« Hazparneko Ikastegiak » (Hirugarren Partea) 

Egun aipatuko ditugu Hazparneko eskolen garaipena, XIX eta XX garren mendean.
1881 urtean, Jules Ferry legearen ondorioz, erakaskuntza urririk izanen zela erabakia izan zen. Handik goiti, herrietan, behar ziren zergak emendatu erakaskuntzaren dako. Hazparneko hautetsiek, hiruetan ukana zuten galdea zerga horien bozkatzeko, bainan, aldi bakotx,12 baizik ez ziren etorri bozkatzera, eta azkenean, guti izanik ere, bozkatu behar ukan zuten zerga hori xutik  ezartzea.
Urte hortan berean, Prefetak galdatu zuen eskola publiko bat idekitzea, Pegnan, eta gainerat, Zelaiko eta Elizaberriko eskola girixtinoak, publiko bilaka zadien ere galdatu zuen, eta oraino,  bertze zenbeit eskola berri  eraikitzea Hazparnen. Herriko Hautetsiek erantzun zakoten: "Gauza horiek gogoetatze bat galdatzen dute. Talde bat izendatuko dugu gai horien ikertzeko".
 1886 -eko urtarrilaren 26 an, Auzapezak abisatu zituen hautetsiak,  Suprefetaren gutunaz, hala nola, hunek galdatzen zuen,  frailen kongregazione eskolaren hestea. Ilabete berean, Herriak erran zuen, ez zuela ahalik eskola hortako haur guziak bertze eskoletan kokatzeko, eta fraileek, 34 urtez erakasten ari izan zirela, herriko eskola publiko bilakatua zen  hortan, herri osoaren onetan, eta ez zela zuzen, eskola horren hestea. Prefetari eta ministroari erantzun zioten ere: " Nun zer dagon  hobeki jakinean bazinezte,  ez zinukete holakorik asma".
1888-ko urtean aldiz,  erakaskuntzako akademiak eskatu baitzuen errientsa bat gehiago hartzea, Elizaberriko eta Zelaiko nesken eskolarentzat, eta Pegnan eta Kostan eskola mixtoak eraiki behar zirela, erran baitzuen ere,  Herriak, eza eman zuen haueri guzieri. Erran behar da, herriaren gain zirela ordu haietan gastu horier guzieri buru  egitea. Ordainez,  erabaki zuten, goi mailako ikaskuntza bat beharrezkoa zela, eta, delako, Bernard Broussain-ek bere testamentuan aipatzen zuen, "Institut Saint Bernard" delakoaren eraikitzeari lotu ziren. Handik eta lau urteren buruan, eskola publiko mixte bat ideki zuten Pegnan, "Magnotenia"etxean.
Eskola laiko horien aldean, Herriak erabaki zuen ere, Seroren eskolaren atxikitzea, hauek, legeari ihardokiak  baitira, eta ez baitute sekulan herritarren artean arrangurarik sortu.
1903-ko urtean, Prefetak galdatzen du nesken eskola laiko baten sortzea karrikan. Orduan, Herriak erosi zuen "Esperantxaenia", Plaza berriaren ondoan den etxe bat, 39 500 franko gosta izan zena ; estadoak, 8 295 franko eman zuen herriaren laguntzeko.
Urte bereko apirilaren 7an, Jaun Prefetaren gutun batek zion, katixima, Frantsesez erakatsi behar zela. Auzapezak erran zuen, Ministroak galdegin zuen ordutik,  Jaun Erretorak katixima Frantseses egiten zuela, bainan gero, Euskaraz explikatzen zuela haurrer, hauek ongi olertzeko gisan,  ez baitzakiten Frantsesa. Prefetak ongi hartu zuela erantzun hau, errana izan zen,  ezen, jakinean baitzen, kongregazioneko ikastegiko 29 nesketarik 23 ez ziren gai, Frantsesez hitz bat  ere konprenitzeko; bainan baliatu zen erraiteko, ordu zela, eskola girixtino edo kongregazionezko horiek,  laikoak bilakatzearen alde bermatzea, Frantsesa nagusi zadin lehen bai lehen Euskal Herrian.
Jadanik aipatua dugun bezala 1905-eko urtetik goiti, Estadoa eta Eliza berexi ziren, eta Zelai eta Elizaberriko eskolak, laikoak bilakatu ziren. Karrikan, Serorek zaukaten nesken eskola hetsi zuten. Handik laster eraikia izan zen, Marandeko bisenbis, eskola berri bat hunen orde. Frailen eskola hetsi baitzuten ere,  erakasle laikoek hartu zuten frailen tokia eta kolejioak berdin segitu zuen, eskola girixtino gisa.  
1914 urtean, gerla izanen zela entzunik, karrikako eskola publikoko errejenteak galdatu zuen Herriari, harma baten ukaitea, haurren usatzeko harma baten  erabiltzen. Galde horri ardietsi zuten hautetsiek, eta karabina bat erosi zakoten 80 franko gosta izan zena. Bertzalde, eskolan ibiltzea legez bortxatua baitzen, Prefetak galdatu zuen herriari 6 hautetsi hautatzea, ikusteko  legea errespetatua zenez. Hala ez balitz, Poliziari manatu  behar zuten, eskolako adina duten haurrak eta han ez direnak, eskolarat eremaitea bortxaz.
1920-eko urtean, Prefetak abisatu zuen Auzapeza, nola, Hazparne hautatua izan zela,  Laborantxa ofiziorako eskola publiko baten jabe izaiteko, eta ondorioz,   Departamenduko 10 zentroetarik bat bilakatu zen arlo hortan.
1924-an,   hasi ziren eskola horietan,  klasetako kopurua   mendratzen, adibidez: bi klasa zituen eskolak, 50 haur gehienik; 3 klasarentzat 80 haur; lauentzat 120 eta 5 klasarentzat, 160 haur gehienik.
1934-an, Herriko hautetsieri galdegina izan baitzen Zelaiko eskola mixte izaitea, erran nahi baita, mutil eta nexkatxak elgarrekin eskolatzea.  Hautetsiak  oldartu ziren, eta erran zuten, lege berri horrek ohiduretan durduzatzen zuela Euskal Herriko jendea, eta ez zutela galde horri segidarik emanen.
Huna beraz, berriki arte, zer izan den Hazparneko ikastetxen ixtorioa. Gaur, 2000 ikaslez goiti bada Hazparnen, lehen maila, kolejio eta lizeoetan. Publikoan haur gehixago bada, eskola eta kolegio girixtinoetan baino; lizeoak, girixtino eskolak dira Hazparnen.
 


