Hazprioan,  hiru adin berezitakoak dira.   Hazparneko zelaia,   hunen  goiean diren Arroltze mendi (Galbarioa)eta goraxago Ursuia,  ez dira betidanik elgarri lotuak izanak. Hazparneko lurrak ez du 100 miliun urte baino gehiago, (gure munduaren ixtorioan guti baita hau, nahiz guretzat ainitz izan), ezen Hazparne ipar emizferoan sortua da (43°23'N)  eta aldiz, Ursuia, hego emizferoan (1° 18'O). Hazparneko lurrak, « Panthalassique » itsasoaren barnean ziren ordu haietan. Arroltze mendian  aldiz, 500 000 urteko lurrak dira  eta Ursuiak, miliar bat urtekoak ditu. Hazparne, gaur duen itxura huntan, mendi altxoan  kokatua,    ez luke  35 miliun urte  baizik, kasik atzo baliz bezala.  Aro hartan, bi plaka tektonikoak elgarri juntatzea bukatu zuten. Geroztik, Hazparnetik Ursuko karrikatik goiti juanez Galbarioan gaindi, Urtsurat heltzen denean, 5 kilometro barne, miliar bat urte iragaiten ahal dira jakin gabean edo jakinez berdin. Pirenetako berezitasun bat dugu Hazparnen, 5 km barne hainbertze urteren desberdintasuneko lurrak kausitzea.  Gaur, bi plaka horiek ez dira guti baizik mugitzen, artetan bai hala ere, lur ikara ttipi batzu baitira artetan. Bat bertzean, urtean, 2 zentimetroz mugitzen da delako plaka tektoniko hori   eta hemendik zenbeit miliun urte aintzin, ez ginuke aldaketa haundirik ikusi behar, erran nezake, ez lukete ikusi behar ezen, ez da segur gu hor izanen girela orduan.

Plus...

Clément Mathieu Hazpandar Jaun Apezpikua 

Clément Mathieu, Hazparnen sortua zen, 1882-ko martxoaren 18an, ‘Ezkerraenean’, edo Mattiuteko xokolategian, Herriko etxeari bisenbis egiten duen etxe hortan. Hamar haurretarik hirugarrena zen. Bere ixtudioak, Hazparneko kolegioan hasiak zituen, gero, Larresoroko semenarioan sartu zen apez izaiteko gogoarekin. 1906-ko uztailaren 15 ean, apeztu zen. Gero, Teologiako ixtudioak segitu zituen, Erroman, eta filosofiakoak, Louvain Belgikako herrian.
Beren ikasketak bukatu zituenetik, Miarritzen egon zen bikario eta hemendik, Hamalaueko gerlarat juan behar izan zen.  Bi  medailarekin  itzuli zen Euskal Herrirat, Gerlarien kurutzea  eta Soldadoen medela ukanik. Ustaritzeko semenarioaren superior egon zen eta ondotik, Gieure, Baionako  Apezpikuaren Bikario nagusia. Hunek berak zuen Apezpiku egin 1931-ko urriaren 28an. Akizeko Apezpiku izendatu zuten.  “Légion d’Honneur” Frantses gradu ohoragarriaren jabe zen. Hazpandar Apezpiku hau, zinez Apez argitua zen eta orduko elizako  boteredun batzuen  arabera, Pariseko Apezpiku izaiteko  izendatzea aipu zen eta Kardinale izendatzea ere, hortako   ahalak bazituen. Bainan, Espainiako Kardinaleek ez zuten begi onez ikusten Hazparneko Apezpiku hau.  Hogoita hamaseiko Espainiako gerla denboran, Clément Mathieu-k,  Pariseko Verdier Kardinalearekin  eraiki zuten “ Euskaldunen adixkideak, mugaz gaindiko  zozietatea”. Elkarte hunen eginbidea zen, Franco Espaiñol jeneralaren armadaren aintzinean,  ihes egiten zuten Euskaldunen aterbetzea eta sokorritzea. Pie XI-garrena Aitasainduari gutun bat idatzi zuen, Hazpandar Apezpikuak, huntan salatzen zuela Frankisten nahikari ageria: Euskaldun populuaren erraustea eta osoki desegitea.
HUNA ZER DION GUTUN HORREK
Hazpandar Apezpikuak gutuna hasten du, Hego  Euskal Herria presentatuz.
«Español Euskal Herriak, lau probentzia dauzka, Alaba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Euskaldunak, populu bat dira, beren berezitasunekin, hizkuntza, ohidurak,  nortasunarekin eta arraza behexarekin. Ixtorioak dionaz, nazio berezi baten araudiak dauzka aspalditik. 1839 -ko urtea arte, Euskal Herria  politika mailean  azkatasunaren jabe zen. Erlijioneaz hartua den populu bat da, Eliza katolikoari leial dagona. Adibidez, Bitoriako diosesak badauzka 718 parropia, 2 150 apez, eta 800 semenarizta. Bertzalde, girixtino  zindikatetan 52 000 langile badira, %75 laborari familia dira  girixtino zindikatean; ohizko girixtino zindakat batean aldiz, 5.500. Haueri konparatuz, zozialista zindikatetan 36 000 dira :  komunixtak  7 000 eta anarxixtak 6 500. Ikusten da zenbaki hauetan, nola langile eta laborari populuaren gehiengoa katolikoa den Euskal Herrian.  Hemen, partido politikoetan  gehiengoa  daukana da, PNB, girixtino partidoa, politika, kultura eta zozial mailean balio haundiak dauzkana. Hunen hitz nagusia da « Jaungoikua eta Lege Zara ».
1936-ko uztailaren 18 an, Errepublikaren kontra gerla zibila bat hasi zuen, Franko jeneralak. Hunek nahi ukan zuen sinetsarazi, komunismoaren kontrako gerla saindu bat zela. Bainan, helburua bertzerik zen ; Español errepublikako gobernamendua aurdiki nahi zuen, eta ber denboran, hauetarik  azkatasuna bildua zuten Euskaldunak, suntsitu nahi ukan zituen. Oraino ezin konprenitua da zergatik, Frankok,  Euskaldunak  gudukatu zituen komunixten aurkako gerla hortan, ezen, hauek, Espainiako populu girixtinoena baitzen eta komunista gutiena zen herrialdea.
Gerlaren hastapenean, Euskaldunak gogoetan egon ziren gudu huni buruz ; behin erraiten zuten, ez zela bereri doazin gerla, bainan laster ohartu ziren, gudu hori beren kontra zagola berdin, eta Euskal Herri guzia suntsitzekotan zirela. Frankoren armada ganik, ezin asmatuzko bortizkeriak jasan zituzten Euskaldunek. Injustizia bat zela, Euskaldunen aurka gerla egitea erranez, hauek, errepublikanoen aldean jarri ziren, Frankori aurka egiteko. »
Horela kondatzen zuen Mattiu Apezpikuak, Pie XI-garren  aitasainduari ereman zion gutunean. Kondatzen zuen, nola, Euskaldunak zintzoak izan ziren gerla hortan, desterioan zirenak lagunduz, izan ziten komunista ala anarxixtak berdin ; nola, iheslariak aterbetu zituzten, nola, asmatu zuten presoneren arteko trukada bat Anglesen eta Kurutze gorriaren laguntzekilan. Kondatzen zuen ere nola, gerlarietaz inguratuak ziren Donostiar, Bilbotar ala Alabako  frankista zibil batzu,  lagundu zituzten beren kidekoeri buruz ihes egiten. Oraino luzazki idazten zuen Euskaldunen egoeraz. Populuaren %25 hil izan zirela, kartzelatuak edo iheslari.
« Geroztik, Franko, Euskaldunen aurka jokatzen da, dio hazpandar Apezak.  Españian ez da bakerik izanen, Euskaldunen eskubideak onartuak izanen ez direno. Erlijioaren problemak  behar badu beren bide egokian jarri, eskuin ala ezkerreko extremismoetarik behex, dudarik ez da, Euskalduneri esker izanen dela, eta, hauetarik etorriko dela gauza huni buruz, nahikari aintzinakor haundiena ; hau, Euskaldunak errespetatuak direlakotz. Errespetu hau bildua dute beren girixtinotasuna, argi eta garbi agertu dutelakotz munduari, eta erlijioan findantzi osoa daukatelako. »
 Horela bukatzen zuen gutun luzea. Gutun hau eman zuen Aita sainduari ; hunek ez zuen egundaino, deus agertu, gutunaren gaiean eta ondorioz, Espaiñol kardinaleak, Hazpandar Apezpikua ez zuten gostukoa. Hauek ez omen zuten nahi ukan, Clément Mathieu Kardinale izendatua izan zadin. Akizeko Apezpikua, 1963-ko martxoaren 25an zendu zen, 33 urtez apezpiku izan ondoan.
 

