakada hasi  zuenetik, 1965-eko urtearen ondotik.  EMILE LAVIGNE-ek, lan gabezian ziren kideak laguntzeko, eraiki zuen, “Bizi Nahi” batasuna. Bertzalde, beharretan ziren jendeaz arduratzen zen, karitatezko elkartetan barne izanez. Ixilik, goxoki, bere bizia bertzeri osoki idekia ereman du, EMILE-ek. Funtsez, ona zen gizon hori, zinez errespetatua zen ; ez zuen ez ohorerik, ez eskerrik eskatzen,  jendeak  hola zuen maite. Gazte denboran,  Larregain Apezarekin, Hazparneko haurretaz arduratu zenetik, gero Patronaja, Zinema, Parropian, zindikatean eta bere azken ekintzak arte, lan gabezian ziren lagunen esku makil, zerbitzu egin du Herriko jendeari.
 
Bururatzeko, PEDRITO CHORIBIT aipatuko dugu.
PEDRITO CHORIBIT sortu zen, Maulen, 1915-eko urtean, bainan bere bizi gehiena, Hazparnen iragan zuen. PEDRITO CHORIBIT, Uztaritzen egon zen ikasle, eta, handik landa, Chilera juan zen, han baitzuen bere aitak zapataintza handi bat. Bainan, osasunik ez izanez, itzuli zen sorterrira eta, bere izeba eta arrebarekin, etxen kokatu.  PEDRITO bera, gizon eder bat zen, harri edo zur lanetan eta margolaritzan artista ona. Ainitz ekintza bazituen berak margoturik,  eta badira oraino, Hazparne osoan  barreatuak; hauen artean, Mirande erretoraren itxura eta Saint-Pierre Apezpikuarena. Zimentaz orraturik, Bidarrai Erramundegiko Ama Birjina eta Hazparne Labirikoa eta oraino,  Basenerrekakoa. “Kantuz” deitu Euskal Kantu bildumaren  liburuxkari axala margotu zion  ere,  Euskaldun aurpegi eder batez. Marrazki hori omentsua bilakatua da geroztik. PEDRITO, fede haundiko gizona zen.  Horren gatik, Hazparneko burgesia edo apezeria lotsarazten ere bazekien ordea. Geroxeago, Donostiako alaba batekin ezkondu zen. Bere gaitza aldiz, fede handiarekin jasan ondoan, adin gordinean hil zen, 51 urtetan, 1966 sei -eko otsailaren 25 an.
 

Piarres Larzabal Hazparneko Bikarioa

Piarres Larzabal Apezaz eginen ditugu, hemendik goiti, zenbeit emankizun. Hau luzaz Hazparnen egona zen bikario eta Hazparnen ere, muntatu zituen hainbat antzerki.
 
Piarres Larzabal, 1915eko rnaiatzaren 5ean, sortu zen, Azkaine Mitxelenean. Aita, Alexandre Larzabal, Urruñako Olhetan sorturik , Azkainera etorria zen. Ama, berriz, Maria Carrera, Bidasoako Bera herrian sortua zen eta gero, Sararat  jina. Biak, gazterik ezkondu ziren Mitxelenera, baina laster, 1914eko gerlak berexi zituen. Haur beharretan utzi zuen laguna eta gerlarat juan behar izan zuen.  Maiatzaren 7an sortu zitzaioten,  Piarres semea.
1926an, Hazparneko ikastetxean sartu zen eta han iragan zituen bi urte, Hiriart-Urruty Hazparne--Latsaldeko apezaren zuzendaritzapean. Hazparnetik lekora, Uztaritzeko seminarioan sartu zen eta ondotik, bizpahiru urtez, Donibane-Lohizuneko ostatu zerbitzuan lan egin ondoan, soldadugoa aitzinatu zuen Piarres Larzabalek eta, 1933ko udazkenean,  Parisera deitua izan zen  soldado. Zenbeit urte berantago, Gerlaren lehen urtetan, preso egon zen Alemanian.  Handik gibeleratekoan etorri zen Hazparnerat bikario.
Apez hunek, Hazparnez badu asko idatzirik, bereziki Hazparneko herri huntan ezagutu izan dituen zenbeit jendetaz. Idatzi horien bilduma laburpen batean berak kondatuko dauzkizue nor edo zer gertakari bizi izan duen Hazparne huntan :
 