« Hazparneko Ikastegiak » (Lehen Partea) 

Hiru mintzaldiz aipatuko ditugu, Hazparneko eskolak,  1650-etik eta 1940-a arte hortan.
Ikastegien gaiean,  irakurtzen ahal ditugun idatzi zaharretan ikusten dugu, 1658-an, herriko konduetan emanak  direla,   ikastegieri buruzko lehen ageriak,  "Errejenten” soldata, eta ere, nun eta nola, erakasle horiek, eskola emaiten ari ziren  Hazparneko kartier edo auzoetan.
Errejenten  paga, urterako, 40 libera zen, osoki  Herriaren gain, nola herriaren gain zen ere, erakasle hauen izendatzea.   Auzo bakotxak, bere erakaslea bazuen. Hunek, etxe batean ari zen eskolatzen, ez baitezpada eskola etxe egoki batean, bainan, ordainez,  haur gehienari hurbil erretxa zen etxe batean. Paper zaharretan, eskola izan diren etxe zenbeiten izenak badira, hala nola: Arbaldea, Arcemisbeheria, Labia eta Bikaritea.
Ikastegi horien lehen denboretan, herriko jendea arranguratzen zen pondutik, errejenteak ardura aldatzen zituzten. Eskola pagatuz zen aberatsentzat, eta kitorik behartsuentzat. Ordu haietan, haurrak ez ziren eskola eguneri  biziki segituak, hala nola, neguan, aro txarretan, bideak iztilduak eta fundituak zirelarik,  haurrak aise etxetan atxikitzen zituzten; udan aldiz, kanpoko lanetan laguntzeko, etxen egoiten ziren ere.
1700-etik eta 1789-a arte, Herriko etxeko kondu   ageriak agertu direnetik, ohartzen gira, herriaren kondu haurrak eskolatzen zituzten errejenten aldean,  bazirela, bertze erakasle batzu, "kartsuak" deitzen zituztenak, (hauetan apez batzu ere baitziren), “Kartsuak” deitzen ziren ikastegi horietan, katixima eta otoitzak  ikasten zutelakotz. 1720-etik aintzina, errejenten soldata, 40 liberatik, 60 liberetarat hupatu zen. Ordutik, familia aberatsek, ilabete oroz ordaindu  zuten : saltegietakoek 5 sol, idazlariek 10 sol, kondu egileek 15 sol. Herriak ez zezan ikastegi baten aloaitzerik ukan, karrikako eskola, Herriko Etxean zen, edo, zenbeit aldiz, eliza kalostre azpian.
Errejenten hautatzeko baziren ohidura batzu, ongi  segituak zirenak.  Hala nola, Auzapezek eta Juratoek, Jaun Erretorarekin zituzten hautatzen. Errejenta horiek behar ziren plantakoak izan, eta nehundik ahal bazen, itzal  gutikoak ;   hauen jakitatea, hainbaitetakoa behar zen ere. Azken finean, Apezpikuari zoan, errejente hautatua zutenari baimenaren emaitea. Harana, Labiri, Zelai eta Minhots auzo bakotxak bazuen bere errejenta. Haltzketak aldiz, ez zuen, eta ondorioz, eskatu zuen ukaitea herriko Auzapezari. Galdea onartua izan zen;  bainan, herriak, dirurik ez ukanez, edo ez xahutu nahiz, Zelaiko errejentari galdatu zion bi auzoetan eskola emaitea: goizetan Zelaian, eta aratsaldetan, Haltzketan.
1750-ean, Haranako errejenta elizako xantrea ere zen. Kasua berezia baitzen, Errejent Xantreak  eskubide ukan  zuen, eskolaren hestea, elizkizun bat  gertatzen zen aldi guziz.
Noiztenka, dirua edo ondoriotasun  batzu emanak ziren herriari,  beharretan  gertatzen  ziren obra edo eraikitze batzuentzat. Hala nola 1767-an, Abere portuan,  “Elizaleku”-ko   Martin Bidegaray-ek,  Peru hirialdean bizi zenak,  30 000 libera eman zituen, bertze gauza batzuen artetik, Labiriko eskolaren eraikitzeko. Handik eta bi urteren buruan ideki zen eskola hau, "Labia" etxean.
“Kongregazione”-ko lehen  eskola 1738-an ideki zen, "Komentu zaharra” deitzen zen lekuan, Ursuia karrikan goiti juaitean ezker, barnekaldean den oraiko Espildean. Dubarat Apezaren dokumentoetan irakur ditaikenaz,  etxe hortan,  komentu bat  zen,  eta  eskola bat neskentzat.   Etxe hunen eraikitzaleak,  Urruñako Etcheverri anderea eta Daguerre Apeza ziren.  Bellefond, Baionako Apezpikuaren baimena ukan zuten  gainerat,   erretreta etxe baten idekitzeko toki hortan berean. "Bisitazioneko" 5 serora baziren hor,  neska gaztentzat  pentsione bat eta eskola lekua, nun erakasten baitzen urririk. Neska gazte behartsuek ere, eskolatzeko ahala zuten hor, eta komentu hunen eraikitzea baliotsua izan zela  gure herriarentzat,  errana izan zen.
Frantziako iraultzaren ondorioz,  Komentu  zahar huntako aktibitateek gelditu behar ukan zuten. Ordu hartan ziren 12 serorak, Hazparneko hiru etxetan aterbetuak izan ziren.
Iraultzaren gatik hetsi zuten aintzinetik, Prefetak galdatu zuen  Hazparneko Auzapezari, Komentu zahar horren gainean zituen xehetasunak emaiteko : hala nola, 24 neska  ikasle eta erakasle  baziren, hauetarik 9 gazteriaren formakuntzari lotuak zirenak. Bertzalde, 40 ikasle eta hauetan behartsun ainitz.  Hor erakasten zela erlisionea, irakurtzea, aritmetika, eta emazteri behartuko zaioten esku lan ainitz. Bertzalde, Iraultzaren ondorioz, ez zen aldaketa haundirik izan erakaskuntzari buruz.
 1801 urtean, Prefetak galdatu zuen, bigarren mailako eskola baten idekitzea. Orduan, Courtelarre Auzapezak eskaini zion, Komentu zaharrean egitea bigarren maileko eskola hori,  Hazparne eta inguruetako herrietako   ikasleentzat, bainan erran zion ere, gure euskaldean ikas-gai egokienak zirela : erlijioneari zoan morala, idaztea eta matematikak. Prefetak ez zuen segidarik eman Auzapezaren eskaintzari.
Handik eta 30 urtez oraino, karrikan 2 erakasle  ziren,  bertze bat  Urkoin,  bat Labirin,  bat Zelaian eta bat Elizaberrin. Erakaskuntzari zoan diru zenbakia, 300 franko-tarat heltzen zen doi doia.
  Louis-Philippe-en denbora arte,  Hazparnek ez zuen  eskola publikorik. 1833-ko urtean,   publiko bilakatu ziren karrikako eskola eta auzoetakoak.