Plus...

Elizaberriko Kapeta

Hazparne Elizaberriko auzoan den Kapera ttipiak, badauka ixtorio luze eta aberats bat.
 
Elizaberri Auzo horren izena, kapera huni zor dio, ezen, 1687-ko urtea arte, Auzoak, “ Harana” zuen izena. Plazatik beheiti, Hazketa bere bi sahetsetako auzo garaiekoekin, (Peña eta  Elizaberri, Beskoitze arte), “ Harana” deitzen zen.
 
Beraz, duela 323 badu kapera hunen eraikitzeak. Hau altxatua izan zen, Larreburuko sahetsean,  Zaliondoko ontasunetan.  Ontasun horiek, Jean Larralde Hazpandar Apezak ukanak  zituen ondarez, eta erabaki zuen, toki hortan berean  Kapera bat eraikitzea. Denbora heietan, 1 678-ko urtetik geroz, Jean Larralde, Sarako erretora zen  eta han, zenbeit tirabira ukan zituen Parropiako fededunekin, eta Apezpikutegiarekin. Kexatu ziren, auzitan sartu, eta ondorioz, urteak iragan zituzten, auziz auzi.  Jean Larralde, bakarrik, ororen aurka tematu zen. Ordutik zuen xedea hartu, nola, bereak zauzkan Hazparne Larreburuko eremuak  baliatuz, Kapera  eta apezetxe bat eraikiko zituela.
 
Hau eraiki zuenetik, oraino 19 urte bizi izan zen, Jean Larralde Apeza, eta 1706 –an zendu zen, Saran.  Eritu zenetik, beren indarrak ahultzen hasiak senditu zuenetik, beren hil kutxa eginarazi zuen. Logelan, bere ohearen sahetsean ezarrarazi zuen, hil ondoan jauntzi behar zaizkoten Liturgiako soinekoak, egun bakotx, heriotzea gogoan ukan zezan, eta huni buruz prest izaiteko moldean. Manatua zuen, hiltzen zenetik, beren gorputza Hazparnerat eremaitea, eliza nagusiko Kriptan ezartzea, jendeak bisita zezan. Bainan, pidaia luzea izankiz, (ordu haietan ez zen otorik), gorputza andeatua zela ohartzen baziren, elizatik pasatu gabe, Elizaberriko kaperarat eremaitea, han ehortzia izaiteko. Hala gertatu zen, eta Jean Larralde Hazpandar Apezaren hobia, Kapera hunen erdi erdian da.
 
Sarako Parropiari ez zion deus utzi nahi izan, ez dirurik, ez eta ere beren hezurrik. Ixtorio ttipiarentzat, Jean Larraldek ez bazuen beren hezurrik ere utzi Sarako Herriari, jakitekoa da, apez hau  hil zenetik eta 300 bat urte berantago,  Sarako elizako alkiak,  Jean Larralden Elizaberriko Kaperan ezarriak izan  direla. Ixtorioaren begi klixka !
 
 Beraz, Kapera pollit hau eraiki zuen, Jean Larralde Zaliondoko Apezak. Kapera hunek badauka aldere gain bat, arraroa ederra, Trinitate Sainduari doana. Bainan iduri luke, erretaula hau, kapera baino berantago eraikia izan dela, hain segur, 1698-garren urtean.
 
Erakaspen baitezpadakoak agerian ezartzen dituzte, erretaulan xixelkatuak diren itxurek. Erdian, Trinitate Saindua,  Aingeruak inguruan ; Jainko Aita, Aita Sainduaren jauntziekin agertzen da ,tiarra buruan, eta Errege seinale den larrelili bat eskuan. Hunek berak badu erran nahi bat. Ordu haietan, Aita Sainduaren nagusitasuna  ez zuten orok onhartzen, eta protestantek eliza nahi zuten iraultzatu. Trenteko konzilioaren ondorioz, Aitasainduaren lehentasuna  finkatua izan zen, eta hau du, Jean Larralde-ek erakutsi nahi ukan beren aldare gaineko obra ederrean.
 
Jainko Aitak, beren semea Jesus, esku eskuinaz  erakusten du; Jesusek aldiz, bere sahetseko zauria. Bi itxura hauen gaineko partean, Izpiritu Sainduak hartzen du urtxo baten itxura, beren buhakoa igortzen duela. Aldare gain hunek ainitz xixel lan baditu, Euskal moldean eginak, etxetan muble lantu askotan hatxemaiten direnen idurikoak, edo ere, hilarrietako harrietan kausitzen diren ekintza batzuen parekoak. Adibidez, laukiak, bihotz batzu izarreri lotuak, iduzki eta ilargia.
 
Beti erakaspenean jarraikiz, aldare gaineko ezkerreko partean, ilargia erakutsia da, lauki eta kurutze baten gainetik. Larralde Apeza, gizon argitua  zen eta teologian jakintsun haundia. Ilargia, Testamentu zaharraren ageria da, bainan ere, Ama Bijinarena. Erakaspen huntan, ilargiak, (Ama Birjina beraz), erran nahi du, Maria Birjinatik sortua;  kurutzeak, Jesus hil eta kurutzefikatua; laukia, (erran nahi baitu, lurra), lurrean ehortzia izan zen;  jautsi zen ifernuetarat (berriz ere ilargia), hirugarren egunean hiletarik piztu zen (oraino ilargia, ezen, ilargia, Jesus egin zen bezala, hiru egunez desagertzen da, berriz pizteko gorapenean).      
 
Erretaula eskuin aldeko iduzkiak  aldiz,  Kristo ospe haundian, berriz piztuaren erran nahia da. Itxaropenaren ageria, argiarena, betirako egiaren zinboloa da.
 
Aldare gain hortako itxuren erran nahiak  xeheki irakurtuz, ohartzen gira, Jean Larralde Apezak, erakaspen andana bat emaiten daukula ikusterat. Trinitateko itxura hunekin ikusten ahal dira, Inkarnazioneko eta Salbameneko misterioak;  Krixtoren arrapiztea; Mariaren garbitasuna; Aita sainduaren lehentasuna; Betiereko biziaren altxagarri den  Eukariztia;  haragiaren piztea eta Sainduen partaliertasuna.
 
Nahiz Apez hau ez zen  bizi erretxa, izkirioen arabera, fede haundikoa zen, eta guziz argia.
Eraiki duen kapera huntan, 1840 urtea arte, egun guziez izan dira mezak. Gero, handik harat, kartiereko jendentzat eta Serorentzat, astean bi Meza  emaiten zituzten, Hazparneko misionestek, 1960 -a arte. Geroztik, Igandetako Meza bakarra izan da, berrikitan arte, eta egungo egunean, urtean behin baizik ez da mezarik Kapera eder huntan, Trinitateko pesta egunean.
 
Duela 23 urte, 1987-an, Hazparneko herriak, Jean Pinatel Auzapez zen urtetan, berritu zuen kapera hau, hastapenean zaukan itxura bnerriz emanez. Gastu haundiak izan ziren, bainan baliotsuak, ezen herriaren ondare baitezpadakoa baita, Elizaberriko Kapera.

Plus...