 « Preso tokietarik etorri-eta, Hazparnera itzuli nintzelarik, ez nintzen leku arrotzean sartzen, ez bakarrik 1939an apeztu orduko, zenbait aste han iraganak nituelakotz, bainan, haurrean, apez izaiteko xedea agertu niolarik Debidart erretorari, hunek Hazparneko kolejiora igorri baininduen eta han iragan bainituen, ikasle bezala, bi urte.”
 
 Piarres Larzabalek ongi ezagutu zuen  Pedrito Choribit, huna zer erraiten zuen bere adixkide min huntaz :
 
« Hazparnera itzultzeko, banituen herri hortan aspaldiko ezagun eta adiskideak. Hala nola, Pedrito Choribit nere eskolako laguna. Uztaritzetik landa, Chilen egona zen, han baitzuen bere aitak zapataintza handi bat. Bainan, osasunik ez izanez, itzuli zen sorterrira eta, bere izeba eta arrebarekin, etxen kokatu. Maiz ibiltzen nintzaioten ikusten. Haren arreba, Mayik, aski eskolatua baitzen, eta osoki euskalzalea, asko lagundu ninduen antzerki lanetan.
        Pedrito bera, gizon eder bat zen, harri edo zur lanetan eta margolaritzan artista ona: bazituen berak margoturik, Mirande erretoraren itxura eta Saint-Pierre apezpikuarena. Eta zimentaz oraturik, Bidarrai Erramundegiko Ama Birjina eta Hazparne Labirikoa bai eta, Basenerrekakoa. Bainan, jite bortitzekoa zen nere adiskidea: Gaitzeko kasailak iragaiten zituen bere etxekoekin. Hazparneko burgesia edo apezeria lotsarazten ere bazekien ordea. Geroxago, Donostiako alaba batekin ezkondu zen. Bere gaitza aldiz, fede handiarekin jasan ondoan, adin gordinean hil zen.
        Egia da gazte denborako lokarriak maiz iraunkorrak direla eta ongi heltzen ere biziko ordu latzetan. Hori gertatu zitzaitan nihauri, Pedrito Choribitekin, Hazparnen iragan urteetan. Bainan bazekien, berak berdin egin zezakeela nerekin.
        Gau batez, haren arreba Mayi jin zitzaitan, asaldaturik, anaiak nahi zuela berehala beribil berria estrenatu; joanen nintzaionetz lehen ateraldia egiteko laguntzera; zer gerta ere, absoluzione emailea, ondoan, nahi zuen anaiak. Bastidako aldera jo ginuen beraz, gauez-gau, 150 bat kilometroko abailan. Osorik itzuli ginen, Jainkoari esker, Pedrito eta biak, nahiz biak izerdi lapetan. Horra nolakoa zen Pedrito nere adiskidea ».
 
