Hazparneko Ura

Hazparnen,  ura etxetarat ezarri zuten denborako lehen  aipatzeak irakurtzen ahal dira, 1787-ko urteko herriko paperetan. Nungo ura erabiltzen zen ordu arte ? Urbegietarik edo zipuetarik ateratzen zen hura edaten zen eta, edatekoaz bertzalde ziren  ur beharrentzat, garbitzeko ala kabaler edaterat emaiteko, errekako  ura baliatzen zen. Ohargarri  da, ordu heietan, ur bilariak « porteur d’eau »  baliatzen zirela ,  jende xahar edo ezinduak zireneri, sos batetan ura ekartzen zaiotenak. Plazako jende gehienek, Jondonaneko urbegitik zaukaten ura, frantses erdaraz,  « Fontaine St Jean » deitu gunetik biltzen zutena.
1780garren urtean, Hazpandarrek asmatu zuten,  behar zutela ura ekarri etxetarat, herriko plazaraino. Ondorioz,  obra horrier  buruz,  ikerketak hasi zituzten  eta ohartu ziren orduan,  uraren etxetarat ekartzeko,  beharko zutela   lur barnean  ildo haundi luze bat ideki, urbegietik plazaraino,  eta ere, eremu hortan ziren  jaben baimena ardietsi eta ordaindu beharko zutela ere. Ainitz kataska sortu ziren ordutik eta  zorigaitzez, 30 urte berantago,  lanak  beti egitekoak  gelditu ziren.
1826garren urtean, uraren beharra haundituz ari baitzen, berriz eztabadan hasi ziren Hazparneko hautetsiak. Orduan ere, aurka jazarri zaitzkioten lur jabeak eta nahiko trabak kausitu zituzten, bainan aldi huntan, ez ziren lotsatu, eta  erabaki  zuten, Jaun Prefetari galdegitea, ardiets zezaioten, obra horiek ;  geheingoaren onetan egitekoak zirela,  erabaki zezan, erdaraz deitzen da   “décret d’utilité publique” eta nahi ala ez, obrak hasteko baimena ardiets dezaioten. Oraino 12 urte  idurikatu behar ukan  zuten baimen hori, eta azkenean, lehen pikotz ukaldia, 1840an eman zuten. Ura karrikarat eremaitea hasia zen!
Behin, bi  iturri egin zituzten: lehena,  Pikasarriko ondoan eta bestea, Herriko plazan. Iturri horietan, aska batzu eraiki zituzten, abereen edanarazteko. Ordu heietan, karrosa eta orgak ziren nagusi karriketan eta, heien karreari, zamariak, astoak ,mandoak eta idiak. Hauek, nunbeit edan behar zuten, eta horren gatik, lehen lana,   aska horien egitea izan zen.
Lan horiek, 4000 liberako bat gostatu ziren. 26 urte berantago, orduko auzapezak, Eugène Harriague deitzen zena, ohartu zen  ez zela  aski ur heltzen Hazparneko plazaraino. Eginarazi zituen, 16000 pinta jasaiten zuen zipu   haundi bat, Misionesteko  etxetik hurbil zagona eta, 800 metro luzetasun zuen ur bide bat eginik, bi iturri eta bi abereen edanarazteko tokiak eraikiarazi  zituen.
Handik eta 8 urteren buruan, auzapezak ukaiten zuen  petitione bat, Herriko etxeko  karrikan eta orduan egiten ari zuten Hazketari buruz karrika berrian ziren, 53 etxeko jabeek izenpetua zutena, bi karrika horietan ura ukan zezaten galdearekin osatua zena.
Ondorioz, lan berri batzu hasi   ziren,  eta plazako etxe guziek ur garbia etxetik hurbil ukan zuten. 19garren mendearen bururatzean, herriko gizonak ohartu ziren,  Utsutik, ura, nasaiki jalitzen zela. Baionesek, jadanik ohartuak ziren gauza horri eta Hazparneko herriari,  biziki guti pagatuz,  hortik hartzen zuten behar zuten uraren  parte bat.
14eko gerla hasi zelarik, Broussain, Hazparneko Jaun auzapeza, obretan hasi zen, bainan, laster gelditu ere.
1922an, herriko gizonek bozkatu zuten, 3000 liberako gastu bat, ikerketa baten egiteko. Hunek, argitaratu zuen nola egin zitaizken  ura, Utsutik, Hazparneraino ekartzeko, eta zonbat gostatuko zen ere. Ikerketa horrek agertu zuen, ura, Pitrestea deitu etxetik hurbil behar zela hartu. Ikerlan hori, Mengaud deitu ingeniar batek egin zuen. 1925ean, Jean Lissar medikua zen, Hazpandarren auzapeza. Harrek du, azkenean, ura, Hazparnerat ekarrarazteko baimena eman, 1929tik, 1933 arte, lau urte iraun  behar duten  lanak egin ondoan.
Obra haundi horiek bukatuko direnean,  3000 Hazpandarrek, ukanen dute, egun bakotx,  300 pinta ur enpleatzeko ahala. Gastu ttipi guziak, Lissar jaunak bere sakeletik ordaindu zituen eta lanak hasi ziren. Hauek,  ikusgarriak izan ziren. Zenbeit astez, gizon tropa haundi batek, pala eta pikotzak erabiliz, 12 kilometroko ildo barna  bat ideki zuten, ur hodien pasarazteko. Hauek (1,50m) metro bat eta,  50 zentimetro barnetasun egiten zuten eta (80cm) lauetan hogoi zentimetro zabaltasunean. Behar izan ziren ere egin, zipuak uraren heltzeko eta beste lan haundi eta ttipi frango.
Denak egin ahal izan zituzten hala ere,  orduko tresnekin,  sei hilabetez. Lanak, miliun bat eta zortzi ehun mila (1 800 000) libera nunbeit han gostatu ziren, ez baitzen gutti orduan.
Mailegu bat egin zen orduan herriko izenean –pagatu behar zen intresa ehunetarik hiru liberakoa zen-; mailegu hori, 25 urterentzat egina zen! Hazpandarrek pagatzen zuten ura orduan, libera bat eta bost zentima metro kuba.
Geroztik, ur beharrak emendatu dira azkarki. 150 kilometro hodi pausatuak izan dira orotarat. Hazparnek badu xantza haundi bat,  ura ausarki dauka eta ona, ez baita gauza hori dener emana. Jakin dezagun, iraupeneri buruz abentail haundi hunen  beiratzen.