« Galarrotsak Hazparnen » 

     1950-eko urteaz geroztik,  nehoren laguntzarik gabe, beren baitarik   antzerki  berri  bat antolatu zuten   gazte batzuek Hazparnen. Gertakari horrek oihartzun izigarria izan zuen hedabideetan.
        Galarrotsen ohidura biziki zaharra da Euskal Herrian. Lehen, alargun bat   berriz ezkontzekotan zelarik,  auzoko gaztek «zerga» baten iduriko tratu bat  lotzen  zioten. «Zerga» hura zen, gehienetan, hunenbertzeko pinta arno. Bertzenaz, galarrotsak jotzen zizaizkioten. Piarres Larzabal Apezak kondatzen du ,   haurra zelarik, ikusi zuela  Azkainen, jandarmak, galarrotsa egilen ondotik  lasterka, arrobotsa azkar egiten zutelakotz eta hunen gatik,   nehork ez baitzezakeen begirik hets.
       Beraz, 1950-ean,  holako zerbait gertatu zen, Hazparne Elizaberriko kartierean: alargun batek ez zion amore eman gazteriari, eta galarrotsak muntatu ziozkaten. Gau guziez elgarretaratzen ziren, haren etxe aitzinean, eta sekulako arramantza egiten zuten, edozein tresnarekin, atabal, untzi, kaxa, turruta eta bertze zernahi.
        Bainan, ixtorioa, gaizki bururatu zen aldi huntan: tiro egin zuen norbaitek arrabotsa egileeri buruz. Hil bat izan zen, eta kolpatu bat ere. Jandarmek, inkesta bat egin zuten, eta behin, galarrotsaren gaia zen gizona, gerokorik gabe libro utzi zuten, ez baitzen herrian gau hartan, eta ondorioz, ez baitzuen berak tiroa eman ahal izan.
Auzoko gazte bat,  akusatua izan zen. Jandarmek altxatu   zuten, Baionara ereman ; han, zafraldi bat eman ondoan,   mehatxatu erranez, joanen zitzaizkiola berriz galdezkatzera, eta bere krima aitorraraztera, erran zioten. Karlos gazte hunek,  jadanik ukanak zituen galarrotsak bertze aldi batez, eta behar bada, ustez, berentzat ziren aldi hortan ere, harrek zuela tiro egin pentsatu zuten Jandarmek. Bainan, frogarik gabe, libro utzi zuten behingotz. Biziki gaizki jasan zuen Baionako jandarmeriatik iragaite hori, eta galdezketa bortiz horiek. Zenbeit adixkidek entzun zuten erraiten : “Jandarmeak berriz   eni galdatzketak egitea baino, nahiago diat, ene buruaz bertze egin”. Zorigaitzez, hala gertatu zen.  Karlos gazteak, goiz batez,  beren etxetik ikusi zituen jandarmeak, Labiri Ahotzia ostatuaren  parean heldu ; pentsatuz bere xeka heldu zirela, etxe  aldeko haizperat juan zen, eta   arbola branka batean soka  loturik,  beren burua urkatu  zuen.
Galarrotsen ondorioz, ixtorio huntako bigarren hila izan zen hau.  Berri lazgarri horietaz jabeturik, Pariseko kazetari batzu etorri ziren Hazparnerat, eta orrialde osoka  gai huntaz mintzatu. Euskal Herriko jendea, nunbeitetako populu basa bat baten iduriko jendeak agertarazi  nahiz, egiak eta gezurrak nahas mahas kondatu zituzten, gauzen erdiak berek pentsaturikako zozokeriez apaindurik. Errana izan zen, kasetalariak, mutil gaizo batzuen edan-arazten ari izan zirela,  hauek, hilarrietarat ereman zituztela eta han, argazkitan hartu ; ixtorio hilkor huni,  sorginkeriaren lotzeko asmuarekin, hots, beren zinema  egin zuten. Bainan, herriko    gazte batzu elkartu ziren, eta erabaki zuten, kazetari horietarik bat behar zutela bahitu, oihan beltzera ereman, eta, minik egin gabe, larrugorritan utzi. Hazpandarrek, beren xedea bete aitzin ordea, Paristar guziak, menturaz norbaitek abisaturik, itzuli ziren Parisera.
Galarrotsen ondorioak ez ziren hortan gelditu. Ordu heietan, bere buruaz bertze egiten zuenak, ez zuen elizatik pasatzeko eskubiderik, eta Hazparneko erretorak, ez zuen onartu ehortzketako mezaren emaitea. Karlos gazte hura, Espeletakoa izanez sortzez, han izan ziren ehortzketak, azken finean. Nehork ez zuen gehiago galarrotsik antolatu; hauek deitzen ziren ere “Tuta jotzeak”. Hau azkena izan   bazen,  izan zen  soberakin, hura. Gazteria ez zen gehiago menturatu, holako gertakari latzgarri baten irriskuan berriz abiatzerat.     
Elizaberriko gainetan gertatu ixtorio ilun horrek orroitaraz zezakeen, kartier berean izan zen  bertze gertakari trixte bat: Plumagaineko premu galerianoaren ixtorioa. Hunek ez zuen nehor hil, bakarrik auzo bat doi bat kolpatu, bainan horren gatik, Rochefort-eko galeretan ezarria izan zen, eta han zendu zen, 5 urte egon ondoan. Berak, amaren ondoriotasuna eskuratu nahiz, galerak ukan zituen   ondaretzat; aldiz,  bertsu eder eta hunkigarri batzu utzi dauzkigu guri, galerianoak,  ondaretzat.