Hazparneko Galbarioa

1848-ko urtean hasia zen Iraultzaren ondorioz, mende undarrean, girixtinoen kontrako ikusmoldeak, Europa guzian hedatu ziren.
Iraultzak sarturik zuen leize-zolatik, Elizak, bere indarra erakutsi nahi zuen herriaren begietan; ordukoak dira, Hazparneko eliza berria, hirurogoi métro gora egiten duen dorre luzearekin, Misionesten etxea, eta Kolegioa. Uztaritze , Donapaleu, Maule, Atarratze eta beste eliza berriak ere, beren dorre luzeekin, 1873-an, zeruari gora abiatu ziren, katedralekoen idurikoak.
Garai hartan, Napoléon hirugarrena zen, Frantziaren buru, eta hunek, ainitz lagundu zuen Eliza, leizeatik ateratzen. Ordukoak dira ere, gure Galbario zenbait, eta bereziki, Hazparnekoa. Misionestean, Arbelbide Apeza zen buru eta hunek zuen asmatu horren eraikitzea, Arroltzemendi gainean, misionesten eremuetan.
Dotzena bat metro gora egiten du, Jesu Kristoren kurutzeak, métra pare bat gutiago, beste bi kurutzeek. Kristo, eta bere bi sahetsetan diren gaixtaginak, burdinezkoak dira. Norbaitek, dirua émana zion, Arbelbide apezari, nahi zuena egiteko eta obra hortan sartu zuen.
1890-ean estrenatu zuten, ospe handitan, apezpikua bera hor zegoela. Aste batez, Hazparneko eliza bete zen ; ordu hartako predikari hoberenek, bedera prediku egin zuten, egun horren prestatzeko ; horiek ziren : Lapeyre kalonjea, Zanzinena, katedraleko bikarioa ; Xoribit, kalonjea ; Beltzagi, Donibane Garaziko apez nagusia ; Abbadie, Larresoroko zuzendaria, ; eta Bastres, Belokeko abadea.
Prediku guziak, Arbelbide misionestak bildu zituen, "Hazparneko Kalbarioa" liburuan, aintzin solas bat berak eginez, eta orduko 82 kantika ezagunenak émanez, beren aireekin. Gure istorioan, aireekin agertu lehen kantika bilduma da. Jaret, misionest lagunak, egin zion lan hori, gauza arraroa, gregoriano notekin.
1890 (Mila zortzi ehun ta larogoi ta hamar)-eko, irailaren hamalauean, egin zen estrena hortarat,  bezperatik etorri zen, VIEILLEVILLE Jaun apezpikua bera. Larunbatarekin, aratsaldeko lau orenetan, hogoita hamar bat zaldunez inguraturik, Herriko hautetsiek errezebitu zuten karrika buruan. Gertakari hunentzat, karrikako etxeak nasaiki apainduak izan ziren. Biharamunean, igande arratsaldeko hiruetan, hasi zuten Galbario gainerateko proosinoa, Kurutzearen bidea eginez, eta hiru oren berantago bururatu. Azken hitza, Apezpikuak eman zuen beherean, Misionesten kapera aintzinean; ez baitzitzaion behin ère hainbeste dolutu euskara ez jakitea. Aitortu zuen, Marzellako Notre-Dame-de-la Garde basilikan ikusi zuela elizkizun ederrik, bainan ez hainbeste kartsutasunekin.
4.000 jende bazela diote, orduko egunkariek ; 6.000, idatzi zuen, Jaretek, Pabeko "Le Bulletin Catholique" astekarian. (Hazparneko herriak geroztik atera duen « Regards sur Hasparren » liburuan, 5000 jende zirela idatzia da.)
Arbelbide misionestak, ondoko urteetan eraiki zituen zimentaz, mosaikazko hitzekin, Kurutzearen bideko kurutze guziak.
Gaur, bi mila eta hamargarren urte huntan, Hazparneko Galbarioak beren ospea galdua du, debalde utzia da.
Denboran, bi Galbario baziren Hazparnen : bat, gaurko gune huntan berean, eta bertzea, Zelaian, Xuhia mendixka kaskoan. Azken huntan, kapera baten eraikitzea ère asmatua izan zen, bainan ez zioten ondoriorik eman.
Ainitz urtez, Galbarioko haitzen dorreak mozten zituzten, herri guzitik hiru kurutzeak agerian izaiteko moldean. Egun, tokirat juan behar da, kurutze horien ikusteko, bide arroilkatu batetarik goiti; estazioneko kurutzeek mosaikaz idatzia zauzkaten zenbakiak, galduak dauzkatela.
Arroltze mendi tontorrean, Jesus Kristorekin kurutzefikatuak ziren bi gaixtaginetarik bat, lurrean dago hiru pozitan. Gaixtagin hau, Jesusen eskuineko hura da; hain xuxen, urrikaldu zen hura bera.
Arroltze mendi kaskotik, bixta ezin ederragoa da, mendieri buruz, eta kurritzeko toki egokia gelditzen da.
 

Plus...

Galerianoa Ala Katxo
 

Egun aipatuko dautzuet, 2006 garren urteko martxoaren 26 an, Hazparne Ehulateiko  Piarres Charritton Jaunaren  idatzi batzu,  titulu hunekin agertu zirenak : « Galerianoa ala Katxo » edo,  « Martin Larralde ala Joanes Etcheto ».
 
 Piarresek, gai huntan eztabadatzen du, Martin Larralde Plumaienekoaren  bertsu famatuak, berak osatuak zituenez ?,  ala, Ehulateiko semeari iduritzen zaion bezala, Plumaieneko premuaren   auzo eta adin bereko gazte lagun batenak,  Joanes Etcheto, « Katxoteiko » bertsulariarenak? Geroztik, Piarresek, duela hiru lau urte, Elizaberriko Kaperan egin zuen mintzaldi bat, gai bertsuan. Juanden aldiko emankizunean aipatu Josep Mendiague bertsulariarekin ere, badute  zer ikustekorik, ondotik heldu diren idatziek.
 
Piarres Charritton euskalzainak, urrundik hasten ditu bere gogoetak : « Haurrak ginelarik, eta ez zelarik oraino gure sortetxeetan, ez irratirik, ez telebistarik,  haurride guziak biltzen ginen supazter xokoan, arratseko otoitza egin aintzin. Orduan,  gure ama Gaxuxak hartzen zuen, « Zazpiak Bat Eskualdun Kantuak », deitu liburu bat,  gure aitatxi Batista Zabaltzagarai zenari, Josep Mendiague deitu, bere gaztelagun batek, Buenos Airesetan, bere bertsoekin argitaratu, eta, igorri zaion liburu  hura bera ; eta denak, kantuz hasten ginen lorietan, Mendiagen bertsuak emanez. Aspaldiko historiak horiek! Geroztik, dio Piarresek,  nihaurek,  Montevideon, orroitzapen eta  bertso askoren  biltzen ibilirik, « Arbasoen hatzetan », Mendiagueren liburuaren argitalpena egin nuen, Donostian.
 
Beti gogoan daukat, Mendiagen haurreko liburu hartan kausitzen zen, « Bordaxuri seme galerianoaren kantua».  Jean Haritschelhar adiskideak, 1965 -eko  « Gure Herria »-ren  zenbakian, 30 orrialdeko artikulu aberats bat argitaratu zuen, « Martin Larralde Bordachuri, le poète galérien », titulupean, datu asko bilduz, gertakarieri buruz, eta kantuaren aldakiez. Jean Hiriart-Urruty zenak aldiz, Euskaltzaindian sartzea egin zuelarik, 1967ko martxoaren 27an, Hazparneko sorterrian, aski luzaz aipatu zituen, bere sorterriko kantu xaharren egileak, Jean Haritschelhar-en lana baliatuz, Bordaxuritarrekin hasiz bere saila. Eta nihaur, azkenean, ildo berari jarraiki nintzen, ene adiskideen ikerketa berak luzatuz, Hazparneko Martin Larralde, Bernard Larralde, Jean-Baptiste Larralde, hiru bertsolari Bordaxuritarrak aipatuz.

Orrialde horiek oro haztatu-eta, gelditzen zait, bizkitartean, arrangura bat oraino, honelaxe aitortu nahi nukeena: ez ote bada gertatu ahal izan, Bordaxuri Galerianoaren bertsoak, beste norbaitek ontzea, bainan, ez, galerianoak berak, haren kasua eta gizona bera, biziki hurbiletik ezagutzen zuen olerkari miresgarri gazte batek, hots, Joanes Etcheto, deitu “Katxo”, Hazparneko bertsolariak berak. Nundik datorkit ordea susmo hori?
 
So bat egiten balin badiogu bertsolaritzaren historiari, egia da badirela,  Etxahunekin hasirik, eta Ipharaguirreren eta Mendiageren beraren ondotik, Xalbador handiaren gana heldu arte, izan daigula gure hizkuntza xumearen loretegi ederra egiteko, doi lore miresgarri. Gogoratzen zaizkit berehala,  "Mundian malerüsik”, hasi-eta , "Zibilek esan naute” eta “Gizon zahar baten arrangurak”-en ondotik, “Jainkoa eta Ni” gaindi ezinezkoa. Ez da dudarik, « Galerianoaren kantua », Etxahunek ere ezagutu zuena, maila berean jartzea merezi duela, bainan, Bordaxurik berak ontu zuena, ala haren lehen auzo eta adin bereko Katxok ote? Bordaxurik kantatzen duelarik 10. bertsoan:

Kantu hauk eman  ditut Paubeko hirian,
Burdinez kargaturik, oi presundegian
Bai eta kopiatu denbora berian
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.



Nola sinets dezakegu, Bordaxurik bera kopiatu zituela, Haritchelharrek egiaztatu duenaz geroz, auzitegietako paperetan, Martin Larraldek ez zekiela, ez izkribatzen, ez bere firma emaiten ? Beharko zuen, beraz guttienez idatzi, ez "kopiatu” bainan “kopiarazi”, eta gainera, Paueko preso eskualdun burdinez kargatuek, nolaz aurki zezaketen eskupeko kopistarik? Zerbait bazekien menturaz orduko presoen ohiturez, Josep Mendiague guarda semeak, eta, ez zukeen pentsatzen bazutela presoek eskupeko sekretariorik, idatzi zituelarik berak ,“Lehengo Bertsulari zaharren izenak”. Liburu hortan aipatzen diren lehen biak dira : Katxo eta Etxahun. (Hauek oro erraiteko, Mendiagek, Katxo hazpandarra bertsulari famatuenetan zaukala. Hain xuxen, Katxo, Plumaieneko semearen auzoan bizi zen, eta, Martin Larralden adin berekoa.)