Hazparnen Egiten Ziren Abere Lehiaketak

Balin bada zerbeit Hazpandarrek edo Hazparneko laborariek maite zutena, zen, « Comice Agricole » edo, orduan Hazpandarrek deitzen zuten bezala « Concourrak ».
Hazparnen  izan dira lehiaketa horiek, 1889-tik, 1972 arte.
Zoin gehiagoka horien xehetasun guziak emaiten ahal dira aise, zeren eta, herriko etxeko idazlari zen gizonak,  gauza guziak, liburu haundi batean, xeheki ezartzen baitzituen, nola,  etxeko nagusi edo etxetierrek,  lehiaketa haueri buruz egiten zituzten apailuak. Erran behar da ere, herriak pagatzen zituela egun hortako xahutze guziak.
Hazparneko  kabala xapelketa horiek, usuenik, Erramu biharamunian edo Pazko biharamunian egiten ziren. Egun hortan, Hazparnerat gomit ziren, deputatu eta senatoreak, hiri haundi zonbeiten auzapezak, kantonamenduko auzapez guziak eta bost edo sei abere sendatzaile (Maaxelak). Gizon horien izen guziak, aipatu liburu haundi hortan idatziak dira.
Lehiaketa horren legia ezarri zuten xutik, 1889-an eta poxi bat kanbiatu, 1921-ean.  Lehiaketa hau idekia zen lehenik, Hazparneko kantonamenduko laborari guzier eta, berantxago, Bastida, Beskoitze, Aiherra eta Isturitze-ko laborarier ere.
Orai den Urzuia kolegioko ondoan, egun hortako, zurezko etxe ttipi bat eraikitzen zuten, eta handik emaiten  zuten,  saristatuen zerrenda,  irabazi primak eta medailak.
Egun hortarat heldu ziren, orduan ezagutuak ziren hautetsi haundi guziak. Huna heietarik zenbeit : Ibarnegaray, De Coral, De l’Epée. Fresak pagatuak ziren alde guzietarik. Hazparnek berak, bixtan dena, parte haundiena pagatzen zuen, bainan, kantonamenduko herriek, bakotxak bere ahalen arabera, zerbeit emaiten zuten ; aipatu hautetsi haundienek ere, zerbeit emaiten zuten. Banko batzu ere, gastuetan parte hartzen zuten, bai eta ere, kabal artatzaileek.
1922-an “Comice Agricole” horren muntatziak,  4200 libera gostatu  zen; 1935-ean,  9 000 libera. Gerlaren ondotik haatik, azkarki kariotu zen “affaira”. 1946-an, 46 000 libera gostatu  zen. 1950-ean, 70 000 eta 1960-an, 268 000 libera.
Presentatuak ziren abereen zenbakia, lehenik, emandatuz joan zen. 130 ziren, 1927-an. Zenbaki haundiena izan zen, 1936-an, zeren, 224 kabala bildu baitziren. Bigarren gerla pasatu eta haatik, zenbaki hori azkarki ttipitu zen. 1962-an, 86 ziren bakarrik.  196 -ean, 73 eta, 1970-ean, 43 bakarrik etorri ziren. Ez da “estonatzeko” hau, azkena izan baitzen. Laborariek behar zituzten kabalak ongi prestatu eta bideetan autoak nonbre haundian izanik, beren kabalak ez zituzten oinez ekarri behar, lehen bezala, bainan kamiunetetan.
Urte gehienetan, laborari berek zituzten prima haundienak ukaiten. Gehienik aipatuak direnetan aurkitzen dira : Bernardin Pagueguy, Pierre Soubelet, eta Etcheverry Hazpandarrak, Germain Camblong Makearra, Noblia eta Errecart Aihertarrak, Hirigoyen Lekondarra, eta, Heguy Lekuindarra.
Zoin gehiagoka hori pesta egun  bat bezala estimatua baitzen, usu, aratsaldetan, pilota partida bat antolatua zen Trinquet Berrian. Behar da erran ere, “Concourra” eta pilota partidaren artean, bazkari haundi bat bazela, nunbeitik etorriak ziren gizon guzier eskainia zena. 50 (berrogoi ta hamar) biltzen ziren karia hortarat, Hazparneko ostatu batean. 
Behar bada, laket izanen zautzie jakitea zer ukan zuten jatera, adibidez, 1927-an, Kaskoina deitu ostatuan. Hasteko : « Consommé Henri IV », gero « Saumon sauce mayonnaise », « Ris de veau à la ménagère », « Filet de bœuf Renaissance », « Fonds d’artichauts à la Paloise », « Dindes truffées » eta « Salade Rachel ». Deserta : « Entremets Moka praliné » eta fruituak, kafea eta ondokoa.  Horien pusatzeko : arno xuria, Bordeleko eta Bourgogne-eko 3 arno beltz desberdinekin. Seguraz ere, aserik jali ziren !