 «Kontseilu Nagusirako Hauteskunde Batzu » 

Egun kondatuko dautzuet,   Kontseilu nagusiko bozak nola iragan ziren Hazparneko kantonamenduan, 1905 eta 1910-eko bi  hauteskundeetan.  Lehen ere, eta behar bada lehen,  gaur baino gehiago,  kataskak izaiten ziren boz denboretan. Ordu haietan, Xuri eta Gorrien artean ziren tira birak . 1905 ean,  Pierre Broussain medikua (Xuria),   Hazparneko Auzapez berria  presentatu zen, Kontseilu nagusian, Harriague zenaren ordain. Larraidy medikua (Gorria) zuen kontrako  bat, eta Ritou notarioa bertzea.
 
Lehen itzulian, Broussain-ek bildu zituen  888 boz, Larraidy-k  629 eta Ritou-k  501 boz. Bainan, Broussain, ez zen presentatu bigarren itzulian, nahiz eta, kasik segurra zuen bozak  irabaztea.   Urte hartan, Broussain-en koinata, Guichenet (Xuria), deputatu presentatzen zen eta hautatu berria zen; botere guziak ez zirela familia batean behar eman,  errana izan baitzen, hortako zuen Broussain-ek, utzi tokia.  Ondorioz, Larraidy izan zen Kontseilu nagusi. Bainan, 1910 urtean,   Pierre Broussain (Xuria)  presentatu zen berriz, Larraidy medikuaren kontra. Aldi huntan, Larraidy, jadanik Kontseilari nagusi izanez, nahiz gorria izan edo gorrien laguntzarekin hautatua izan, hunek zituen, berriz ere, kantonamenduko  bozak irabazi ; 1052 boz ukan zituen eta Broussain-ek  966 boz. Hazparneko zenbakiak :  Larraidy 708 boz,  Broussain 473.
 
Tira bida haundiak izan ziren boz horietan, xuri gorrien artean. Bozen ondotik ere, Broussain-ek gauzak xuxendu nahi izan zituen, bere iduriko zernahi kondatu baitzuten harren gain. Huna zer zion « Eskualduna » kasetan: "Argitzalea  kasetan agertu artikulueri nahi dut erantzun. Egia da bozak galdu dituztala, bainan hau, ez naizelakotz, Larraidy bezala, etxez etxe ibili boz galdaka, ustez eta  Hazpandarrek estimatuko zutela ene  diskrezioa. Presentatu naiz, Larraidy, gorria agertu delakotz, eta ez, ohore gose nintzelakotz, errana izan den bezala ! Deputatu bozetan, Larraidy, Ritou gorriaren alde agertu da,  Guichenet xuriaren kontra.  Errana da ere, bidentzat ez dutala gauza haundirik egin ; ene falta ote da, egin dituen uhartek bide guziak funditu  badituzte ?  Ene falta ote da ere, Landetako haitzek eritasuna bildu badute ? Badakizue ? 9 urtetarik egiten diren inkantetan, juanden urtekoan, 1000 liberaz emendatu direla oihan horietako mozkinak? Hunek erran nahi baitu, gure oihanak haundituz doala!  Ezen, arbolak,  milaka landatu baititugu 5 urte hauetan ».
 
 « Argitzalea », Gorrien kaseta zen, eta hunen aurka jasartu zen ere Broussain erranez : « Sortu denetik, kaseta hunek ez du bertzerik egiten Euskalduna kasetari  ausikiak emaiteaz bertzerik. Azken hogoi urte hauetan, 4 edo 5 kaseta sortu dira  Argitzalearen idurikoak,  eta denak gelditu dira. Argitzalean,  dena   gezur  eta xoxokeri irakurtzen ahal da, « Euskaldunaren » kontra. Ez ote da egia, Euskalduna kasetan idatziak ginintuenak ? hala nola, gure gobernamenduko nagusiak ohoin batzu baizik ez direla ? eta hauek laguntzen dituztenak ez direla hobeak ?  Larresoroko Semenarioa ebatsi dutela erraitea, gezurra ote da ?  Argitzale kaseta horrek ez du onartzen,  euskaldun batzuek, euskaldun zinezko  batzuek, hauteskundeak irabaz dezaten, nola : Guichenné, Pradet, Anxo, Elissague, Etcheverry, Errecat, Dourisboure, Franchisteguy, Beguere, Casemajor jaunak. Hazparnen eta Donapaleun baizik ez dira gorriak irabazdun atera ». 
 
« Euskalduna » kasetak segitzen zuen erranez : « Gure laguna, Broussain jaunak, ustez, bertzeak bera bezalakoak ziren, galdegin zaukun guri, « Euskalduneko » idazleri eta bertze bi kasetako buruzagieri, deus ez erraitea Larraidy medikuaren kontra.  Hobeki eginen zuen ohartzea lehenago, nola jokatuko zen Larraidy, hunek ez baitu Broussain-en zuhurtzia bera, eta ez baita jenatu, Hazparneko Auzapezaren kontra mintzatzeko .   Hazparnen ere, bertze tokietan bezala, boz emaileari gustatzen zaiote ,  hautetsi gaiek bozaren eske etortzea etxerat. Onestasuna gauza ederra da, bainan gaurko egoeran, hau ez da aski, eta agiantza dugu, Broussain jaunak hau ongi hartua duela gogoan ; bertzaldiko behartuko dako ! »
 
1919 garren urtean, Broussain-ek, Hazparneko Auzapezgoa utzi zuen, Jean Pierre Larramendy-ri, eta  berriz presentatu zen Kontseilu Nagusiko bozetan.  Aldi  huntan,  Larraidy- ri irabazi zakon .
Ondoko urtean, kontseilu nagusiko biltzar batetarik gibelerat etortzen zenean, Ortese-ko herrian, hil zen supituki, 61 urtetan.