Joanes Etcheto, Katxo, Labiry Jauretxean sortua, Elizaberriko ‘Ilunberritegira’ ezkondu zen, etxe horri emanez ‘Katxotegia’ izena. Bertsulari hunenak dira, “Betiri Santses gosetea”, deitu bertsu ezagunak.
Enperadorea joaitearekin eta Errege itzultzearekin goraki erran zuen:

Lehen Enperadore
Orai Luis Errege
Jende xehiarentzat denak berdin dire.

Ordu heietan ere, Garat Pikasarri, Hazparneko apez saindu misionestak, abiatu zituen predikuak, denetan ozen zirenak, Katxok zuen haien muina bildu eta zabaldu, “Nahi balinbagira hil eta Salbatu” kantu famatuarekin.

Horra zertako, zuzen eta egoki iduritzen zaidan, auzo berean, 1815 garrenean, gertatu gertakari lazgarriaren oihartzuna, ene iduriko, Katxok berak, hots, Plumaieneko auzo lehenak zuela, bertsotan ezarri. Handik eta zenbeit urteren buruan, Joanes Etcheto, Montevideorat joan ondoan, bertsutan kondatu zuen, bertze gertakari latz baten molde berean, eginak zituzkenak. Ixtripu  hau, 1842-an, gertatu zen : Baionatik, ‘Jean-Léopoldine Rosa’  itsasuntzia, Montevideora heltzean hondatu baitzen, bere 300 euskaldun pasaiantekin. « Pulunpa » titulupean argitaratu ziren, Katxoren bertsu horiek, Bordalen egin « Le Pays Basque » liburu famatuan. »
 
Ikusiz beraz, Martin Larralde, Plumaieneko Galerianoaren auzo lehenak, eta gainerat lagunak, zer dohaina zuen bertsuen egiteko, eta bertsutan, gertakari haundien kondatzeko, Piarres Charritton-i iduritu zaion, bertsulari haundi hunek, ez zukela utzi, bere auzoan gertatua, aipatu gabe. Beraz, huni argi agertzen zaio, Plumaieneko premuaren bertsuak, Katxok idatzi zituela, eta ez, Martin Larraldek.

Plus...

Hazparneko Industria Nundik Sortua Den

18 eta 19garreneko hastapeneko mende horietan, laborantxa ofizioan zen jende gehiena Hazparnen.  Ez du erran nahi, laborariek diru ainitz zutela, bainan,  ekonomia mailean, laborantxak sortzen zuela aberastasun gehiena, Hazparnen. Hunen  sahetsean, oihalgintza, zapataintza eta larrupelatze ofizioak baziren ere. Ez oraino lantegi industrialik, bainan, xoko guzietan, laborantxarekin parezkatzen ziren bertze ofizio batzu. Hala nola, nor edo nor, laboraria zapataina zen, laboraria larrupelatzaile edo oihal lantzale edo berdin ere, laboraria eta eiherazaina izan zitaiken.
 
Etxe gehienetan, bi ofizio zituzten eta familiako gizonak,  landan zirenean,  emazteak etxean ari ziren, iruten edo zapeta egiten eta horelako. Oihalgintzak, 400 bat jende enplegatzen  zituen herrian, eta huntarik ateratzen zuten, herriko jendealdearen ehunentzat 25en bizitzekoa. Ehuleak (tisserands) ofizioan, jakitate haundia behar zen, eta ez ziren nornahi ehuleak, omen haundia zaukaten.  Geroxago, 1840an, ehulategietan amestu zituzten tresna berezi batzu, eta lana errextu zen; handik goiti, ofizioa edozoinen menean jarri zen.
 
Estali egileak ere baziren, etxeko ardien ilearekin egiten zituztenak eta ere, itsas untzietako oihal zabal batzu, oihal arrunta zena bainan azkarra, haize buhakoeri ihardokitzeko gai zirenak. Gatzaren zakuak eta bihi zakuak ere egiten zituzten. Ardi ile soberakinak salduak ziren tokiko merkatuetan eta ere, Frantzian barna.
 
Hazparneko Taneriak :
Hazparnek bazituen ofizio huntan artzeko, hiru ekaia nagusi : Bazen hazkuntza, huntarik ateratzen zen larrua ; bazen ura, asko erreka badira Hazparnen Urtsuko urbegietarik  ateratzen direnak, eta hauen  seaskak, gure aranetan nasaiki hedatzen direnak ;   badira ere,  ameztegiak, nun nahi ; zuhaitz huntarik ateratzen da –tanua (le tanin)-  deitzen den ametz  axala ; hau, tanu eiheretan ehotzen zuten eta hunen errautsarekin, larruak prestatzen zituzten, edo hobeki erraiteko, osoki garbitzen. Ardura, ur erreketako  bi sahetsetan, ametzak landatuak ziren, eta baziren tanu horren ehotzeko eihera bereziak. 1831-an,  51 taneria zenbakitzen ziren Hazparnen.  Bainan, nahiz hazkuntza bazen Hazparne huntan,  taneria asko izanez, Portugaletik, Holandatik, Kanada eta Hego Amerikatik etorrarazten zituzten larruak. Badakigu, taneriak, 17 garren mende hortan ere bazirela Hazparnen, berdin lehenago ere.  
 
Bi ofizio behex baziren taneria lanetan : Tanera eta Megizierra. Biek berdin larrua garbitzen zuten, ile eta haragi undarretarik berexten eta aska haundi batzuetan, ametz tanerarekin trenpan atxikitzen zituzten larruak, zenbeit ilabetez, egunean bi aldiz ateratuz, berdin hiru aldiz, tanera ongi nahasteko. Sei egunetarik kanbiatu behar ziren ura eta tanera.
Tanertzaleak lantzen zuen larrua,  pizua zen, armadako ekipamenduentzat baliatzen  zena, eta , zapeta zolak egiteko.
Megizierrak, aldiz, larru meheagoak lantzen zituen ; bildotx, ardi eta ahuntx larruak. Arrain olioarekin goxatuak ziren larru horiek. Hauek, gehienak, Urkoi auzoan ziren.
Taner ofizioarentzat, tresneria guti behar zen ; lurrean berean bi zilo edo aska behar ziren, larruaren trenpan atxikitzeko eta esku tresna zenbeit, ez zen bertze deusen beharrik, nun ez zen tanera ehotzeko eihera, bixtan dena.
 
Urkoin, 22 taneria baziren: Abadiania - Apeztegia - Bernatenia - Frantxoenia - Karrikako Borda - Xekalatia - Kurutzaldizaharra - Etxeparia - Eiheraldia - Haranederia - Ilharia - Joanekotenia - Luberria - Martienia - Matalas - Mendiko Etxeberria - Miaberria - Miazaharria – Passiquet-Berria - Passiquet-Zaharra eta San Martienia.
Zelaian,7 : Aiherrondoa - Kakilenia - Domingo Eihera - Erregetia - Hegiederria - Lorda eta Sautenia.
Plazan, 6:   Bordetenia - Comentu Zaharra - Gazteluberria - Ortesenia - Pikasarria eta Ttattilatea .
Labirin, 5: Broussainia - Puttuania - Uhartia - Urrutia eta Xapitalea.
Elizaberrin ,4 : Bihotxenia - Hoditea - Landaburua  eta Zaliondoa.
Hazketan, 3: Chandelatea - Ilaindia - Xopatey Beheria.
Minotzen, biga : Harria eta Larzabalia.
 
Ordu haietan, bederatzi taner eihera baziren. Hauek ez dira ogi edo arto ehotzeko eiheren berdinak, ezen, azken hauetarik, asko gehiago baziren Hazparnen.
Hazparnen, taneria, ez da industria hainerat nehoiz heldu. Haitzen eritasuna etorri zenean, hogoigarren mende hastapenean, ttipitu ziren taneriak eta, langile asko juan ziren Hego Ameriketarat, han ziren Hazpandar taner industrial batzueri buruz : Broussain, Choribit eta bertze. 1856an, 158 taneriako langile ziren, eta 55 urte berantago, 1911-n, 16 baizik ez ziren.
 