Lapurdiko Armada

Bi mende baino gehixoago iraun du, Lapurdiko armadak,  « La milice du Labourd » izena zuenak. 1565-an, Charles IX, orduan Frantziaren  errege zagonak, deliberatu zuen, Lapurdiko lurrak, 1000 gizon ukanen zuen  armada ttipi bat behar zuela.
Ehun urtez, konpainia bakotxak 100 gizon bazituen, gero, 50-erat ttipitu ziren. Ordu heietan, 20 konpainia baziren. Hazparnek, 2 konpainia behar zituen ukan. Heldu baita, armada ttipi horrentzat, herriko  hamar gizonetarik bat, Milizako fornitu behar zuela. Gizon horiek, behar ziren, etxeko nagusiak izan, 18 urtetarik, 40 urte artekoak. Ez bazen nagusirik aski, azken soldadoak sortian hautatzen zituzten.
Konpainia bakarrak bazuen  beren kapitaina, 2 “liutenante ” eta 2 “sarjante ”. Etxeko nagusi batek,  zerbitzua ez zuelarik egingo, igortzen ahal zuen, bere orde,  beste gizon bat. Herri bakotxak, harmak behar zituzten hornitu. Soldado horiek ez zuten beztimendu berezirik,  beren usaiako soinekoak ibiltzen zituzten.
Bi mende horietan, Lapurdiko milizan ziren soldadoak, lehenik, infanteriakoak, izan dira, gero, “arquebusiers” eta azkenik, “mousquetaires”. Erran behar da, herri guziek egiten zutela, ahal zituzten guziak, beren soldado zenbakia ttipitzeko, zeren eta, soldado horiek, herriari gostatzen baitzuten.
Zer egin behar zuen miliza horrek? Soldado horiek, gehienak bederen, gerlari hitsak ziren. Artetan, irakurtzen ahal da, gerla zenbeitetan, Espainiako itzuliño bat egiten zutela. Gehienetan, haatik, Baionarat joaiten ziren, handik gerlarat joanak ziren soldadoen ordaintzeko. Herrian berean haatik, usu lan zerbeit egiteko bazuten. Ordrea behar zuten atxiki, behar zituzten mandil ibilkari eta mozkor guziak arrastatu eta herriko etxeko presondegirat altxatu. Behar zuten ere, tokian  izan eta ohore eman, herrian  pasatzen ziren gizon haundieri. Hor ziren ere, Pesta Berri egunean. Haatik, ez ziren sekulan agertzen, Hazpandarrak erregearen kontra oldartzen zirelarik, 1760-an eta 1884-an egin zuten bezala. Orduan, Baionan ziren soldadoak baitziren  Hazparnerat etorri.  
Hazparneko herriaren konduetan aipatzen dira, usu, armada ttipi horren biziarazteko egin bahar ziren pagamendu guziak. Huna heietarik zonbeit : artetan, behar ziren harmak Heletarat igorri, han ongi arranjatzeko. Pesta Berri guziez, soldadoek edaten zuten arnoa pagatu behar zen eta gauza bera egin, karia hortarat,  heldu ziren bizpahiru musikarieri. Soldadoak, artetan, Berinotzeko planorat joaiten ziren, tiroka artzeko; han jaten eta edaten zituztenak behar ziren ere  pagatu. Berdin ere, mugarat joaiten zirelarik, ofizierak  eta soldadoak pagatu behar ziren. Denbora heietan, egunarentzat, ofiziera pagatzen zen, 16 libera, ofizier azpikoa, 11 libera eta soldadoa, 4 libera.
1760-ean, Hazpandarren oldartzea gertatu zelarik,  Baionatik, lau soldado konpainia etorri ziren. Hazparnen egon ziren zenbeit egun eta heien jatekoak eta alokamenduak, 1 600 libera gostatu ziren.
Tokiko hautetsiek zituzten hautatzen, armada ttipi horren ofizierak eta ofizier azpikoak. Bertzalde, 30 bat gizon baziren, Hazparne plazakoak, Hazketarrak eta Elizaberritarrak; beste 30, Labiri eta Urkoikoak eta azken 30-ak, Zelai, Sohano eta Minhotzekoak.
Huna orai, Hazpandarrek, 1566-garren urtean, Frantsesen erregeari galdatu zutena :
“Hazparneko jendeek umilki galdatzen dute erregeari,  ohart dadin, Hazparne, Espainiako herri aldetik biziki hurbil dela eta hortakotz, biziki usu gerlaren izaiteko irriskuan dela.
Frantziako erregeek beti onhartu dituzte Lapurdiko   ohidurak  eta araudi zaharrak.
Zu etorri ziren geroztik, Lapurdiko lurretan behar dugu  hornitu eta artatu, mila gizonen armada ttipi bat, urtean, 10 000 libera gostatzen dena.
Tokiko  jendea, beren ohidura zaharren galtzeaz, maiz  larderiatua  da . Beharrik, zu etorri zirelarik, manatu duzu Lapurdiko jendeak beren dretxo eta ohidura zaharrak beti balio bera izan dezaten. Erran duzu, beharrik ere, gure sal-erosketak egiten ahalko zirela, askatasunean eta hauek sartzen  edo ateratzen  ahalko zirela hemendik, geihiagoko zergarik gabe. Gauza hori ez bazinu egin, Hazpandar zonbeitek beharko zuten herritik urrun joan bizitzeko.
Charles IX, orduko Frantziako erregeak, Hazpandarrek igorri galdea onhartu zuen.  


Sekulan Pasatu Ez Den Train Hura !

25 urtez bederen, Hazparnen izan den eztabada haundiena izan da, herriak, traina ukanen zuenez ala ez. Hazparneko paper zaharretan  irakurtzen da,  hiru auzapezek nahi ukan dutela, atsulutuki, traina izan zadin , Baionarat  eta  Kanborat buruz.
1888 garren urtean, Jean-Pierre Larramendy deitzen zen  gizon bat zen, Hazparneko auzapez ; bere asmua gogoan erabili zuen eta, « cahier des charges » deitu ageri bat  idatzi zuen ekintza huni buruz. Hartan agertzen da, delako burdin bidea behar zela, Hazketan, Beskoitzen, Lehuntzen eta Mugerren pasatu. Burdin bidearen largotasuna, metro bat ukan behar zuen. Train hori  ez zen biziki fite ibiltzeko asmatua : hogoi kilometro orenean egin beharra zuen bakarrik. Trainaren luzetasunak ez zuen 70 metro baino gehiago egin behar. Jenden eta kabalen ibiltzeko beharko ziren, hiru « locomotives » deitu mekanikak eta zortzi karro « wagon » erosi. Burdin bidearen pasatzeko, Hazparnek, urririk eman behar hortarako zen lurra eta 2000 libera urtean  pagatu behar zuen, burdin bide hortako buruzagieri.
Gauza horiek oro hatzean ezartziak, denbora galdatu zuen eta, 1891an,  bilkura haundi bat izan zen, Baionan. Hartan bildu zen presuna andana bat, bainan, maleruski Hazpandarrentzat, gehienek ez ziren alde agertu eta orduko ministroak ez zuen baimenik eman. Ondorioz, lehen projektu hau utzi behar ukan zuten debalde.
1892an, St Martin Harriague Morrosko Hazparneko auzapez zelarik,  beste entsegu bat egin zuen hunek. Bainan, aldi huntan, train bide hori  Hazparnetik Kanboraino egin behar zela, pentsatu zuen Auzapezak. Asmu huni buruz,  Ustaritzeko jendea  alde kausitu zuen  Xemartin Harriagek. Morroskoren lehen lana izan zen gogoetatzea, burdin bide horrek,  urtean, zonbat jende, kabala eta gauza, ukanen zuen karreatzeko. Karkulak egin zituen eta zenbaki hauek agertu: burdin bide horrek karreatu beharko zituen: 2000 tona zapeta, 500 tona larru, 600 tona arno, 100 tona beztitzeko puska, 100 tona zimenta, 2000 tona bihi, 600 tona lur-sagar, 1800 tona epizeria eta beste. Gainerat,  Hazparneko merkatutik joanen zirela burdin bide hortarik, urte bakotx: 2500 behi eta idi, 1500 urde, 3000 bildots eta ardi.
Burdin bide horren egiteko, Paotako azpitik beharko zen  pasatu eta hortarako, lur petik  300 metroko  bide bat zilatuz. Burdin bide eta huni doazin gauza guzien erosteko, orduko 650 000 libera beharko ziren  kausitu, ez baitzen  guti.  Ibilkariak, Kanborat joaiteko, 70 zentima ordaindu beharko zuen; libera bat eta  bortz zentima, joan jinarendako.
Hiru urte pasatu ziren  oraino denak hatzean ezarri aintzin, eta orduko Kontseilari  nagusiak, Larraidy jaunak, jakinarazi zuen, departamenduak eginen zuela,  burdin bide bat, Peyroradetik, Donibane Lohitzunerat, Hazparnetik pasatuz.
Hazpandarrak ez ziren soberarik kontent agertu azken berri hau plazaratu zenean; bainan, zer egin, beste guzien kontra! Gehiago dena, burdin bide horren buruzagiek pentsatzen zuten, Hazparnek ukanen zuela abantailik haundiena eta ondorioz, 3600 libera , 63 urtez pagatu beharko zuela. Donibane Lohitzunek, 3100 libera pagatuko zuelarik. Beraz, Kanboko traina utzirik, Hazpandarrek, burdin bide berri hori beharko zuten  idurikatu.
Lanak, emekiño hasi ziren, 1911an. Handik eta hiru urteren buruan, gerla haundia hasi  zen  eta obrak gelditu ziren. Berriz hasi ziren  1922an. Anartean, gerlak gauza asko kanbiatuak  zituen. Bidetan, autoak gero ta gehiago ikusten ziren  eta 1922-an  hasiak ziren lan guziak, bazterrerat utziak izan ziren. Gaur, train bide horrentzat hasi lanak ageri dira oraino, Xapitaleko gunetik haste Labiriko Amabirjina arte; auto bide sahetsean dagon bide hori da. Hazpandarrek nahi zuten beren traina, bainan ez zuten sekulan  ukan!