Hazparne : Jende Eta Gertakarietaz

1993-ko urtean,  « Ekaldia » argitalpenean irakur ditaike, Hazparneko  ixtorioari buruz zenbeit argibide. Huna liburu horrek zer dion. Hala nola, behin, ixtorio hurbilean izan diren gizon eta emazte  aipagarrienak .
 
JENDE EZAGUTUAK : Guillaume-Raymond de Sault, Lapurdiko Bikontea;  1193-an, bere eskubideak  saldu zituen Engleterrako erregeari.
Pierre de Saint -Jean,  « Jauregiko » semea,  Baionako Apezpiku izan zen 1318-tik eta 1356-a arte.
Guillaume Vital de Saint- Jean,  Baionako Apezpiku (1362–1369), Hazparne Jauregikoa hau ere .
Fernando Alvarez de Tolède, Albe-ko Dukea,  hunek, Hazparne bahitu zuen  1512 an.
Jean-Pierre Garat, 1769-an sortua, Pikasarrian, Hazparneko misionest  etxearen  sortzailea.
Marie Etcheverry, 1738-an, erretretuen   etxe bat eta eskola bat sortu zituena,  Visitation deitu serora komentuaren gerizapean (Komentu zaharra).  
Pierre Broussain,  Hazparneko Auzapeza, 1920-an zendua, Euskal abertzale lehenetarik eta euskal zaindiaren sortzailetarik izan dena.  
Clément- Joseph Mathieu (1882-1963), Akizeko Apezpiku izan zena.
 
KULTURA MAILAN
Pierre d'Iharce de Bidassouet Apeza (1766-1830). Pierre Haristoy Apeza (1833-1901), Hazparnen bikario izana, ixtorio idazlaria ; « Euskal Herriari buruz ixtorio ikerketak » idatzi zuen bai eta, "Euskal Herriko parropiak, Frantziako iraultza denboran".Francis Jammes olerkaria, 1920eko urtean,  Eihartzerat etorri zen eta  1938an zendu, toki hortan.
Bertze olerkari edo idazlari batzu aipatuak dira liburu hortan: Joseph Choribit (1922)-an zendua; Jean Hiriart-Urruty, José Mendiague, Pierre Espil eta Jean Louis Davant Euskalzaindikoa. Bertzalde : Léon Léon Apeza, (1896) mila zortzi ehun ta larogoita hamasei-an sortua,  euskarazko antzerki   idazlea. "Gure Chokoan" idatzi zuen 1926an eta  "Jesu Kristo gure Jaunaren Ebengelio Saindua" 1947-an euskaraz itzuli.
 
PILOTARIAK
Jean Erratxun, "Darritchon", Gaskoina. Dominique Sabalo- Yats, Jean Pierre Gorostiague "Esperantza" deitua. Darritchon, «Behaxka» deitua, Louis Madré. Erran behar da, ikerketa hau ez dela gaurkoa, eta bertze asko gizon eta emazte, bai eta pilotari  aipagarriak izan direla geroztik.
 
Ixtorian barna Hazparneko  gertakari aipatuenak
 
Hazparneko ingurua, aintzinixtorioko zentro bat da.  Ursuia mendia, arkeologiako gune bat da,  hiru mailetan  behesia,  Abarratian bezala. Hazparne, herri gotorra zen jadanik Erromanoen denboran, Erromano harriak porogatzen duenaren arabera. Hau noizkoa den, ezin erran ditaike; batzuek diote; HADRIEN enperadorearen denborakoa dela, 117 eta 138 arte hortakoa; bertzek diote, SEVERE ALEXANDRE enperadorearen denborakoa litaikela, 222 ingurukoa.  
Zalduko jaunak, hamar garren mendeko,  Lavedan Bikontetik ateratzen ziren. Arnault de Sault, Hazparneko Barronia ardietsi zuen Lapurdiko bikontea ganik, eta gaztelu bat eraiki zuen, 1125 garren urtean, Labirin (Zaldu zahar). Jaun hori ezkondu zen, Marie Bertrand,  Lapurdiko bikontearen alabarekin. Hauen semea,
Guillaume-Raymond laugarrena, Lapurdi  eta Arberuako bikonte bilakatu zen. 1193-ko urtean, bere  esku bide edo dretxoak,  Angleterrako Erregeari utzi zituen.. 1289-ko maiatzaren 30 an, Guillaume Arnaud de Sault jauna hasi zen,  Zaldu berria-ren  eraikiarazten  Zelaian. Hau, 1310-an bukatua izan zen.
 
 
Historio puska bat orai
1656-an, Hazparnek ukan zuen merkatu baten egiteko eskubidea, 15 egunetarik asteartarekin.
 1784-eko urtean, gatzaren gainean zergak ezarriak izanen zirela entzunik,  Hazparneko emazteak, segaz eta fuxinaz armaturik, oldartu ziren.  (idatzia denaren arabera, 6 000 baziren eta Hazparnen, 5000  biztanle baizik ez ziren; erran nahi baitu, bertze nunbeitik ere bazirela etorriak).  Oldartze hori azkarki gaiztigatua izan zen eta hunen ondorioz, elizako dorrea moztu zuten.
Frantziako iraultza denboran, errepublikano epelen eta suharren arteko tirabirak izan ziren Hazparnen. Erretorak eta bikarioek errefusatu zuten « sermentea » izenpetzea (errepublikako araudiak Apezek onartzea nahi baitzuten). Apez horiek kendu  zituzten beraz, eta hauen orde,  konstituzioa izenpetu zuten Apez batzu ezarri.  
Liburu hortan, Apez bitxi bat aipatua da ere.
 