Zapataintza industriaren hastapena
19garren mende hastapenean, Hazpandarrak hasi ziren beren tanerietako larru horien baliatzen, zapeten egiteko. Emeki emeki,  ofizioa hedatu zen Herrian. 1891ko urtean, 860 gizon eta 685 emazte, larru ofizioetan ari ziren, taner eta zapataintzan. 20 garren mende hastapenean,  Hazparneko ekonomian lehen tokia hartu zuen zapataintzak. Ordu hortarik hasi zen Hazparneko zapeta industria; gai hau, bertze aldian aipatuko dautzuet.

Hazparneko Eliza

Gaur, plaza karkanan ikusten dugun eliza hau, ospetsua, bere dorre luzearekin, ez da hain zaharra. Doi doia 127 ditu gure elizak, erran nahi baitu, plaza hortako etxe gehienak baino ainitz eta ainitz urtez gazteago delà, kalastro azpian den harri batean idatzia denaren arabera, huntan irakurtzen ahal baitira hitz hauek : "Jainkoaren Etxea, herri guziak egina, Jean-Baptiste Londaitzbehere erretor zelarik , 1879 - 1883".
Lau urte eman zituzten eliza haundi hunen eraikitzeko. Lehengo elizaren hormak edo murruak toki berean ziren; eliza xaharrak, sahetsetako bi hegalak ez zituen eta dorre labur bat zuen, Lapurdiko bertze elizen dorreak idurikoa, dena ere, berriz eraikia izana zena, 1784-ean. Ordu haietan, Erregearen zerga biltzaile batek, De Neville jaunak, aurdikiarazi zuen Hazparneko eliza dorrea, herriko emazteak oldartu zirelakotz boteredunen kontra. Gabela deitzen zen zerga, beharko zutela pagatu entzuna baitzuten, eta hau, ez baitzuten entzun nahi nehundik ere. Eliza dorre hortako ezkilak, balanbaka ariarazi zituzten herritarren biltzeko iraultzarat. Orduan, orok uste zuten, zerga hori ordaindu beharko zutela, bainan, berri faltsua zela agertu zen, ezen, Lapurdiko herrialdeek araudi berexak ukanez, ez baitzuten zerga horren pagatzerik, eta beraz, debaldetan asaldatu ziren Hazparneko emazteak. Dena den, debaldetan, ala ez, zigorrak berdin jasan behar izan zituzten; De Neville jaunak, aurdikiarazi zuen, jendea asaldaarazteko baliatua izan zen ezkiladun dorrea. Hau, berriz altxatu behar izan zuten gertakari hunen ondotik; lehengoan zen itxura berean eman zuten berriz.
Hazparneko eliza berriaren lehen harria, Baionako Diosesako buru zen, DucellierApezpikuak, pausatu zuen. Bezperatik etorria zen, eta hain xuxen, bezperan, 300nez goiti haur konfirmatu zituen, taulazko aterbe haundi batean, eliza obretan zenago han egiten baiziren elizkizunak. Taulazko eliza hori, Senbosenia etxearen aurrean zagon pentzean, eraikia zen, Herriko etxeko karrika muturrean, gaurko Ezkia Ikastolaren aldeko aparka tokian. Eliza zaharra barreatu berria zen, eta herriko hargin batek baliatu zituen, delako eliza zaharraren ateko harri ederrak , «Eliza lekua» deitzen den etxe batean ezartzeko. Etxe hori, Jats karrikaren erditsutan da, zinemako bide junta egiten duena.
Beraz, eliza berriaren lehen harria ezarri zuen Apezpikuak. Fabrikako idatzietan seinalatua da gertakari hau hitz hauekin: "Dorre eta hego-alderdi hunen lehen harria, benedicatua eta ezarria izan da, 1879-ko Otsailaren 13 an. Eliza hunen gerizean, etsa i guzietarik Jainkoak beira dezala, menderen-mende, Ahazparneko herria !" Ordutik hasi zuten eliza berriaren eraikitzea. Hau bururatu zenean, zenbeit, izan omen ziren, erraiteko, gehiagoko beharrik gabe, Lapurtar eliza zahar eder bat trukatu zutela, deus arrarorik ez zuen eliza espantagarri batentzat. Bainan, egiak bere bidea behar du, eta gauza ezaguna zen, lurrerat abian zela Hazparneko eliza, eta irriskutsua bilakatua zela jendearentzat. Hegoaldeko murruak ez zuen gehiago teilatuaren pizua jasaiten ahal, eta, erortzeko hainean zen; barnekaldetik galeriak atxikitzen zituzten ernaiek, murrutik berexten ari ziren, eta, orokorki, murru guziak azkarki arreilduak ziren. Hauek oro, orduko kontseiluetako biltzarre batzuetan erranak izan dira eta idatziak.
 
Orduko kargudunetan baziren eliza xaharraren berritzea galdatzen zutenak. Baziren ère, Eliza berria galdatzen zutenak, eta huni buruz, ekai edo projektu batzu eginak zituztenak. Hain xuxen, gaurko eliza hunen planoak, ongi iduritzen zaioten ainitzeri, haundi eta ospetsua, zagon tokitik behex, bertze toki zabal eta egokiago batean. Zenbeitek zioten sobera haundia izanen zela, eta gastu haundikoa. Eliza berri baten egiteko projektua, diruz lagundu nahi zutenak ere baziren, bainan hauek, beren emaitzak obligazione baten menpean emanak zituzten : eliza berria, zaharraren tokian eraiki behartzen, nahiz toki hori hertsiegi kausitzen zuten eraikitzaileek.
Eztabada nasai batzuen ondotik, erabakia hartua izan zen, eliza, berri, haundi, ospetsu hunen eraikitzea, beren 60 metro gora egiten duen dorrearekin. Eliza zaharraren hegoaldea, aurdiki zuten, ekialdea ère, aldare gibela luzatzeko, eta kripta berriaren gainean altxatua da, aldare gaina. Ipar aldeko murrua berritua izan zen, Mendebale aldekoa berdin, eta hunen murruari lotua da, eliza sartze berria, kalo strearekin, hunen gainean baita ère dorre luzea. Eliza sahetsean, kalostre azpi bat egin beharra zen, bainan ez zuten egin orduan. Hau, duela zenbeit urte egina izan da.
Berritze hunen ixtorioa ongi konprenitzen badugu, zaharra, berritu nahi zutenek, arrazoia atera dute, berri bat, haundi eta ospetsua nahi zutenek ère bai, eta toki berean eraikitzea galdatzen zutenek, noiaz ez ere. Hau da, partida bat ongi jokatua; ordutik, denak akort izanez, prest ziren, emaitza zerbeiten eskaintzerat, eliza berriaren ordaintzeko.

Hazparneko zapataintzaren industrializazioa 

Egun aipatuko dut : Hazparneko zapataintzaren industrializazioa.
20garren mende hastapen hortarat heldu aintzin, zapataintza lana, etxetarat banakatua zen, eta han egiten zituzten zapatak, bakotxak bere ofizioetan. Etxe horietan guzietan, aldean bazen laborantxa poxi bat eta horela, familia osoa biziarazten zen, bi diru iturri hauek parekatuz. Emeki emeki, gero eta gehiago lan egiten zen zapataintzan, eta laborari etxetako lanak ttipitzen ziren, abere gutiago eta lur gutiago erabiltzen zen, bi ofizio hauetan ari ziren laborari etxetan. Zapata  fabrikak furnitzen zituen, zapetaintzako behar ziren tresnak etxetarat, eta beretzat atxikitzen zituen lan postu batzu, nola, enpeñen egiteko larru pikatzea, zapetaren finitzea eta hunen saltzea.
 
20 garren mende haste hortan 2 500 langile ari ziren zapeta egiten molde hortan Hazparnen. 1898 eta 1900 arte hortan, etorri ziren lehen maxinak herriko lantegietarat. Lehenak, petrolarekin kurriarazten zituzten, gero, baporearekilako motor batzuekin eta handik laster, elektrikazkoak baliatu zituzten, Hazparneko plazan elektrika eman zutenetik, Morroxkoren Auzapezgoaren denbora heietan.
 
Hazparnen, lehen tresnak ukan zituzten, Xalbat Amespil eta Hiriart-Urruty familiek. Ordu hortarik, eta lehen gerla arte hortan, 7 lantegi tresnatu ziren elektrikazko maxinekilan. Denbora hortarik hasi zen jendea lantegietan sartzen ; ordutik, Hazpandarrek ikasiko dute zer den lantegietan lan egitea. Etxetarat eremaiten zen lana gutitzen da, eta bakarrik emazteri doatzin  lan batzu, nola jostea,  gelditzen da etxetan egiteko. Oraino, (50) berrogoi ta hamar urtez ikusiko dira emazte batzu, beren lana oihal beltx batean koropilaturik, eremaiten zapeterietarat.
 