Zalduko Jauregia

Hazparne Zalduko jauregiak badu historio haundi bat ez dena biziki ezagutua. Lehen jauregia, Kaskoiniatik jina zen familia haundi batek  eraiki zuen, Hazparnen, XIIgarren mendean. Ahidetasunean zen, Euskal Herriko beste zonbait  familiekin ; hala nola : Haitze, St Pée eta Irumberry deitzen zirenak.
Handik laster, Lapurdiko lurrak Anglesen azpiko izan ziren eta, Guillaume Arnaud de Sault-ek, bere dretxo guziak, Angleterra-ko erregeari saldu zituen. Orduko denboretan, « les Croisades » gudukak erabiltzen zituzten lur sainduetan. Zalduko nagusiak ez zuen batere guduka horietan parte hartu, bainan, Hazparneko inguruetan arizan zen, buruzagi gisa, lan haundi batzuetan. Lur peza haundi batzu garbiarazi zituen eta zonbeit mila arbola toki horietan landatu. Basusarri, Getari, eta Ahurti herriak, orduan sortu ziren.
Gero, denbora pasatu eta, Londrese eta Parise urrun baitziren, Zalduko nagusiak gudukan arizan ziren, batzuetan, Frantziako erregearen alde eta bertzetan, Angleterrako erregearen alde. Lehen gaztelua zahartueta, XIVgarren mendean, Zalduko nagusiek, bigarren bat eraiki zuten, Labiri gainean. Denbora hartan, Lapurtarrek eta Baionako hiriak gerlan ari ziren, batzu besten kontra.
Hazparneko jauregiko seme alabak, beste famili haundiko seme alabekin ezkontzen ziren ; lotura haundiak zituzten Lapurdiko eta Nafarroko izen haundiko familiekin, hala nola : Urtubi, Urruñakoak, edo, Monte Real Nafartarrak.
1654-ean, Zalduko nagusiak, Dibusty zuen izena. Alaba bat ukan zuen eta, gauza harrigarria guretako, alaba hura, 13 urtetan ezkontarazi zuen, Jean-Baptiste de Saint Esteven izena zuen gizon batekin. Ezkontzako meza, Parisen emana izan zen, ospe haunditan, St Séverin deitu elizan. Zeinbeit urte berantxago, senar emazte horiek zuten eraiki, Zelai auzoan, oraino ageri den, Zalduko jauregia, jaun-etxe haundia izana zen etxea. Iraultza izan zelarik Frantzian, familia guzia Espainiarat ihes egin zuen eta geroztik, ez da Hazparnerat sekulan agertu.
Erran behar da, jauregiko nagusien eta Hazparneko hautetsien, bai eta Hazpandarren artean, haremanak ez direla beti hoberenetarik izan.  Sekulako kalapitak eta auziak izan zituzten, batzuen eta besten artean. Elizan, jauregiko jendeek, toki bereziak bazituzten. Proosionetan eta beste elizkizunetan, nahi zuten beti lehen izan. Dretxo horiek ez ziren Hazpandar guzien gostukoak. Horren gatik, zer kalapitak ez ziren izan !
Jauregi horrek, bere ondoan, kapera ttipi bat bazuen, nun, etxeko semealabak ezkontzen ziren. XVIIgarren mendean, hiru ezkontza ospatu ziren han. Jauregi hortarik gaitzeko bista zen, bai Landesetarat buruz, bai itsasorat buruz. Duela 50 bat urte, jauregi hori ikusten ahal zen oraino, bere teilatu ederrarekilan, barne haundi eta zabalekin, eskaler zabal eta ospetsuarekin. Maleruski, aspalditik, etxe hortaz,  nehork ez du artarik hartu, eta egungo egunean, ez da kasik deus ageri laparren artetik.
Iraultza pasatu eta, zenbeit jabe izan dira, Hazpandarrak eta beste. Zenbeit xede izan dira ere, etxe horren baliatzeko, bainan, zorigaitzez, deus ez da egin. Damu da holako etxe baten lurrerat joaiten ikustea. Murru horiek suntsitzearekin batean, Hazparneko historioaren parte bat juan dute berekin.
 