1766-an, « Bidassouet » etxean sortu zen, Pierre D’Iharce Apeza. 1792-an  ordenatua izan zen, Donostian, eta han egon zen 10 urtez. Hazparneko Bikario izendatua izan zen,  1825an.  Idatzi zuen « Kantabren  ixtorioa » eta  « Euskaldunen eta aziatikoen hizkuntzaren berdintasunak ».    Liburu hau, fantesiazko obra bat zela,   ikerketa seriosik gabe egina, errana  izan zen.  1830-eko urtean, Arbou, Baionako Apezpikuarekin  eztabadan sartu zen. Huni kontseilatu zion, kasu egitea,  Jesuisten fanatismo  itsuari.  
Apezpikua mendekatu zitzaion, eta gaztigatuko zuela erran, gure Hazpandar Apezak gogo horietan bermatzen bazen.  1831 urteko abendoaren 20an, D’Iharce Apezak idatzi zuen Apezpikuari: ” Zure egiteko moldea ez da Eliza gizon haundi baten hainekoa. Nahi zinuke, nik onart dezatan, arroltzearen gainean   biloak direla? Bortxatzen nauzu zure menpetik ateratzerat. Iduritzen zaut Jauna, zure krosoak bota dautzun elektrika kolpeak, gure libertate  kultualaren nahi duen bezala,  zure nagusitasuna oraindik sekulakotz  ilusionezkoa  bilakatua  dela.” (Parachou zenak zionaz.) Apez hunek,  geroztik,  goiz guziz jeiki orduko, tiro egiten  zuen Hazparnetik, Apezpikuteari buruz. Bertzalde, D’Iharce delako Apez hau,  eskubiderik gabe medikuntzan ari zen. Medikuen Fakultatearekin ixtorioak sortu ziren ere. 1843ko urtean hil zen, elbarriturik, eta bere eztabada guzien gatik,  Apezpikuteak artatu eta lagundu zuen azken oreneraino.

 “Hazparneko Herriaren Izena”
 

Gaur, euskaraz,  Hazparne,  deitzen dugu gure herria, frantseses,  Hasparren; erdaraz, usu baliatzen dugu ere hitz lerro hau : «La cité des chênes», erran nahi baitu: “Haitzen herria”. Izen  ospetsua, gutiz gehieneri gustatzen zaiona,  ezen Haitza baita arboletan errege, eta, hazpandarrek, egokia kausitu dugu izen hori   gaur gureganatua daukaguna.
 
Denboran erraiten zen, urtxintxa bat, Hazparnetik Baionarat juaiten ahal zela,  haitz  batetik bertzerat jautzinez. Hori, erran bat da  bixtan dena,  nola ere, erran bat baizik ez den, Haitz Barne deitzen zela Hazparne. Dakiguna da ere, Hazparnen, Ametzak eta Haltzak zirela gehienik, eta ez, baitezpada, Haitzak, nahiz Ametza haitz mota bat den.  Ametza, larru pilatzeko   baliatzen zen tanerietan, eta Haltza, ur erreka bazterretan nasaiki heldu da. Hazparnen, erreka ainitz bada, eta ondorioz, Haltzak ere.  Ainitzeri   iduritzen zaiote Haitz barrene,  edo  Haritz-Barne  dela Hazparneren izen xuxena,  bainan,   ikertzale bat ere ez da kausitzen, teoria hunen alde agertzen denik;  denek bertze ikusmolde bat eskaintzen daukute. Nehork ez badu ere porogatzen  ahal, argi ta garbi,  nundik helduden gure herriaren izen hori, badakiguna da,  ez dela nehundik ere,   Haitz barne-tik  heldu; puntu huntan ikerle guziak ados dira.
       
1349-an, Hazparne, HESPERRENE deitzen zen eta idazten;  geroztik, oraino berriki arte, AHETSBARRENE eta  AHAZPARNE, idatzi askotan irakurtzen ahal den bezala, eta izenaren etimologiari hurbilago ditaiken  bezala. Izenaren hastapenean, “ahets” erran nahi bailuke “gaina” eta bukaeran “barren”  gaur “parren” bilakatua den hitza,  erran nahi baitu –mugan-.   Beraz, “ahetz” oronimoa lotua da “barren” hitzari ,  erran nahi baitu: “barnekalde muga   gaina”, erdaraz:  « hauteur la plus intérieure ».
 
Ikusmolde hau zabaldua izan da,    ikusis, Hazparne,  Ahetsbarrene deitzen zela,  gure ixtorioa idatzia izan denetik. Badakigu, herri hunek zer inportantzia zuen gure aroaren lehen mendetan, ikertzaleek diotenaz, eta, ohargarri da denentzat, mendeetan barna, izen hori, ez dela guti baizik aldatua izan, bertze herri ttipiagokoen izenak aldatu  izan diren molde berean. Ondorioz, betidanik izen bera atxiki du Hazparnek, edo Ahetsbarrenek; bi izenek, erro berak baitituzte.
 
Bertze ikusmolde bat bada ere izenaren gai huntan, lehenari hurbil litaikena.  Ikertzale batzuek diote, “aitz” edo “aritz” izenetik ateratzen dela,  erran nahi bailuke “arroka”, eta orduan erran nahia litaike   ( barnekalde mugako arroka). Ikusmolde hunek ere bere funtsezko arrazoiak baditu: Ursuia mendi  arrokatsuaren altzoan da, Hazparne.  Hemen ere, barnekaldearen buruan den  herri arrokatsu (menditsu), beraz gora den  bat aipatua da, eta orokorki, denak erran nahi bertsurat erortzen dira.
 
Dudarik gabe, barnago ikertu beharko ginuke sail   hau, bainan, gaurdanik erran ditaikena da, ez ginukela gehiago Hazparnerentzat, Haitz-Barne  erran nahi duela oihukatu behar, lau haizetarat.
 