 
Aipatzen zuen ere, Leon Itcia jauna
       
« Aspalditik ezagutzen nuen ere, plazako Alzieta ondoan, Zikite karrikan, Leon Itcia, pilotari ohia, oihal saltzen,  Azkaingo gure etxeraino ibilia zena. Emazte on bat bazuen. Haurrik ez zuten, bainan usu beren etxean zaukaten, ni baino zahartxagoko beren iloba, neskatxa bat, oilandatzen hasia.
        Hazparneko ikastetxera etorri nintzelarik, maiz bazkaltzera gomitatzen ninduen Leon Itciak. Behin, ihauteriak baitziren, eta beraz Hazparnen behi lasterrak, joan ginen, Leonen iloba eta ni, behi lasterren ikustera. Debeku guziengatik, gehiegi hurbildurik behiari, animaleak itzulipurdika igorri ninduen. Ez zaitan behiak min handirik egin, bainan neska lagunak bi zaflako eman zaizkidan, ikas nezan obeditzen. Hazparnera bikari jin nintzelarik, nihaurek behar bainuen benedikatu Itcia ilobaren ezkontza, ene predikuan abisatu nuen haren senarra, kasu eman zezan bere andrearen zaineri, zein errex samurtzen zen frogatua bainuen, aspaldi lehen. »
 
 
Gertakari latz bat ere gertatu zen ordu haietan Elizaberriko Auzoan, huna Piarres Larzabalek zer zion hortaz : « Galarrotsak».
   
“Bertze antzerki mota bat antolatu zuten ere gazte batzuek, ni Hazparnen nintzen azken denboretan. Nere laguntzarik gabe, egia erran, nahiz gertakari horrek oihartzun izigarria izan zuen hedabideetan.
        Galarrotsen ohidura biziki zaharra da Euskal Herrian: lehen, alargun bat zebiletarik berriz ezkontzekotan, auzoko gaztek «zerga» berezi bat galdegiten zioten. «Zerga» hura zen, gehienetan, hunenbertzeko bat pinta arno. Bertzenaz, galarrotsak jotzen ziozkaten. Haurra nintzelarik, Azkainen, orroit naiz, galarrotsei jarraikirik: Jandarmak lasterka zabiltzan arramantza egileen ondotik, zeren nehork ez baitzezakeen begirik hets, harrabotsarengatik.
        Holako zerbait gertatu zen beraz, Hazparne Elizaberriko kartierean: alargun batek ez zion amore eman gazteriari eta galarrotsak muntatu ziozkaten. Gau guziez elgarretaratzen ziren, haren etxe aitzinean eta sekulako arramantza egiten zuten, edozein tresnarekin, atabal, untzi, kasa, turruta eta bertze zernahi.
        Bainan, ixtorioa gaizki bururatu zen aldi huntan: Tiro egin zuen norbaitek arramantza egileeri buruz; hil bat izan zen eta kolpatu bat bederen.
        Auzoko gazte bat, ehortzketako kurutzeketaria, akusatua izan zen. Jandarmek gelditu zuten, Baionara ereman, han zafratu, eta libratzearekin mehatxatu, joanen zitzaizkiola berriz galdezkatzera eta bere krima aitorraraztera. Ondoko egun batez, ikusi zituelarik jandarmak, etxeko alorra goiti heldu haren bila, etxetik ihes egin zuen gizon gazteak eta, oihanera joan zen, bere burua urkatzera.
        Berri lazgarri horietaz jabeturik, Pariseko kazetari zirtzil batzu etorri ziren Hazparneraino, beren zozokeriez apaindurik, berri «arraro» horien saltzeko gero irakurleeri eta, lurra baino beherago ezartzeko gure gazteria. Hasi ziren mutil gaizo batzuen edan-arazten, heien, hilerrietara eremaiten eta han , argazkitan hartzen, hots, beren zinema antolatzen.
        Hortakotz, gure gazte batzu elkartu ziren eta erabaki zuten kazetari horietarik bat behar zutela bahitu, oihan beltzera ereman eta, minik egin gabe, larrugorritan utzi. Hazpandarrek beren xedea bete aitzin ordea, Paristar guziak, menturaz norbaitek abisaturik, itzuli ziren Parisera.
        Elizaberriko gainetan gertatu ixtorio ilun horrek orroitaraz zezakeen kartier berean gertatu bertze gertakari triste bat, Plumagaineko premu galerianoaren ixtorioa, nihaurek «Bordaxuri» antzerkiaren gai hartu nuena.”