Zapeteriako Lantegiak Hazparnen

Juanden urteko emankizun batean, aipatu nizauzuen Hazparneko zapateriak. Egun oraino  beretik ariko naiz  gai hunen inguruan.
Zapeteriak, toki haundi bat ukan du, luzaz, Hazparnen. Jadanik, XVIIgarren mendean zapeten egiteko larrua hedatua zen, azkarki, Hazparnen. 1846 (Mila zortzi ehun eta berrogoita sei) -eko paper zaharretan haatik, ohartzen da, zapatainak lanik gabe direla. Behar da erran, ordu arte, Hazpandarrek, behar zituzten zapetak,  berek egiten zituztela, eta, ahal bezainbat, zapeta merkatuan saltzen.
Ikusiz beren lana ttipituz joan zela, orduan, hasi ziren, soldado ziren gizonentzat, zapeta pizu eta azkarren egiten. 1906-an, Hazpandarra ez zen andere batek, Hazparneko zapetaz, lan eder bat idatzi zuen. Ohartu zen, 10 urte lehenago, Hazparnen, zapeten egiteko mekanikak kausitzen zirela. Ordu arte, zapetaren lanak, etxetan egiten ziren. Nagusi zonbeitek, behar ziren gauza guziak emaiten zituzten laborari etxe ttipietan, eta, zapetak bukatuak zirelarik, biltzen zituzten eta saltzen. Orduan sortu ziren lehen bi lantegiak. Heien buruzagiak, Salvat Amespil eta Hiriart-Urruty deitzen ziren. Zonbeit urteren buruan, elektrika ezarria izana baitzen, beste tailerak ideki ziren.
Hazpandarrak ukan behar izan zuten atelier horien bidea hartu. Zonbeit urtez bakarrik, zapetaren gainean juntatzen ari ziren emazteak, etxetan segitu zuten bere lana. Lan hura ekartzen zuten, bakotsak berea, lantagietarat, oihal belts batzuetan.
Orduan, Hazparneko zapeteinen lana, azkarki haunditu zen. 10 bat lantegi ideki ziren, eta milako bat jende ari zen, heietan, lanean. 14garreko gerla pasatu eta, Limoges eta Fougères hirietarik jin ziren, zapetaren untsa egiten bazakiten gizon batzu. Orduan ere, sortu zen Hazparnen, zapeteinek atxikitzen zuten “Coopérative ouvrière” deitu saltegi haundi bat. Lantegietan irabazten zen saria ez zen biziki haundia, bainan, gehienek bazituzten beren etxetan, oilaxko edo lapin zonbait, baratze haundi bat eta zenbeitzu, bizpahiru behi eta beste hanbeste xerri.
1936-an,  nahasmendu haundiak izan ziren Frantzia guzian, eta Hazparneko lantegiak ere mugitu ziren. Orduan zen izenpetu, lehen elgarrekilako hitz-hartzea nagusi eta langileen artean. Orduan ere zen sortu, 40 orenetako astea. Bigarren gerla etorri zelarik, jadanik, bizpahiru lantegi baziren, aise bizi ez zirenak. Gerla denboran, Hazparneko zapeterietako  nagusiek, galde asko ukaiten zituzten, bainan, zapeten egiteko gauzak eskas ziren.
Gerla bukatu zelarik, zapeteriak berriz hasi ziren karraskan lanean ; maleruski denbora labur batentzat. 1950-ean, Hazparneko langile guziek oren batetako « greba » egin  zuten. Zonbeit urtez, denek uste zuten,  gauzak ontzen ari zirela. Ez ginen  alta ba hartan!
Bi urtez, lau lan toki hetsi ziren. Gauza hori ikusi eta, jendea mugitzen hasi zen eta, 1967-an,  Hazpandarrek deliberatu zuten, Baionarat juaitia, Hazparneko heina zer zen « sous-préfet »ari erraiteko. 2000 jende bildu ziren manifestaldi hortarat eta Baionako karriketan ibili. Bainan, horiek guziek ez dute deus onik ekarriko. Nahiz Hazpandar guziak elkartu  ziren: hautetsi, apez, nagusi, eta langile, zenbeit laborari ere, botereduneri beren arranguren finki oihukatzeko, laguntza izpirik ez zen nehundik agertu. Jaun Prefetak erran zuen, Hazparne (zone sinistrée) ekarria izanen zela. Nehork ez baitu sekulan jakin, zerbait abentail ukan zuenez  Hazparnek izendatze horren ondorioz. 
Zenbeit urte pasatu ziren. Lantegi guziek beren griñak bazituzten, eta batek  salbu, beren ateak  hetsi zituzten. 80 urtez, Hazparneko zapeteriak, lana eta bizitzeko aisetasun bat ekarri dute,  hazpandarreri. Maleruski, ez dute bizi luzea ukan, eta hazpandarrek behar izan dute,  Hazparnetik kanpo lana hatseman. 2013-ko urte hunen hastapenean erraiten ahal dugu, zorigaitzez,  Hazparneko zapateintza ez dela gehiago orroitzapen bat baizik. Hori zen Lehengo Hazparne!

Eihartzeko Ixtorioa 

1900/1910 urtetan,   Eihartzian (egun Gaineko Eihartzia),  Hirigoyen familia bizi zen. Jende hauek aberats okituak ziren, bainan, zorigaitzez heientzat, Hirigoyen jaunak bere fortuna osoa suntsitu zuen jokoan, Miarritzeko Kasinoan. Etxe hunen ontasun ziren: Eihartzia, hunen aintzineko pentze eta lur guziak Francis Jammes karrikako bide borrobila arte, Lazuztea,  hilarrietako lurrak,  Kantoia,  Oihartiria,  ikastetxe publikoak diren lurrak  baratze publikoa barne Lissar karrikaraino, eta Kanboko bidea arte.
Bere diru galtze haundien ondotik, jabeak, lot batean saldu zituen : Eihartzia, bere lur  eta dependentziekin, Oihartiria, bere dependentziekin, ordu heietan, 1871an, Hazparne Morroxkotean bizi zen, Lardapide, Herriko hautetsi izendatua izan zen aberats baten alabari. Hunek zuen, diotenaz, Morroxkotea eraikiarazi eta hain segur, ez,  Xemartin Harriague, Hazparneko Auzapez ohiak, errana izan den bezala, huni, Morroxko erraiten zutelakotz, etxe hortan bizi izanik.
Dena den, Lardapideren alaba hori, Gilles, armadako aintzindari bati ezkondua zen eta hauek  erabaki zuten  Morroxkotea saltzea, eta, Eihartzia eta Oihartiriko ontasunak erostea. Eihartzian sartu ziren ondorioz, eta geroztik, Gilles anderea zendu zenean, hunek, Eihartzeko eta Oihartiriko ontasunak, Francis Jammes olerkariari eman zizaizkon. Hunek, bere familia haundiaren biziarazteko ahalik ez ukanez, bere olerkietarik ez baitzen bizitzen ahal, emeki emeki, saldu zituen ontasun gehienak, Eihartzeko etxea salbu.
Francis Jammes hil, eta zenbeit urteren buruan,  1961 urtean, 10 000 liberetan  saltzeko ezarria izan zen  Eihartzia,  inkantean, Baionako tribunalean . Hazparneko Herriak hau erosi zuen; 1965-ean, sartu zen egoitza eder hau, Hazparneko ondarean. 36 000 libera gosta zaion herriari eta Francis Jammes olerkariaren lagunek, 10 000 libera bildu zuten erosketa huni buruz.   Etxe ospetsu huntan bizi izan da beraz, Francis Jammes olerkaria. Hau, Ortesetik etortzen zen eta orduko jendeak, nasaiki jakinarazten zuenaz,  frantses olerkari hunek, apezen eta Elizaren aurka moldatzen zituen beren olerki guziak. Konbertitu zen,  Gilles anderea ezagutu zuenetik, eta hunek, bere ontasunak ondaretzat hitzeman zaizkionetik. Hau, ez da nehun idatzia, argi eta garbi, bainan, han hemenka, zenbeit hitz agertzen dira, ikus molde hunek egiaren usain azkar bat daukala pentsatzeko. Erran bat baizik, ezen,  bai, konbertitu zen, hau egia da, eta bai ere, Gilles anderea ezagutu zuenetik, hau ere egia da, eta azkenean,  bere ontasunak utzi zaizkiola ere. Ordutik, Elizaren eta apezen adixkide bilakatu zela egia da, hau ere. Beraz, ez da harrigarri omen hori gelditu bazaio.
Dena den, nahiz Hazparnen bizi izan den, olerkari hau guti baizik ez da ezagutua izan herrian. 1868-eko abendoaren 2 an sortu zen,  Tournay-en-Bigorre herrian. Bordalen,  bere familia bizi  izan  zen hirian, 1880-etik 1888-raino, egin zituen beren  lehen olerkiak.
1889-an, Orteseko notario baten etxean egin zuen lan, zenbeit denboraz.
André Gide eta Alfred Valette-n sustenguekin, agertarazi zituen zonbait olerki, 1891-an. 1897-an, «Jammisme » mugimenduak bere fama zabaldu zuen.
« Argi-zirrintako anjelus-etik,ilun-ezkilarat » olerkia agerrarazi zuen, 1898-an. Urte hortan, Claudel eta Charles Guérin kurutzazen  ditu ; azken hunek, zonbait olerki egin zizkion. 1901-an agerrarazten zituen « Pazko-loreen dolumina » eta, bihotzpena baten ondorioz, « Beltzdurak ». 1905-etik  aintzina, bere fedearen berpizteak bihurtzen ditu bere olerkien gaiak.
Paristarrentzat, eskualdun bakartiarra zen, bere mendietan bizi. Bainan, Pariserat joaiten zelarik, xoratzen zituen, Belgikanoak berdin.  Frantses zaindian sartzerat ez zuen lortu, nahiz entsegatu zen.