Duela zenbeit urte, Zelaiko Parachou jaunak aipatzen zuen, Hazparne, Haltza arbolatik heldu zela,  eta eztabada luze bat ukan zuen denboran, Idieder Hazparneko bikariarekin, geroztik erretor egon zenarekin. Apezak zion Hazparne  “Haitzen erdian”  erran nahi zuela, eta Parachouk “Haltzbarne” zela “Haltzen erdian” tematzen zen, ezen, goraxago  erran  dugun bezala, ur errekak ainitz baiziren;  hainbertze erreka nun, 30 bat eihera baziren Hazparnen.  Ur  erreka hauen bazterretan, Haltzak baziren nonbre haundian.  Hunek erranarazten zaion, Parachou jaunari, Haltz barne zela eta ez Haitzbarne. Nahiz kaseten bidez eztabada zabaldu zuten,   arrazoinik ez zuten atera, batek ez bertzeak,   eta   azken finean,  trinkatu gabe gelditu ziren  bizkar;  bakotxak beren ikusmoldea beretzat atxikiz.
 
Ordainez, Hazketako auzoak, lehen, Harana deituak, iduri luke, Haltzetik atera duela bere izena, haltz (arbola) eta keta  (tokia). Beraz, hemen erran behar ginuke, Haltzketa eta ez Hazketa edo, are gutiago,  Hasketa, gaur idatzia den bezala. Bainan, hemen ere, oraindik makurra egina da, eta erraiten dugun moldean segituko dugu: Hazparne eta Hazketa deitzen. Huna gaurko gaia bukatua..

« Hazparneko Elkarteak 1874-Tik Eta 1940-A Arte » 

1901 izen bereko legearen ondorioz, elkarteak sortu ziren bazter guzietan, bainan, lege hori egin aintzin ere,  baziren elkarteak Hazparnen.
 
Lehena, 1874-an, sortu zen, abendoaren 4an. Lehen elkarte hunen helburua  zen : Hazpandarrentzat ausagailuen antolatzea. "Cercle Saint Julien "deitzen zen elkartea, eta, Julien Ihitz jauna izan zen talde hunen eraikitzailea. "Cavadeenea" Ursuia karrikan den etxe batean zuten beren gela -. Elkarte hunen araudietan idatzia zen: irakurtzeko gela bat bazutela, elgar hizkatzeko bertze gela bat, eta Billard jokoan artzeko gela bat gainerat. Azken gela huntan, bertze  joko ainitzetan ari ziren, nola : kartetan, domino, damiers eta holako. Ordu heietan, diru joko gehienak debekatuak ziren, loteriak eta bertze. Irakurtzeko gelan, 4 egunkari edo aldizkari bazituzten beren menean: Le Monde illustré, La France, La Gironde eta Le Courrier de Bayonne. Urte saria, 9 franko zen, eta tokia idekia zen, egun guziez, goizeko 8 etarik, gauerdi arte.
 
1885 urtean, bertze elkarte bat sortu zen "Cercle du Progrès" izenarekin. Lehendakari zuen, Emile Irigoyen Eyhartzekoa. Elkartearen etxea, ostatu bat zen "La Comète" deitzen zena, eta geroztik, Hôtel Kaskoina izana dena, edo gaur, Jastea. Hor ibiltzen zirenek, 25 eta 50 urte arte hortakoak ziren, eta orotarat, elkarteak, 40 kide bazituen. Elkarte hunek, 20 urte iraun zuen. Araudietan idatzia zenaren  araberan,  politika eta erlijioneaz mintzatzea debekatua zen, nola ere debekatua zen, diru jokoetan artzea, nola : baccarat, lansquenet, chemin de fer eta roulette jokoak.
 
1901-eko legearen menpeko izan zen Hazparneko lehen elkartea, hau 1909-an   sortu zen. "Amicale des Excursionnistes" deitzen zen, eta hunek, bere araudiak idatzi zituen liburuxka batean. Huntan irakurtzen zen : 40 urtez petik diren gizon karlosak zirela bakarrik elkartean sartzen ahal. Bertze araudi batek dio, aste saria, franko bat zela, eta hau, igandetan ordaindu behar zela. Errana zen ere, elkartearen helburu nagusia, diru biltzea zela promenada batzuen antolatzeko. Hau antolatua zen,  kutxan gelditzen zen  diru zenbakiaren lauetarik hirua baino gehiago ez bazen  gosta.
 
Pierre Broussain, Hazparneko auzapezak, 1910-ean sortu zuen elkarte bat "Zaharra-Berri" izenekoa. Hunen helburua zen, pilota jokoen kontserbatzea eta zabaltzea, guziz eta  bereziki, luzeko jokoa.
 
1913-an, sortu zen « Kultur eta kirol » elkartea, Justin Mirande Apezaren nahikariz.  Hau, behin, « Xerubino » elkartea deitua izan zen, eta gero, « Jeunes Basques ». Hazpandar gazte gehienak hortik pasatuak dira, 1960-a arte. Hor ari ziren, pilotan, oinbaloian, gimnastikan, musikan,  dantzan,    teatroan ; hor egiten zen ere, zinema eta  armadarat juan aintzineko preparazioa,  etabar. Bere araudietan irakur ditaike, elkartearen helburu bat  dela,  gazte indartsu eta argituak moldatzea, Frantziari soldado azkar eta suhar batzuen emaiteko.
 
1923 urtean, musika elkarte berri bat sortu zen.   "Hazparneko Adixkiden Musika" deitzen zen. 25 musikari bazituen. Talde hunen helburu bakarra zen, musikaren zabaltzea gazten artean, elkartasunean, eta adixkidantza baketsuan. Zorigaitzez, zenbeitek, araudi hau ez errespetaturik,  urte bat barne desegin ziren. Handik eta bi urteren buruan, Pierre Madré-k berriz muntatu zuen musika taldea, eta huni eman zion "Hazpandarrak" izena. Hau ere, laster desegin zen. Beti musika gaiean gelditzeko, 1926 urtean, bertze musikari formakuntza bat sortu zen "Estudiantina" izenarekin, Durencq jauna buru. Hunek ere gutti iraun zuen.
 
Anartean, nesken elkarte bat, « Jeanne d’Arc » deitzen zena, 1925-ean sortua zen. Ordu haietan, nesken libertateari buruz arras bortitza zen elkartea.  Handik eta 8 urte berantago eraiki zuten elkarte hunentzat,  " Jeanne d'Arc" gela. Handik eta zenbeit urteren buruan, gerla denboran, toki hori, Alemanek bereganatu zuten, eta hauek juan zirelarik,  zapaterietako kantina bilakatu zen. Geroztik, noiztenka baliatua izan zen nesken patronajea bezala, bainan, ez segidakorik. Ikastola, toki hortan sortu zen 1972-an.
 