Maxinak lantegietarat sartu zirenetik, zapetaintzako lana zatikatu zen ; ez zuen gehiago langile berak egiten zapeta osoa, baizik eta  hunen parte baizik. Lehen gerla haundiak moztu zuen Hazparneko lantegien hedatze aintzinakorra, bainan 1920 ean, berriz azkartu ziren. Lantegi horien jabe ziren familietako seme alaba  zenbeit,  elgarrekin ezkondu ziren eta zinezko industrial dinastia bat sortu zen gure herri huntan. Amespil, Daguerre, Landerretche eta Hiriart-Urruty, haundienetan ziren.
 
Artetik erran dezadan, urte horietan, Hiriart-Urruty lantegia, ‘Etxe gorria’ izendatzen den abere portuko etxea zen, orduan, ‘Pattotea’ erraiten ziotena. Familia hortako bi alabak ezkondu ziren Trolliet anaiekilan ; hauek, parezkakoak ziren eta Lyonetik etortzen ziren ; zapetaintzako artikulu saltzaile ziren. ‘Pattotea’  lantegi hori erre zen, gerla haundia bukatu zen biharamunetan, eta Trolliet anaiek eraiki zuten lantegi berria, tokiko jendeak, berdin ‘Pattotea’, deitzen zutena. Dena den, urte horietan ere Limoges eta Fougères hirietarik etorri ziren zapetaintzan trebe ziren komis batzu.
1920 eta 1930 urte horietan, eraikiak izan ziren, langileentzat eginak ziren etxe guneak.  ‘Cité Sapha’, ‘Cité La Pensée’, ‘Cité Ona’ eta ‘Cité Larre’. Langilentzat egin zuten ere  koperativa bat, orduko Hôtel Moderne sartzeko atearen eskuinean zagona.  Eskailer bateri goiti juan behar zen,  lehen estairat. Hor, epizeria saltzen zen gehienik, bai  eta buxeria,  bertze asko gauzen artean. Ordutik, zenbeit urtez, Hazparne, zapetaintzarekin eta Maule, bere espartin fabrikekilan, Euskal Herri barneko herri omentsuenak izan ziren; lana ikertzen zuten guziek, bi herri hauetan hatxemaiten ahal zuten.
 
Denbora horietan, Hazparneko karrikak jendetsuak ziren; herri osoa Pattoteiko zirenak ordenatzen zuen; hunek joiten zuen luzaki,  8 ak bortz gutitan, eguerditan, aratsaldeko 2ak 5 gutitan eta 6 orenetan. Jornalak ez ziren nasaiak, bainan oraintxet erran dutan bezala, gehienek etxetan bazituzten behi pare bat, oilo ala bertze, eta guziz,  baratze bat gehienetan. Ordu heietako beharrak ez ziren ere oraikoen hainekoak. Jendea xinpleki bizi zen; herrian berean zauzkan ausagailuetaz gozatzen zen.
 
Bi gerla haundien arte hortan, Trolliet lantegia da gehienik gotortu dena. Lantegi huntan zen lana gehienik zatikatua,  huntan zen ere maxina gehiena baliatzen. Denbora batez, Akitaniako lantegi haundienetan barne izan zen ere.
 
1936 an, hasi zen zeru zola goibeiltzen, Hazparneko zapataintzarentzat. Orduan hasi zen, herrialde guzietan, langileria asaretzen eta Hazparnen ez zen oraino lan gelditzerik izan, bainan zindikate baten eraikitzea aipu zen eta laneko orduen ttipitzea. Urte horietan, Hazparneko langilearen  jornala, 3 libera zuen oreneko, lantegian, eta etxetan egiten zenarentzat, libera erdi bat. Urte berean, zapetaintza industriaren lehen konvenzionea izenpetu zuten. Ordutik, jornalak ziren: 14 urtetik 21 urte arteko mutilentzat : 1,25 libera oreneko; 21 eta 60 arteko gizonentzat: 3,25 libera eta ohargarri dena, adin bereko emaztentzat 2,30 libera  gizonek baino hiruetarik bat gutiago. 1970 urtetan lanean ari zen langileak ez zuen oreneko 2 libera baizik altxatzen lan berarentzat. 1936 urte hortarik aintzina, 40 orenetako asteak egiteko legea bali zenetik, 48 oren ordainduak izanen zituztela izenpetua izan zen. 1939ko gerla hasi zenetik, larruak eta bertze hornigaiak eskastu ziren eta  jadanik zenbeit lantegi nekez ari ziren Hazparnen. Bainan, aldi huntan ere, gerlaren ondotik, industria berriz azkartu zen eta 1945etik aintzina, 4 000 zapeta pare egiten ziren egun bakotx Hazparneko lantegietan eta Frantzia guzian salduak ziren, bai eta, Frantses kolonietan ere. Denbora berean 5 lantegi sortzen dira zapeterietako hornigai saltzale  direnak.
 
Zapeteria berri bat ere eraiki zuten ordu heietan, 300 langile ukan dituena. Orduan, 1200 langile ziren Hazparneko lantegietan : Amespil, Bioy, Bréchoire-Madré, Espil, Haulon, Larre, Minvielle, Mongour, Telletchea, Trolliet… Hauetarik, bortz familia beretik ateratzen zirenak, zituzten nagusiak. Zenbeit urteren buruan, 1954 ean , langile etxe gune berri bat eraikitzen dute, Larrondoako funtsetan. Lurra, Morroxkoteko Lissar andereak emana zuen herriari, huntarako. Hemen, langileek beren etxeak merke eraiki ahal izan zituzten.
Helduden aldian, ikusiko dugu, Hazparnen, zapataintza nola desagertu den.

Jean-Baptiste Garat Apeza.