Bere lehen obrak izan dira  ezagutuenak, Frantzian, partikulazki, Brassens-ek doinutan ezarri « Mariaren agurra  ». Olerkari hau gehiago ezagutua da,   Alemanian, Autrixian, Suisan.  Erresuma horietan ezagutzen dituzte Francis Jammes-en obra gehienak.   
 

 « Eliza, Frantziako Iraultza Aintzin »

Egun aipatuko ditugu, Eliza eta boteredunen arteko hartuemanak, Frantziako iraultza aintzin.
 
Jainkoa eta Erregea, hau zen ordu heietan, hitz nagusi zena ; hunek erran nahi baitu, boteredun zibilen eta elizako gizonen artean, gauzak ordoki zirela. Herriko biltzar nagusiek  ordaintzen zituzten apezak, eta ere erabakitzen, nork zonbat meza erranen zuten, nun eta zoin orduetan. Bainan, hurbiletik behatuz, gauzak ez ziren iduri bezain ongi pasatzen  denbora heietan ere ; bakotxak bere botereari lotzen baitziren,  eta Herriko paper zaharretan irakur ditaike,  1730-etik , eta 1789 arte, Frantziako iraultza etorri arte, zenbeit kataska izan zirela Hazparneko apezen eta herriko arduradunen artean.
 
1733 garren  urtean, seroratea (benoîterie) zen gaia. Erretorak, huni buruz nahi ukan zuen eskua hartu, bainan, herritarreri  zoan,   Serorategiari buruz  erabakien  hartzea. Eztabada luze baten ondorioz, populazioneko deputazioak trinkatu zuen auzia. Erretora, beren esku bidetan mugatu zuten,  eta herriko populua,  bere dretxoetan berme  atxiki zuten! Hunek erran nahi baitzuen, populuak ukan zuela azken hitza!
 
1736 garren urtean, herritarren biltzar nagusiak, erabaki zuen, Dolhassary, Zelai auzoko apezak, benedikatuko zuela kartier hortako airea, ohi duen bezala. (Airea benedikatzen zen Rogazione egunetan.) Hemen ere, iduriz, Erretorak, bertzela izan zadin nahi ukan zuen.
 
Herritarren biltzar nagusi horrek berak, 1737garren urtean, erabaki zuen, 20 sols (edo sos) emanak izanen zirela, goiz meza emaiten zuten Apezeri, eta  25 sols, hauek, meza hortan, gazteeri katixima egitekotan, predikuaren bidez, edo ondotikako erakaskuntza batean.  1738 -an, Erretora manatua izan zen,  konfrerien konduak, argi  agertzea, Laurent Garat, Auzapez  Abadeari ;  bai, Jesusen konfreriakoak, Carmes eta Agoniako konfrerienak berdin. Diru gaineratekorik balitz, kondu horietan, hauek partikatuak izanen dira,  Auzapezari iduritzen zaion molderik hoberenean. Urte hortan berean, Herritarren biltzar nagusiak erabaki zuen, 10 sols pagatuak izanen zirela, kartieretako kurutzetarat prosesionean juanen ziren Apezeri. Hemen ere, Rogazione egunetako prosesioneak ziren aipu.
 
1742-an, Herritarren biltzarrak erabaki zuen, Abokate bat hartzea, jakiteko, hean, herriak fornitu behar zituenez, Elizako ornamenduak ala, Apezpikuteari, Erretorari  edo oraino, Sault Zalduko Jaun nobleari, zoan hauen ordaintzea. Geroxago ikusiko dugu herriari zoala hauen ordaintzea. Urte hortan berean, Herriak galdatu zuen Erretorari, bere bikario bati, zabalaraztea, herriko abisu batzu meza  denboran. Jende guzia mezan ibiltzen baitzen, horela denek entzunen zituztela Herriko Etxearen abisuak.  Hau, onartu zuen Apezak, bainan, kasu huntan ez zuen bortxarik ukan.  
 
1745 garren urtean, Klabelek (Sakristianoak) erran zuten, ez zirela bortxatuak, elizkizunetan, "Chaperona" (erminezko jauntzi ospetsu bat) eta Tortxak, herriko Auzapez eta Juratoeri beren tokietarat eremaitea. Orduan ere, Herriko biltzar nagusia bildu zen, eta hunek erabaki zuen, Klabelek beharko zutela segitu ohorezko egitate horiekin, ohidurak manatzen duen bezala. Beren errefusan jarraikitzen badute,  beren karguetarik kenduak izanen direla erran zaioten.
 
1748-an, Hazparneko Erretorak bere gain hartu zituen, Apezpikuaren bisitaren ondorioz izan zituen gastu guziak. Herriko biltzarrak erabaki zuen,  Apezaren eskertzeko, zenbeit orga haitz egur emaitea. 1750-ean aldiz, ohizkoa ez zen  biltzar batean, herritarrak bildu ziren, jakiteko, hean, Galbarioko mendian, orduan "Suhia mendia" deitzen zen lekuan,  kapera bat eraiki behar zenez, han, apez bati airea benedika arazteko. Geroztik badakigu, kapera hori ez dela sekulan eraikia izan.
 
 
 
Urte berean, herritarrek bortxatu zituzten klabelak beren kondu xuxenen agertzerat. Bertze arrangura bat oraino: Jaun Auzapez Abadea oldartu zen, baizik eta, ogi benedikatua, lehenik, Apezeri emana zelakotz eta ez berari eta bere juratoeri, lehengo legeak manatzen zuenaren arabera. Hemen ere, Apeza pleatu zen herriko buruzagiaren nahirat, bainan, ondoko urtean, Auzapez Abade berriak erabaki zuen, lege hunen haustea eta,   Apezer uztea ostiaren ukaiteko lehentasuna.
 