1935 urtean sortu zen bertze elkarte haundi bat, "Noizbait" deitzen zena, eta pilotari emana zena.  Behin, Frantziako federazioarekin  zenbeit denbora mutur egonik, Noizbaiteko kideak sartu ziren lerroan, eta hunen legeak segitu. Pilotako elkarte hunen sortzaileak ziren: Darmendrail, Mathieu , Bellecave, Etcheverry, Mendiague, Luro, Biados, Diharce, Haissaguerre eta Marquine jaunak. Pilotako elkarte hau, Euskal herriko lehenetarik izan zen, eta pilotari famatu ainitz pasatu dira Noizbait elkarte huntarik. Urte berean  sortu zen, "Haïtz-Barneko Ihiztariak" elkartea.
 
1960 garren urtetik haste, zernahi elkarte sortu dira Hazparnen. Gaur,  112 zenbakitzen dira,  eta hauetan, 80 bat, herriak diruz laguntzen ditu.
 

« Hazparneko Herriko Etxea »

Etxe bat bada, orok ezagutzen duguna, Herriko etxea da, denek, noizbeit, zerbeiten beharretan izanez, herriko administrazio gune huntarik. Erdaraz erraiten dugu "la Mairie", bainan lehen, Herriko Etxeari erraiten zen: "la mairerie ". Lehen, Herriko hautetsiak eta etxetako nagusi eta etxekoandereak, beren erabakien hartzeko,  igande goizetan, mezaren ondotik, eliza kalostre azpian elgarretaratzen ziren,  salbu, zerbeit larri zelarik, iraultza aroan edo bertze ; orduan, herrikoetxean biltzen ziren.
Hazparneko Herriko etxea, paper zaharretan ikusten ahal daikenaz, oraiko toki berean zen jadanik, 1650ean. Herriko etxeak berak, bulego ttipi bat baizik ez zuen, eta biltzarren egiteko, gela haundi bat. Frantziako iraultza aintzin, Herriko etxean baziren bertzalde : bihi saltzeak, haragi saltzeak, larru saltzeak ; Frantziako eta Espainiako arnoen saltzeak ere hor egiten ziren. Gainerat, errientaren egoitza hor zen, presondegia ere, eta, Herriko etxearen parte bat, ostaler bati aloiatua zen.
1855-eko abendoaren 18an, Baionako Su-Prefetak, Harriague Hazparneko Auzapezari onartu zion, herriko etxearen berritzea ; erranez haatik, Herriko etxe aintzinak, bertze etxeen lerro bera atxiki beharko zuela. Debisak egin zituzten eta hauek, 25 221,40 franko-tarat heltzen ziren.
Erabakia izan zen, aro ederraren beha egoitea obren hasteko, eta, negua aintzin beharko zirela lan guziak bukatuak. 1856an, ekainaren 19an, hasi ziren Herriko etxe xaharraren aurdikitzen, eta, urte undarrean baizik ez ziren lotu berriaren eraikitzen. Ondoko urteko larrazkenean bukatu zuten. Ordutik, eta bi urtez oraino, eztabada izan zen Herriko hautetsi eta Arxitektoen artean, baizik eta, hauek sobera jornal  galdatzen zutela bere lanaren egiteko. 1859an trinkatu zen afera, eta, azken zorrak pagatu zituen, Hazparneko herriak, arxitektoeri. Horren gatik, Herriko etxe berriaren keskak ez ziren itzaldu : teilatua, arbelaz estalia baitzuen, orotarik itatxurak agertzen ziren, eta, Kontseiluak erabaki berri bat hartu behar ukan zuen, 1864ean. Ondorioz, arbela kendurik, teilak ezarriko zituztela erabaki zuten.
Obren egiteko moldean, zernahi xehetasun badira idatziak: teilatuko zureriak ez du zureko koropilik behar, eta, ez ere, parte ilunik, eta, urte osoa behar du, segatua izana dela. Marluseriek, hiru urte hartan segatuak behar dira izan, aski xukatuak izaiteko gisan. Itziak nola sartu behar diren ere ezarria da idatzirik. Leiho inguruetan, Bidaxuneko harria. Eskailerak, haitzez eta 4 zentimetroko taula azkar batzuekin. Plastra grisa baliatu beharko da, eta azken pasaialdiarentzat, Rouen hiriko plastra xuria. Debisak ofizioka : hargintza, 11 327, 38 franko; teilatua, eskailera eta zureriak, 6 483, 20 franko; plasturgoa 14 440,32 franko; marluseria, 1 936,38 franko; kinkalleria eta burdineria, 1 566,80 franko; berinak eta tindua, 852,40 franko, eta bertzalde, 600 bat franko atxikitzen zituzten, obra xehe batzuen ordaintzeko. Orokorki : 24 258, 48 franko, gosta zen, Herriko etxe berria.
Geroztik Herriko etxea haundiagoa zen oraino, eta, hiru partetan zatikatu zuten : erdian Meria zen, eta bi sahetsak aloiatu zituzten ; bat, 250 franko urteka, eta bertzea, 170 urtean. Geroxago oraino, gela bat baliatu zuten, justiziaren  epai tokia egiteko, 1940 a arte. 1868an, poliziako komiserio bat ere izan zen Herriko Etxean. Hunek zenbeit urte baizik ez zuen iraun.  
Gaur, Herriko etxeak berak baliatzen du toki osoa, eta gainerat, Mañarenia etxe osoa ere baliatzen da Herriko etxe gisa. Bertzalde oraino, Jauregiko barrokietan egin dituzte gela berriak, ur eta ur higatueri buruzko idazlaritzaren  eta Kadaztra tokiaren  aterbetzeko. “La Mairerie”  deitzen zen denboran,   nahiz, 5 000 biztanle izan Hazparnen, Herriko etxean, bi langile baizik ez ziren: idazlari bat eta herriko mutila. Biziki urrun gira gaurko, kasik ehun bat enplegatuetaz, 6 300 biztanlerentzat.