Jean-Baptiste Garat, Hazparne "Pikasarri"ko semea, izan zen, Misionesten etxeko lehen zuzendaria. Hunen ixtorio labur baten kondatzerat noa, emankizun saio huntan.
1773-ko, uztailaren hamazazpian, sortu zen, Jean-Baptiste Garat, Hazparne "Pikasarri"an. Pesta antolatzaile buru izanez, gazte denbora alaia eremana zuen, Jamattitt Garat-ek, Hazparnen. Harispe jeneral iraultzlari aintzindariaren armadan, barne izana zen, eta ezkontzerat abiatu zen ère, Lardapide izeneko Aihertar neska batekilan. Hogoi ta bederatzi urte zituelarik, betbetan etorri zitzaion, apez egiteko gogoa, eta ordutik hasi zituen ikastaldiak, peko mailatik abiatuz. Apeztu zen, 1807an eta Uztaritzerat izendatu zuten, bikario, beren lehen postuarentzat. Uztaritzeko jendea, laster ohartu zen, pereiku egiteko dohain haundia zuela, bikario berriak.
Apez hunen izaitea ongi inguratzeko, huna, Hazparnen gertatua, eta Xipri Arbelbidek liburu batean kondatzen daukuna :
« Urte batez, Hazparneko Jaun erretorak, bere eliza-pestarako predikaritzat galdatu zuen, Jamattitt Garât Pikasarri, eta menturaz, sekulan ez dute Hazpandarrek geroztik entzun, holako prediku sakonik. Ez zituen hitz bakar batzu baizik erran herriko, Jondoni Juanes Batista herriko patroinaz; bere buruaz mintzatu zen, bere gazte denborako xorokeriez, bere orduko espantuez eta barreiamenduetaz. Eta bere baitan zaukan urrikiaren karrak, emendarazten baitziozkan bere hutsak, erran ahala baino gehiago ari zen, bere buruaren apaltzen, osoki belzten, bularrak joiten zituela, barkamendua galdatuz, begietarik nigarra zariola. Elizako jende guziak nigar hipetan arrarazi zituen, halako moldez, nun, azkenean, ez baitzen gehiago predikaria entzuten ahal. Oi zer kofesioa! Aitorlearentzat ere baino gehiago, populu handi batentzat osoki baliatu zena. Prediku alkitik jaustearekin erran zioten: "Ene herritar maiteak, aitortu dauzkitzuet ene bekatuak diren bezala; hemendik goiti, zuenak aipatuko ditut, hekien gudukatzeko eta zuen salbatzeko."
1814-eko urtean etorri zen Hazparnerat, bikari, eta hor egon, zortzi urtez. 1822ko urtean, gogoan hartu zuen misionesten etxe baten eraikitzea. Haren lehen misionest lagunak izan ziren: Aita Intxauzpe eta bi diakre, Girez eta Gimon. Gero jin ziren: Aita Zarote, Aita Pergilhem eta Aita Haramburu. Behin, Baionako semenariotik hurbil kokatu ziren lehen misionestak. Gero laster, Larresoron erosi zuten, "Iturrinea" deitu etxe bat, bainan han jarri bezain laster, Hazparnen, "Landaburua" deitu etxea saltzeko gertatu zen, eta Jean-Baptiste Garât -en nahia zen, betidanik, Hazparnen eraikitzea etxe hori ; Nafarroa eta Lapurdiren juntan zelakotz, eta gainerat, bere sort-herria. tz da gure gogoa apez hunen bizi osoaren aipatzea hemen, bainan nola, Garat Pikasarri-ren gazte denborako ixtorio batekin hasi dugun, hunen azken egunetan gertatuarekin, bukatuko dugu. Ezindua zagolarik bere etxean -zangoek ez zuten gehiago atxikitzen eta norbeit behar zuen bere kaderarekin mugitzeko- beraz, Hazparnen, Jean Lissardi erretor zen denboran, hunek, ospe haunditan egin zuen Jesusen Bihotz Sakratuaren kongregazionearen pesta, Besta Berri zaharrez.
Goiz hartan berean, Aita Garat-ek entzun zuen, nola, Hazparneko etxeko jaunek elgar aditu zirela, bihiaren prezioa emendatzeko. Denbora heietan, gosea zen herrian eta langileek ez zuten lanerat galderik. Hori entzun zuelarik, ez zuen bere burua arrazoinatu ahal izan, eta Bezperak hasi zirenetik, deitu zuen sehia erranez: "Har ene kadera, ereman behar nauzue elizarat." Bi mutilek ereman zuten beraz elizarat. Ordukotz, hau, konkorraino betea zagon eta guziak boztu ziren, Pikasarri behar zutela entzun.
Prediku tenorea etorri zenean, Mahain Saindutik itzultzen da Aita Garât, eta erraiten du:" Ez naiz predikatzerat etorria. Jaun Erretorak, predikatuko derauzue nik baino hobeki; galdatuko diot bakarrik zenbait hitzen erraiteko baimena. Ikusten duzue, jende behartsua zer hersturetan den. Ofizialek ez dute lanik, artoa egunetik egunera goratuz doa, bazterretan, hainitz labe jada ez dire gorritzen. Ai! Zuek, aberatsak, kasu emazue Jainkoak ez zaitzaten fundi, jende gaixoaz ez bazarete urrikaltzen, horrelako hersturan. Ez da zueri behatzen den lana erraitea, zer heinetan saldu behar duzuen ogi ala artoa. Auzapezak bakarrik egin dezake hori". Harriturik bezala, bihiak beheratu ziren eta jendeak deskantsu poxi bat izan zuen.
Hori izan zen Aita Garaten azken ateraldia. Handik zazpi ilabeteren buruan, joan behar zen Jainkoaren ganat. 1847garren urteko, Urtarrilaren lauean, zendu zen, Aita Garat Pikasarri, hiruetan hogoita hamahiru urtetan. Mil ondoan, Hazparneko elizaren erdian ezarri zuten, bere kadiran jarria zagola eta hola agertzen zen herritarren aintzinean. Gorputza, proosionean eremana izan zen, bere kadiran jarririk, Misionesteiko kapera acte, eta han ehortzia da, postura berean.
 

Jean Sabalo « Jats »

Jean Sabalo, Hazparnen sortua zen 1859eko, azaroaren 27an, Kaskoina hil zen urte hortan berean. Jean Sabalo gaztea, mutil haundi eta azkar bat zen, espalda zabal batzuekin. Ttipitik, pilotako esku tresna bat bereganaturik, pilotan hasi zen, eta laster denak ohartu ziren, Kaskoinak ordaina bazuela Hazparnen, pilota jokoa, bigarren erligionea bezala zagon Herri huntan. « Jats » eman zioten izen goitia, plazetan kontrakoak errausten zituelakotz ! Jatsatzen!
16 urte zituenetik, jadanik pilotari hoberenen taldean sartu zen Jats; Halty, Xilar, Larronde, Larralde, orduko hoberenekilan artzeko gai zen. Hauekin, bere lehen partida, Kanbon, jokatu zuen. Partida egunean, oinez juan zen Kanborat eta han, Halty pilotariak hartu zuen bere gerizapean, eta hunek,  beren buruan konfiantxa harrarazi zaion. Partida denboran, jendeak oihu egiten omen zuen : « Garbizak plaza, Jats garbizak plaza! ». Egun hortarik zuen bildu “Jats” izen goitia.
Kaskoina bezala, Jats-ek ere bere desafio haundiak ukan zituen, askotan, mugaz bertzaldeko pilotariekin. Villabonako herrian bazen luzeko pilotari famatu bat, “El Mango” “Mantxota”, deitzen zutena. Hunek aditzea zuen, Jats pilotariaz,  130 kilo pizu zituen jokolari ikaragarri huntaz, eta  desafiatu zuen bere taldearekin. Jats, haitza bezain azkarra zela zioten, bainan ez zuen hau bere kalite bakarra ; begi ona ere bazuen eta plazan, bazakien, toki onean kausitzen, pilota norat etorriko baitzen eta han izaiteko ; begia ukan gabe indarra ez baita aski, luzeko pilotari on baten izaiteko. Beraz, Españolek, (hola deitzen zituzten orduan, mugaz haindiko Euskaldunak) desafiatu zituzten Lapurtarrak ;  1886ko diruz,  2000 libera pariaturik partidaren gainean. Jats, Xilar  eta Ganix Larronde, orduko hiru pilotari hoberenak barne ziren eta gainerat, Larronde anai gaztea eta Berterretche, ziren lau eta bortzgarren pilotariak. Lapurtarrek ereman zuten partida, 13 eta 9 ; lau oren iraun zuen partida hunek.
Handik eta zenbeit ilabeteren buruan, omen haundia zuen Donostiako taldeak, desafiatu zuen Jats eta bere taldea. Partidaren jokatzeko, Irun hiria hautatu zuten -Kaskoina jokatu zen arrabote hura bera hain xuxen-. Aratsaldeko hiruak eta erdiak arte iraun zuen partida hunek eta Jats, bere lagunekin, irabazdun atera zen, aldi huntan ere.


Jats- en balentrietarik  ainitz kondatzen ziren Euskal Herriko plazetan eta etxetan. Aldi bat, Saran ari zen batez, Lemoine izeneko jokolaria barne zen ekiparen kontra,  ixtorioak dio,  hunek, pilota igorri zaiola Jats-eri,  Sarako Herriko Etxe aurrean den arku azpiraino. Jats-ek, besoa ezin zuen nahi bezala hedatu,  arku azpiko goratasuna apala gatik  eta besoa erdi luzatua, ukarearen indar bakarrarekin, ereman zuen pilota hori, eta Sarako arrabotearen gainez gain pasatu omen zuen. Ixtorio   ezin sinetsi hori,  Saran kondatzen zen  eta ere Hazparnen,  jakinez, orduko pilotak pizuagoak zirela eta dakigun bezala, xixtera motzak. Ikaragarriko indarra behar zen holako balentria baten egiteko.
Bertzalde, orduko luzeko jokolari haundi guziek bezala, Jean Sabalo, Pasaka jokoan ari zen eta hemen ere, hoberenetan zen. Jats-ek, beren luzeko azken partida, Miarritze  Agilerako arrabotean egin zuen 1912an. Ordukotz, 50 urtez goiti zituelarik. Artean, ostaler aberats bat bilakatua zen eta, Jean Sabalo-taz  erraiten zen, gizon xuxena zela, aita familiako ona eta hunen buru aipagarria. Hiru alaba eta bi seme  ukan zituen ; zorigaitzez, azken bi hauek hamalaueko gerlan hil izan ziren. Dohakabe izigarri huntarik, ez zen atera Jean Sabalo. Bizi undarra aurpegi trixte batekin iragan zuen. Ardura ikusten zen, bere Jastea ostatu sahetsean zuen alki batean jarria, pipa bat ahoan, pentsaketetan galdua.  1927an, hil zen, apirilaren 16 an, 68 urte zituen.
Errana dugu, Jastea ostatuaren jabea zela Jean Sabalo eta jendeak kondatzen zuen, egun batez ikusi zutela, Jats, 225 pintako, 4 Bordales Barrika deskargatzen, berak, xaierat eremaiteko.  Bertze ixtorio pollit bat ere kondatzen da oraino Hazparne huntan, ikaragarriko indarraren jabe zen   gizon huntaz. Hau kondatuko dautzuet orai, emankizun hunen bukatzeko.
  Aldi batez, Noblia deitzen zen gizon bat bazen, Jats-tea ostatuan ohidurak zituena. « Karrosa » zuen izen goitia eta ardura moxkortzen zen. Zorigaitzez, moxkortuta, gaixtatzen zen eta kalapita sortzen zuen ardura, Jats-teko ostatuan. Aldi hartan ere, « Karrosa », moxkorra, kalapita xekatzen hasi zen eta bet betan, Jats-ek, leiho berinak idekirik, galtz ipurditik hartu zuen « Karrosa » eta leihotik bertzalderat, bide gainera pasatu. Ostatuko nagusiaren egiteko manera hunek, gaitzitu zuen Karrosa eta hau, karrikatik oihu egiten hasi zen erranez :" Auxe da ixtoria, Karrosa kanpoan eta astoa barnean !».
Huna beraz Jats,Hazpandar pilotari famatuaren ixtorioa. Herriko Etxe barnean, itxura, harrian xixelkatua ikusten ahal da, sartzeko lehen barne hortan. 