1760-ean, goiz meza emaiten zuen, Lorda Apeza, zendu baitzen, Piquassary Apezak ordainduko zuela erabakia izan zen Herriko Etxean. Hau, 150 libera ordaindua izanen da urtero.
 
1766 garren urtean, erabakia izan zen, elizako gastuak, Apezpikuteak, Erretorak, Zalduko Jaunak eta Amuko markisak hartu behar zituztela beren gain eta ez, ordu arte egiten zen bezala,  Herritarrek. Hauek erabaki zuten ere, beren arteko norbeit hiltzen zenean, sobera denbora pasatzen zutela elizan, meza ainitz erranak baitziren hilarentzat zenbeit egunez. Erabaki zuten, meza bat bakarrik emana izanen zeal, ehortzketa eguneko hura  eta hau, ofrendarik gabe, ezen, Erretorak, jadanik urteka,  aski diru  altxatzen baitu. 
 
Epe bat kalapita horietan,  1767-ko urtean,  Guillaume Hiriart, Erretora, zendu zenean,  hunek, 3000 libera utzi zuen Hazparneko parropiari.  Bainan, 1771 urtean, berriz kataska batzu agertu ziren: Bernard Haramboure erretorak arranguratu zen,  eliza obra beharretan zela; bainan, herritarrek, ez zuten obren  pagatzeko nahikaririk ukan. 
 

 “Hazpandarren Emigrazioa Kubako Ugarterat”

XX-garren mende hastapenean, zernahi euskaldun juan ziren, ipar eta hego Ameriketarat. Ordu haietan, zortzi itsas untzi konpañiek egiten zuten trabeskadako bidaia,  kasik, euskaldun emigrazioarekin bakarrik. Euskaldun emigrante  horiek, ehunetarik 22, Kubako ugarterat juaiten ziren. Ordu haietan, Euskal Herrian, familia haundiak ziren, eta, etxeko seme zaharrenak etxaldea segitzen bazuen,  bertze anaiak,  ardura, Ameriketarat juaiten ziren, oraino  gazte hutsak zirelarik.  Gazte horiek, ez zuten  armadako zerbitzua egiten; denbora horietan,  ipar Euskal Herrian, 1 885 insumitu zenbakitzen ziren orotarat. Kubarat juan ziren lehen euskaldunak, Christophe Colomb famatuarekin izan ziren, 1492 an.
Kuban zer egiten zuten Hazpandarrek ?  Gehienek, beren etxetan  egiten zuten lan bera…erran nahi baitu, taneria eta  zapataintza.  Hazpandarrek, ongi ezagutzen zuten larruaren lana, ur erreketan egiten zen  lanetik hasirik, larrupilatzea,  gisu purga  eta tanatzea arte. Beraz, Kubarat joan ziren Hazpandar gazte horiek, larru lana ezagutzen zuten, ezen, jadanik, 1831an, Hazparnen, 51 taneria baziren ;   gehienak, etxaldetan zirenak.  Hazparneko laborariek, bi ofizio betan erabiltzen zituzten. 1891an, Hazparnen, 850 gizon eta 605 emazte bizi ziren larru industriatik. 1856 eta 1866 arte hortan, 527 mutil gazte zenbakituak ziren Hazparnen, hauetarik  316-ek armada egin zuten eta 207, Ameriketarat juan ziren, armadarik egin gabe, heietarik zenbeit, Kubarat.
XIXgarren mende undarrean, eta XXgarrenaren hastapenean, zenbeit hazpandar emigrantek, beren izenak utzi dituzte Kubako erresumaren ixtorioan. Hala nola,  Gratien DAGUERRE,  Hazketa  Malexiatean sortua  1874 eko uztailaren 20 an.  Hazparnetik juan  zen Kuba alderat, ugarte hau españolen esku zelarik oraino. Etxen, laborantxa ikasia zuen, eta ere, larruaren lana. Familia bazuen Kubako ugartean, eta hari buruz juan zen. 1902ko irailaren 10an, ezkondu zen, Maria Lamorena-rekin, eta ordutik,  Sondon Arbeletche aihertarraren tanerian lan egiten hasi zen. Zenbeit urteren buruan, bera  nagusi bilakatu zen taneria hortan, eta laster, lantegiari  omen haundia bilduarazi  zuen;  tokiko taneria haundiena bilakatu zen. Ordutik, hazpandar ainitz juanarazi zituen bere lantegian lan egiteko. Horela, taneria hori, 50 urtez,  ongi erabili zuen, hazpandar   langile andana haundi batekin, nola:  Jean-Baptiste Hiriart-Urruty,  Bernard Bacardatz, Jean Baptiste Lahirigoyen Mentaxurikoa, Adrien Cinquabres, Pierre Bidart, Jean Hiriart etabar... Bere bizi undarrean,  Gracien DAGUERRE,  "Gibara "   herriko gizon aberatsena bilakatua zen. 420 ektarraren jabe zen, eta, ehun bat etxe bazituen berenak, herri gotor hortan. 
Bertze hazpandar batek ere fortuna egin zuen "Gibara"herri berean;  Gratien Daguerre industrialaren konfientxiako gizona zen, eta hunek  izena zuen : Jean Baptiste LAHIRIGOYEN. Hau, biziki gazterik juana zen Kubarat, eta han, ixtudioentzat trebetasuna zaukalakotz, gaueko ikastaldiak segitu zituen,  eta etxaminak pasatu ere. Horela, Daguerre  lantegi haundiaren kontable nagusi   bilakatu zen.  Maria Rosa Cruz Gil–ekin ezkondu zen, eta bertze lan mota batzuetan ere trebatu, nola, gisu labe lanetan.
Paulin LAFITTE, Hazketa  Larregain Beherekoa  ere, juan zen Kubarat, bi lagunekin,  iragan  mendearen hastapenean. Pedro Sondon taneria haundiko   nagusiaren  alabarekin ezkondu zen, eta, lantegiaren giderrak hartu zituen. Laster, tresna berriak erosi zituen lanaren errexteko, eta produkzioaren emendatzeko.  Paulin LAFITTE, Frantziako delege bilakatu zen ugarte guziarentzat, erresumak greba haundi batzu jasaiten zituen denboran. Gizon hunen gaiean diren artxiboek daukatenaz,   gizon errespetagarria izan da, LAFITTE hori. Azkatasunaren alde maiz mintzatu zen; Frantzia eta Kuba-ren arteko hartu emanetan baitezpadakoa izan da,  eta  ere, gerlaren ondorioz, burrasoak galdu dituzten haurren alde, laguntza haundia ekarri zaiote.
Ohargarri da, Euskal emigrazioak,  Kuba erresuma berriaren eraikitzean,  parte haundia ekarri duela.  Jakinez, euskaldunak zirela ugarte huntako lehen kolonizatzaileak, nahiz eta, populuaren ehunetarik bortz baizik ez izan. Euskaldun familia horiek eraiki zituzten, Havanako herrian , "Cercle Vasco" elkartea,  eta, Beneficencia-ko " Vasco-Navarraise "  elkarteak. Pilota jokoa sartu zuten Kuba erresuman; gaur, zernahi arrabota badira ugarte huntan, eta jendea, pilota jokoari segitua da.  Argentina eta  Xilian ere baziren hazpandar zapatain eta taneria sortzaileak. Geroxago, azken mende horren erditsutan, Hazpandarrak, Ipar Amerikarat juaiten ziren, ainitz, artzaingoan artzeko.
 