Jean Errachun « Kaskoina »

1817-an sortu zen," KASKOINA", Hazparne Oihartirian ; Kattalin Borda eta Salvat Errachun zituen burrasoak. ERRACHUN izen horrekin sortua bazen, DARRITCHON zuen izena hil zenean  eta ez ERRACHUN. Hau, Euskalduna ez zitaiken  grefier baten bitxikeria bat, dudarik gabe.
 Hazpandarra zen beraz, " Kaskoina", eta  Pesarrun izan zen  mutil, « Lirette » deitu etxe batean.  Berriz herrirat etorri zenean, izen goitia eman zakoten  « Kaskoina », hain xuxen, kaskoinen etxean egon aldi hori egin zuelakotz.
Jean Errachun,  xixterarekilan pilotari famatua izan da. Ez ziren oraiko xixtera luzeak, ordu heietan, baizik, Pasakako xixtera motzak, luzeko partidetan botariak eta marralariak baliatzen dituztenen berdinak. Gizon zalua zen ; erraiten zuten, Pasaka jokoan den erdiko sarea, zangoak tink dautziten zuela.
Hazpandar pilotari haundi hunek, balentria gaitza egin zuen, Iruneko partida famatu batean. Egun hartan, Kaskoinak baliatzen zuen  xixtera, Perkain pilotariarena  baino poxi bat luzeagoa omen zen ; pilotak ere, 113 gramakoak ziren eta eskukoaren lotgarria, larruz estalia zen,  errien pasatzeko zilo batzuekin .  Eskuko horiekin, xuxen jo behar zen pilota, edo, "xirrixt"  egin. Ez zitaiken pilota doi bat ere atxikitzen ahal xixtera barne hortan, hau,  arrunt planua izankiz, oraikoak ez bezala. Kaskoinaren eskuko hori, edo xixtera hori, Baionako Euskal erakustegian ikusten ahal da oraino.
Erraiten ginuen beraz, Kaskoina ezagutua izan dela Euskal Herri guzian, Irunen egin zuen partida aipagarriaren gatik. Ordu haietan, 1846-an, Euskaldunek nasaiki pariatzen zuten pilota partidetan eta desafio  asko moldatzen ziren  pilota plazetan; orduko bizitzeko manera bat zen ohiduretan barna sartua zena. Ez zen bakarrik pilota jokoan desafiatzen, bainan ere, arto xuritzetan edo ogi joitetan; indar joko asko ere baziren eta hauetan, elgar desafiatzen zuen jendeak. Bainan, pilotan zen, diru asko jokatzen. Partidak urririk ziren eta errana da, desafio bat pilota partida batean zelarik, jendea etortzen zela berdin 20 kilometro inguruetarik oinez, Herriaren ohorea jokatzen zen partida horietarat eta  hauetan, nasaiki pariatzerat. 
Jin giten beraz Iruneko partida hortarat. Gipuzkoan, bazaukaten pilotari famatu bat, Tripero deitzen zutena. Lesakako Erretorak, gogoan hartua zuen, Tripero huni leitzone baten emanaraztea; zergatik ? ez dakigu, segur bere arrazoiak zituzkela. Apez hunek jakina  baitzuen, Hazparneko pilotariaren omen haundia, bere Apez lagun bati, Bastaneko Joakin Gamio Apezari,  galdegin zaion, Kaskoina bil zezan desafio hunen egiterat. Kaskoinak, galdeari ihardetsi zuen, bainan berak, bere pilotari lagunak hautatzekotan. Hau onartua izan zaion eta hartu zituen : Dominique Harriague, Hazpandarra, botean; Saint Jean eta  Dominique, Ezpeletarrak eta Joakin Gamio Apeza, -hau, hainbait galdegina izan zaion fagorea-.


 
Partida, 1846-eko agorrilaren 12 an egin zuten. Partida eguna baino hiru egun lehenago, Euskal Herri osotik etorri zen jendea, autoz, oinez, orgetan edo zaldi karrosetan. Irun, ttipiegi zen ororen kokatzeko; nun nahi, oihal etxeak ezarri zituzten, arrabotaren inguru guzian, gauaz, jendearen aterbetzeko. Pario gaitzak izan ziren; errana izan zen ere, Baionako Judu aberatsek egin zituztela  pario haundienak Kaskoinaren alde.
Hor pariatu zituzten, berantxago bilduko zuten  arto errekoltak,  ardi tropa batzu, zaldi eta bertze. Gipuzkoarrek galdu omen zituzten,  gainerat,  mando karga oso bat diru,  idi pareak eta xerri andana bat. Kondaria, Villabonakoa zen, hain xuxen, -geroztik herri hortako luzeko pilotariekin hartu eman asko izan ditugu, ainitz urtez, Hazparneko Noizbaitekilan-.  “Haize zoro batek hartu ditu Euskaldunak” idazten zuen Havre-ko Frantses egunkari batek. Partida, Kaskoinak ereman zuen, bainan ez hain aise, azken jokoan ados baitziren Gipuzkoarrak eta Lapurtarrak.
Kaskoinak, ez omen zuen usaiarik partidetarik landa, irabazdun zelarik, pesta egiteko, bainan aldi huntan, berexkuntza bat egin zuen eta Baionan gelditu zen  zenbeit egun, parioen irabazdunekilan, irabazte horren ospatzeko. Errana izan zen, Mayi Luixa,  bere espos lagunak, gibelerat jiten ez ikustea gatik, oinez juan zela Paxkoenetik -Kaskoinarenbordatik segurrago-, Baionarat, bere haur gaztea besoetan. Harat orduko, Kaskoina hirian zagola entzun zuen eta izialdura kasaturik, berriz etorri zela Hazparnerat, Kaskoina etxerat etorri aintzin. Ordu haietan, Kaskoinak, 32 urte zituen. Haindik eta zenbeit urteren buruan, berriz irabazi zuen Gipuzkoarren kontra, 1851-an, aldi huntan, Urruñan. Alta, zazpi eginahalak eginak zituzten, Kaskoinaren kontrakoek, partida hori eremaiteko. Kaskoina, beti danik untutsik ari zen pilotan. Gipuzkoarrek, somier itze buru xabalak berduratuak zituzten plazaren gainean. Bainan, Kaskoinaren zango azpiko larrua, zura bezain gogorra zen, untutsik pilotan artzeko usaia haundiari esker eta horren gatik, partida irabazi zuen. Hazpandar pilotari famatua hil zen (3 urtetan, 1859-ko, urriaren 24 ean, Tiphus gaitza ukanik.
1948-an,  Edouard Harriague, pilotako Federazioneko hazpandar arduradun batek erabaki zuen, Iruneko partidaren 100 garren urtemuga ospatzeko, luzeko partida baten antolatzea, orduko pilotari hoberenekilan. Meza nagusia, luzeko partida eta bazkaria izan zuten. Aratsaldean, berriz arraboterat itzul ziren oro, bertze partida batzuen ikusterat, Donostiako Orfeon omentsua hor zagola, bere 90 soinulari  eta kantariekin. Egun gaitza eta orroitgarria izan zela, errana izan zen.
Ixtorio hunen kondatzen abiatu naizenean, erran dautzuet, “Kaskoina”, Jean ERRACHUN sortu zela, eta Jean DARRITCHON hil. Ixtorio ikertzaleek pentsatzen dute, Kaskoinak, bere semea sortu zaionean, eta Herriko Etxean ezagutarazi zuenean, Grefierak gaizki ulertu zuela izena eta aita semeeri DARRITCHON idatzi ziotela. Kaskoinak ez baitzakien, ez irakurtzen ez idazten,  ez zen deuseri ohartu.
Huna beraz, Kaskoina, pilotari haundi huntaz dakigun ixtorio laburra. Helduden aldian aipatuko dugu -Jean Sabalo « Jats »- bertze Hazpandar pilotari famatu bat.