« Hazparneko Ikastegiak » (Bigarren Partea) 

LEgun, juanden aldiko gaiaren segidarekin  eginen  dugu gure solasa: Kongreganizta ikastegiak Hazparnen.
“Landaburua” etxea erosi zuen Garat Apezak, 1837-an. Hor egin zuen diosesako misionesten egoitza, eta erosi zuen ere, "Hoditea", huni hurbil zen bertze etxea -Hazparneko etxe zaharrenetarik bat-. Hoditea, serora kongregazio bati eman zuen, (Baiona San Andreseko "les filles de la croix" kongregazioari). Hunek, 15 serora ezarri zituen Hoditean, eta heietarik 7, erakaskuntzan artzeko behexi zituzten. Lehen urtean berean, serorek neska ikastegi bat ideki zuten, eta pentsoner toki bat; orotarat, hastapenetik, 40 pentsoner ziren toki hortan. Geroxago, haur ttipientzat bertze eskola bat ideki zuten, eta oraino bertze bat, Elizaberri “Larreburuan”; geroztik “Seroratea” deitzen den etxean.
Han, 100 bat haur bildu zituzten,  Elizaberri, Labiri eta Haltzketa-tik etortzen zirenak. Gero, 1869-an, Zelaian, eskola bat ideki zuten ere; hau, neskentzat bakarrik. Hoditean, bazuten,  josten eta sukaldaritzan ikasteko eskola bat,  luzaz idekia izan dena; Hazparneko ainitz neska hortik pasatu izan dira, 1983-an hetsi zen arte. 1907-an, Estadua eta Eliza berexi zirenetik, eskola horiek hetsi behar izan zuten, eta, eskola konfesionalak bilakatu ziren  zenbeit, nola, Elizaberrikoa eta Hoditekoa. 184-ean, herritar ainitzen nahikariari segitzeko, Misionestek ekarrarazi zituzten bi fraile, (eskola girixtinoetako fraileak ziren hauek).
Fraile horiek, behin ideki zuten lehen mailako eskola bat, San Josep deitu zutena, eta egun oraino bizi dagona. Handik eta 11 urte berantago, fraile gehiago ziren bixtan dena, eta ideki zuten kolegioa, 160 pentsonerekin behin,   gero, 200-etarat heldu ziren laster. Horrat etortzen  ziren haur ikasleak,  Euskal Herri guzitik etortzen ziren, Biarnotik eta Landesetarik ere. 1891-an, Hazparnen izan zen jende zenbakitze batean, kondatu zituzten kolejio hortan , 40 haur Frantses eta 119 Español, (hauetarik gehienak, hego euskal herrikoak). Lehen mailako ikastetxea eta kolejioa hetsiak izan ziren, 1911-ko irailaren 1 an. Diosesako Apezek, berriz ideki zituzten beren gain. Arte hortan, bertze bi eskolek ardietsi zuten, herriko eskola, edo eskola publiko, izaitea: Hazparneko karrikakoak eta Urkoikoak. Poeyt eta Galant jaunak ziren errejientak.
1850-ean, "Falloux" legearen ondorioz, onartua izan zen erakaskuntzaren libertatea. Handik goiti, ikastetxetan,  ikasle behardunak zenbakitu behar ziren, bai eskola publikoetan, bai eskola girixtinoetan,  bainan, haur horiek, edozoin eskoletan onartuak izan behar ziren.
1852-an, Herriko hautetsiak oharturik Frailen eskolak herriari egiten zuela ongi haundia -300 haur eta hauetan 150 behardun eskolatzen zituzten, bertze eskoletan ziren baino lauetan gehiago- galdatu zuten herriko eskola bezala onartua izan zadin, eta, eskola huntako zuzendaria, Michel Elissamburu frailea, erlijionean "Innocentius" izenekoa, herriko errejente bezala ezagutua izaitea. Galde hau onartu zuen Prefetak, 1852-ko martxoaren 27 an.
Ondoko urtean, ikaskuntzako erakundeak, 1 500 franko eman zituen nesken eskolarentzat eta josteko eskolarentzat. Handik eta bi urte barne, Serorek zuten nesken eskola ere, Herriko eskola bezala ezagutua izan zen. 1862-an, Prefetak bortxatu zituen girixtino eskola horiek, pagatuzko eskolak izaitea; ezen, horela, bere eskolen artatzeak beren gain hartzen ahalko baizituzten. Galdatua izan zen Herriari ere, haur ttipientzat eskola baten idekitzea. Bainan, Herriko hautetsiek ez zuten hau beharrezkoa kausitzen, ezen, frailek baitzuten horelako eskola bat, kartieretan; bertzalde,  jende kartsuek biltzen zituzten  haur ttipi horiek  bere aldetik, eta,  Eyheralde Apezak ere, Elizaberrin eskola bat idekia zuen   ttipientzat, 100 haurrekin. 1866 sei-an, Herriko hautetsiek erabaki zuten, Galant jaun errejentearen ikastegi publikoaren hestea, haur eskasez.
Ondoko urtean, "Durruy" legearen ondorioz, Prefetak galdatu zuen Auzapezari, zeinbeit diru gehiago bozkatzea ikaskuntzarentzat. Kasik hautetsi guziek errefusatu zuten emendatze hori.
1872 hamabi-an, Herriak ideki zituen, Elizaberri Hoditean eta Zelai Hastingatean, eskola publikoak edo, herriko eskolak, mutikoentzat bakarrik.
1878-an berriz, Bernard Broussain, herritar batek, eman zuen dirua, karrikan eskola publiko baten eraikitzeko. Eskola huni  “Institut Saint Bernard “ izena emanarazi zuen, (berak  izen hori zuelakotz) -etxe hori “Trésor public” gaurko zerga etxea da-.  Broussain horrek eman zuen ere, Ospitalearen eraikitzeko dirua. Hego Ameriketan aberastua ziren  Broussain bi aneiak. Ondoriotasuna, beren iloba Saint Martin Harriague-k ukan   zuen, gero hunen alhargunak,  Lissar andereak, eta oraino ere gelditzen da zerbeit ontasun horietarik, familian gelditu direnak.